Jorge Oteiza bizi da. Indartsu dabil gainera, 12 tonako eskulturak ekoizten forjan. Bistan dago, haren obrak inauguratzen jarraitzeko eragozpena ez dela izango bere heriotza teorikoa (Irungoa da azken adibidea). Egipton ere, artista orijinalak hil eta urte batzuk igaro direnean, alabastrozko kakalardoak ederto saltzen dira. Gora euskal artista inmortala!
Duela hilabete batzuk, apirilean, Jorge Oteiza hil zenean, pronostiko bat egitera ausartu nintzen parte hartzen dudan foro batean, Eibartarrak posta-zerrendan. Mezu bat bidali nuen bertara honakoa esanez (euskara batura ekarrita orain):
Oteizaren obra bat daukagu Eibarren. Plaza Merkauan, Txopitearen omenez edo.
Oteizak hori eta holako beste dozenerdi bat "sortu" eta "inauguratu" izan ditu, 90 urteak pasatuta, Gipuzkoako bazterretan. Batzuen dotoreziaz dudak egon daitezke (Eibarkoa ez zait batere gustatzen), baina beste batzuk ederrak dira, Donostiako Paseo Berrikoa, adibidez.
Gizonak 90 urte bete ondorengo prozesu kreatibo harrigarri honen inguruan, nik uste dut hiru klabe daudela:
Ez dut uste Oteiza hil izanak hiru faktore horien gainean eragin zuzenik dakanik. Hemendik aurrera be obrak inauguratzen segidu leike Oteizak, lasai asko.
Ba oraintxe, pronostikoan asmatu nuela nolabait ikusi dut. Joan den astean inauguratu zen Irunen Jorge Oteizaren "Arista hutsa" izeneko eskultura, Irungo Justizia Jauregiko plazan. 12,5 tona eta 7,40 metroko garaiera duen eskultura honengatik 60.000 euro (pezetatan zenbatuta, bai prezio biribila artelan batentzat!) ordaindu ditu Irungo Udalak.
Prentsako erreferentzia bat Irungoaz.
Kontuan hartzekoa da, bestalde, Oteizak 50ekoen hamarkadan utzi ziola eskultura egiteari, publikoki hala iragarrita, gainera, eskulturaren gailurra jo zuela eta gehiago ez zuela egingo. Azken 10 urteetan inauguratu diren monstruoak, politak ala zatarrak, dira klarioneko duela 50 egindako modelo txiki batzuen estrapolazioak, tratante batzuek abilezia handiz saldu eta burdina monumental bihurtu dituztenak.
Eta horixe da dena. Esku gainean kabitzen zen artista baten modelo baten kopia, beste eskala batean, beste esku gazteago batzuek egina.
Azken batean, Egiptora doazen turistei, gauza bera saltzen diete. Alabastrozko kakalardoak, artista zahar batzuen ereduari jarraituz, esku gazteagoek eginak. Sikiera alabastrozko kakalardoak eskala berean saltzen dituzte, gehienetan autentikotasun asmorik gabe, eta erregateoa gora-behera, zentzuzko prezioan.
Erantzun
Sartu