Anjel Lertxundi eta Internet
Badirudi Anjel Lertxundiri ez zaiola gustatzen Internet. "Internet ere ez da konponbidea, Interneteko anabasan ez baitago inolako irizpiderik", idatzi du idazleak Argian. Harritu nau, ze teknofilo zorrotza delakoan nago...
Iritzi artikulu interesgarri eta luzea dakar azken Argiak. Besteak beste, jakintza entziklopedikoa eta entziklopediak aipatzen ditu idazleak. Jakituria entziklopedikoa gaur egun eskuratzea zein zaila den. Eta zera dio Lertxundik: "Gaur ez da posible dena jakitea, inozoenari ere ez zaio bururatzen dena altzoan hartuko lukeen jakituria zirkular batean sinestea. Internet ere ez da konponbidea, Interneteko anabasan ez baitago inolako irizpiderik."
Harritu nau Lertxundik horren ezkor ikustea Internet. Bere ikuspegi humanista ez da teknologiarekiko fobiarekin nahastu orain artean. eGipuzkoa ekimenaren aurkezpena egin zuen, adibidez, Foru Aldundiarentzat iaz. Eta liburuetan eta orain Berria egunkarian duen zutabetxoan behin baino gehiagotan aipatu ditu ordenagailueekin gertatzen zaizkion anekdotak. Azken aldi honetan, Xuxen zuzentzaileak egiten dizkion trastadak aipatu izan ditu behin baino gehiagotan. Trastada informatiko horiek, gainera, hitz-jokoetarako eta okurrentzietarako eman izan diote gaia. Alegia, oker informatotik, literatura sortu izan du.
Eta, hortaz, Internet anabasa dela egia izanik ere, handik jakintzarik edo literaturarik edo holakorik sortzeko aukera baztertzea... jakituria konpletoaren giltza ere ez da, jakina, baina kakapilo hutsa ere ez. Bilatzen dakienak aurkitzen du. Etsenplu egoki bat, Argia-n bertan Pello Zubiriak idatzi ohi duen Net Hurbil atala. Etxetik, munduan zehar kazetari dabilkigu Pello, orain Cancungoarekin, bestean kafearen prezioen kontuekin... Anabasa irizpidegabean, irizpide apur bat duen norbait sartzen denean, badago zentzurik ateratzerik.
Bestetik, selekzio naturala ere, darwinismoa, prozesu itsua da, irizpiderik gabea, eta hala ere, naturaren aniztasun ederra sortzeko balio izan du.
Baina, bueno. Horrez gain, zein ondo idazten duen gizon honek. Eta behar ditugun gauzak esateko gainera.
Erantzunak kargatzen...