Teknologia albisteak
4

Urtebete minbiziarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-09-11 : 13:09

Gaur, irailak 11, urte bat beteko da minbizia aurkitu zidatela. Denbora luzea aukeran. Hala ere, pozik nago, uda honetan hezur-muineko transplantea egin didatelako. Gogorra izan da, baina merezi izan du.

Uztailaren 20an egin genuen Santander aldera. Automobil berean, lau lagun: Fatima arreba eta emaile izango zena, Mikel koinatua, Bego emaztea, eta laurok. Fatima eta Mikel jarri zituzten Valdecilla ospitaleko eraikin berrian, diseinu aldetik benetan distiratsua. Gu, berriz, eraikin zaharreko 9. solairuan, hematologian, Santanderko badiari begira.

Gaixotasun alua

Gau hartan bertan bi mediku gazte agertu zitzaizkigun gelan, Arantxa eta Lucrecia, gaixoa ezagutu eta lehen harremana egiteko gertu. Arantxak argi azaldu zigun kontua: “gaixotasun alua duzu, Joxe, mutatzeko ahalmen handia duelako. 85 urte bazenitu, horrek ez lizuke bizirik kenduko, baina zure adinean, urte batzuk kenduko lizkizuke, baldin eta tratatuko ez bagenu”.

Ordu erdi-edo hitz egin genuen, garbi, eta mini-alotransplanteaz galdetu nionean, esan zidan: “hogei bat urte bazenitu, transplante normal bat egingo genizuke, baina zuk 50 urte dituzu, eta horregatik egingo dizugu beste transplante mota hau. Mini-alotransplantearekin gauzak astiroago joaten dira. Hori dela eta, sei hilabete beharko dituzu transplante normala egin duen baten egoera berera iristeko. Beraz, pazientzia”.

Fatima, txapeldunen pare

Fatima prest zegoen, eta gogotsu, lehenbailehen hasi eta amaitzeko. Bost bat egun lehenago hasi zen injekzio batzuk ipintzen sabel inguruan, bi helburu zutenak: batetik, bizkortzea zelula amen produkzioa bere hezur-muinetan; eta bigarrenik, ateratzea zelula ama horiek hezur-muinetik odolera, ondoren errazagoa izan zedin zelulok harrapatzea. Egun horietan mokorra izan zuen minbera eta buruko min apur bat ere egin zitzaion.

Eguna iritsi zenean, uztailaren 21a, Fatima ohe batean etzan zuten, bere gelakoan, eta transfusio bat balitz bezala, odola ateratzen hasi zitzaizkion beso batetik eta berriro sartu bestetik. Tartean makina bat zegoen, bereizten zituena hezur-muinaren zelula amak. Lau orduren bueltan, atera beharreko guztiak atera zioten. “Txapeldunen pare portatu zara”, esan zion Andres Insunza mediku euskaldunak.

Lehen astean, kimioa hartzen

Fatima eta Mikel egun hartan bertan itzuli ziren etxera. Nik, ostera, lau aste egingo nituen eritetxean.

Lehen astean proba batzuk egin eta kimioa hartzen egon nintzen. Egun horietako kimioterapiak helburu bat zuen: indargabetzea nire hezur-muineko zelulen sistema inmunea. Horrela, arrebaren zelula amak sartzerakoan, hauek ez zuten erresistentziarik aurkituko nire zelulen partetik. Bestela, desastre bat gerta zitekeen.

Artean ez nuen kimioaren eraginik igartzen eta, egia esateko, lasai asko ibili nintzen: Tourra ikusi egunero, irakurri, bisita batzuk jaso eta beste bisita batzuk egin.

Bi aste bakartuta

Uztailaren 27an, ordea, kimio gehiago eman eta sartu egin ninduten gela berezi batean, erabat bakartuta. Ordurako, noski, nire defentsak beheratzen hasiak ziren, kimioaren eraginez, eta horregatik bakartzearena, infekziorik harrapa ez nezan.

Sei bider lau metroko gela hartan ohea, mesanotxea, aulkia eta mahaitxo bat neuzkan. Eta zarata etengabe bat, haize sistema berezi batek eraginda. Leiho batean, Santanderko badia ikus nezakeen eta beste batean, bisitak.

Hamabost egun egin nituen han. Erdia-edo ondo samar igaro nituen, arazo handirik barik. Gainerakoak ez hain ondo, kimioaren eraginez batzuetan eta kateterrean izan nuen infekzio batek eraginda besteetan, infekzioak sukar handiak eragin zizkidan-eta hainbat egunean.

Baina infekzioa izan zen anekdota hutsala nolabait esatearren, nahiz eta amorragarria gertatu. Zeren gauzarik inportanteena, transplantea, oso ondo joan baitzen. Egin zidaten uztailaren 29an, goizeko 10:30etan. Ordu erdian sartu zizkidaten Fatimak emandako zelulak, hiru poltsa, transfusio bidez. Abuztuaren 11n, handik atera ninduten arte, transplantea oso ondo joan zen, bat ere arazorik gabe.

Askatasuna!

Hitz horixe idatzi nuen neure koadernoan gela berezitik atera nindutenean, sentitu bainintzen kartzelaldi bat bukatu banu bezala. Bego hantxe zegoen eta estu besarkatu nuen, malko artean. Izan ere, azken egunak luze egin zitzaizkidan, kalenturak egur galanta eman zidan eta.

Beste gela honetan zortzi egun egin nituen, horietatik bost sukarra kendu ezinik. Hala ere, banuen gelatik irteteko aukera, paseatzeko eta bisitak hartzeko. Kalentura menderatu eta hirugarren egunean, etxera bidali ninduten. Hogeita hamar egun justu egin nituen ospitalean.

Gaixo euskaldunak

Valdecillako ospitalean egon naizen denboran transplantea egiten izan garen guztiak euskaldunak izan gara. Carlos Arrigorriagakoak 38 urte ditu eta mieloma bat osatzen ari da. Ramon Usurbilgoak, berriz, 43 urte ditu, eta hau leuzemia tratazen ari da.

Ahal izan genuen denboran elkarri bisita egin eta animoa ematen genion. Hirurak, gainera, txirrinduzaleak izaki (Carlos Iban Mayoren herrikoa da izatez, eta Ramon, Haimar Zubeldiarena), bagenuen beste zertaz hitz egin.

Eta gure ondoan beti izan ditugu Bego biak eta Edurne, hiruron emazteak. Zenbat ordu eta zenbat nahigabe igaro dituzten gure ondoan! Eurek eta gainerako familiartekoek erakutsi digute zein garrantzitsua den familiaren babesa.

Zaindu beharrekoak

Orain etxean nago, Elorrion, baina astero joan behar izaten dut Valdecillara, kontrolak egitera. Eta hemen nagoenean ere, hainbat gauza zaindu behar izaten dut, batez ere erretxazo kontuak. Organo bat transplantatu ostean, beti gerta liteke organo berriak ez onartzea gure organismoa, edo alderantziz. Erretxazo hau hainbat modutan ager daiteke:

  • Mantxak azalean. Niri agertu zaizkit gorriuneak gorputz osoan. Medikuak pozik daude, hala ere, apal samar agertu direlako. Haiek diotenez, kasu honetan zelula berriek eraso egin diote nire azalari, baina aldi berean badakite ezer geratu bada nire gorputzean hasierako gaixotasunetik, erretxazo honek ere hil egingo duela.
  • Kolorea aldatzea. Nire azalak kolore horiska hartzen badu, seinale zelula berriek eraso egin diotela gibelari. Eta hori arriskutsua izan liteke.
  • Beherakoak. Beherakoak izanez gero, berriz, esan nahiko luke hesteak izan direla erasotuak.
  • Sukarra. Honek salatuko luke nire baitan zerbait ez dabilela ondo.

Hauetako kasuren bat agertuz gero, deitu egin beharko nuke Valdecillara, kontsulta egiteko. Eta litekeena da medikuek horrela eskatuz gero, hara joan behar izatea lehenbailehen. Zorionez, baina, oraindik ez da horrelakorik gertatu, eta espero dezagun ez dela gertatuko. Bien bitartean, egunak aurrera joan ahala, igartzen dut indarberritzen ari naizela.

Urtebete igaro da, bai, linfoma aurkitu zidatenetik. Oraindik ez nago erabat osatuta, baina bide onean noa.

Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.

  1. Medikuak esan dit minbizia dudala.
  2. Eskerrik asko denoi ospitaletik!
  3. Hasi naiz kimioterapian.
  4. Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
  5. Burusoil baten memoriak
  6. Berri onak: tratamendua aldatu didate
  7. Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
  8. Neuk ere hartu dut EPO
  9. Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
  10. Nire hezur-muina garbi dago
  11. Santanderrera noa, transplantea egitera

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2003-09-11 : 14:42

Joder, Joxe!

Zu bai mutila. Lortzen ari zara horratik! Eta gu denok, Wimbledon-eko final batean baino emozionatuago. Konparazio friboloa da, badakit, baina zure borrokaren jarraitzaile egin gaituzunez ezin kendu gainetik iuskizunaren sentipena. Diferentzia handi batekin: bizia eta heriotza ari direla jokoan, eta gu pozarren, bizia irabazten ari dela-eta.

Animo, gutxiago falta zaizu-eta.

X.M.E.

Luistxo
2003-09-11 : 15:13

>

> - *Mantxak azalean.* Niri agertu zaizkit gorriuneak gorputz osoan.



Mendiko txapeldunaren maillota! aupa txanpion!

Gurutze Irizar
2003-09-12 : 15:12

ZORIONAK, ZORIONAK ETA ZORIONAK.

Urte bete pasa da, eta borrokan gogor egin ondoren, gauzak beste modu batera ikusten dira.... Portau zea!!!!!!!

Besarkadak gu denon partetik



Joxemari Muxika
2003-09-13 : 00:00

BEJONDEIZUELA!





Borrokaren aldi honetan itxaropenez joan hintzen,



baina nik nire zalantza eta beldurra ere banian.



Borroka irabazten ari haiz, ari zarete eta orain ia



nire zalantzak uxatu zaizkidak. Zorionak.



Urte urrena bete denez, lehenbait osatu, indartu



eta urteaskotarako.



Aurki arte.



Joxemari







Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu