Sustatu logoa Teknologia albisteak

Julen Lekuona hil da

Sustatu
2003-07-20 13:07

Berria egunkariak dio zangoetako tronbosi bat zuela eta horrek eraman zuela Poliklinika eritetxera, Donostian. Hala ere, itxura guztien arabera, Julenen heriotzak ezustean harrapatu du haren familia. Alarguna eta bi seme-alaba utzi ditu.

Ez Dok Amairuko kide

Oiartzunen jaio zen Julen, 1938an, Lekuonatarren familian, euskal kulturan itzal handia izan duen familian. Izan ere, Manuel Lekuona euskaltzainburuaren iloba zen, eta Juan Mari euskaltzainaren nahiz Andoni nekazari eta sindikalistaren anaia.

19960an agiri bat sinatu zuen beste 300dik gora apaizekin batera, Francoren gobernuari askatasun handiagoa eskatzen. Hori zela eta, Aizpurutxora eraman zuten abade, Urretxu eta Azkoitia artean dagoen auzo batera.

1963an kantatzen hasi zen, euskaraz. Eta handik bi urtera, 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta beste askorekin batera, sortu zuen Ez Dok Amairu taldea. Zazpi urtez aritu zen talde hartan, harik eta barruko eztabaidak zirela medio, taldea desegin zen arte.

Ondorengoak

Ondoren, baina, disko bat grabatu zuen Xabier Lete eta Antton Valverderekin batera, Bertso Zaharrak, zeinak oihartzun handia izan baitzuen euskaltzaleen artean, aspaldiko bertsolarien lanak jasotzen zituen-eta, kantu bidez.

Apaizgoa utzita, Kontxita Rekalderekin ezkondu zen. Senar-emazteek bi seme-alaba ekarri zituzten: Aritz eta Oihana.

Julen Lekuonaren kantuak ezagun egin ziren Euskal Herrian, batzuetan berak kantatuak eta bestetan beste batzuen ahotsetan. Bereak dira Hiltzaile Bat Bezala, Eliza Pobrea, Martin Luther King, eta Ez, Ez Dut Nahi, besteak beste.

Itzulpen lanak ere egin zituen franko. Berak euskaratu zuen Tennessee Williamsen Kristalezko Zooa izeneko antzerkia eta Priestleyren Ertzaina Etxean.

Azken agerraldiak

Azken aldi honetan ez omen zebilen osasunez oso ondo, baina udaberrian bi aldiz agertu zen publikoan: Pello Zubiriaren alde Donostian egin zen O Pello, Pello kantaldian eta Usurbilen, Jesus Artzeren aldeko erakusketan.

Bihar, astelehena, goizeko 11:00etan lurperatuko dute Julen Lekuona Oiartzungo hilerrian. Haren aldeko hiletak, berriz, arratsaldeko 19:00etan izango dira, San Esteban elizan, Oiartzunen bertan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu