Teknologia albisteak
3

Kulturaren Euskal Plana eta Biblioteka Nazionala

Erabiltzailearen aurpegia
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia - Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia
2003-07-16 : 12:07

Eusko Jaurlaritzak abiatutako Kulturaren Euskal Planaren barnean Liburutegien lan-taldean parte hartu eta ekarpenak egiteko aukera izan du Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak. Plana, hobekkuntzarako dinamika esperantzarekin ikusi nahi dugu.

Eusko Jaurlaritzak abiatutako Kulturaren Euskal Planaren barnean Liburutegien lan-taldean parte hartu eta ekarpenak egiteko aukera izan du Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak (Euskarak eta Euskal Ondare Bibliografikoak dituzten arazoen diagnostikoa egin eta konponbideak lantzeko helburuz, Euskal Herriko hainbat liburuzain eta dokumentalisten artean 1997an eratutako mintegia ). Talde-lanean aritzeko metodologia desegokia eta parte hartzaileen artean hutsune nabarmenak ikusi arren, planarekin sortutako aldaketa eta hobekuntzarako dinamika esperantzarekin ikusi nahi dugu.

Errealitate geografikoa eta linguistikoa kontutan hartuko duen Biblioteka Nazionala

Planarekin ikuspegi politikoen tentsioak gaindituz Kulturaren eremua lan-eremu ireki eta plurala izatea nahi den bezala, Mintegi honek ere xede berbera du liburutegien esparruari dagokionez; gure ustez, globalizazioaren garai honetan, Euskal Ondare Bibliografikoaren babesa eta hedapena egiteko, ezinbestekoa da ondare horri dagokion errealitate geografikoa eta linguistikoa kontutan hartuko duen Biblioteka Nazionala sortzea. Euskal Biblioteka Nazionala ez da proposamen politiko bat, teknikoki egin daitekeen proposamen egokiena eta eraginkorrena baino. Proposamen honi eman ahal zaizkion kontrako argudioak ez dira teknikoak, bestelakoak baino, eta bigarren mailara pasatzen dituzte kulturaren premiak eta beharrak.

Biblioteka Nazionala Euskal Bibliografia egiteko

Biblioteka Nazionala behar dugu, Euskal Bibliografia egiteko (nork eman behar dio bestela segida Jon Bilbaoren lan erraldoiari?), euskarazko katalogaziorako oinarriak eta ereduak sortuko dituen Agentzia Katalografikoa eratzeko, Euskal Herriko liburutegien arteko sarea ezarri, planifikatu eta koordinatzeko, ... azken finean hiritarrari, hau da, ondare bibliografikoaren erabiltzaileari nahiz sortzaileari, oinarrizko zerbitzuak eman ahal izateko eta nazioarteko erakunde guztiek eskatzen duten Herriaren Ondare Bibliografikoaren babesa eta zerbitzua eskaintzeko. Oinarrian izango duen legedia eta araugintza egin beharko dira, eta lan guzti honen jarraipena eta etorkizuna bermatzeko euskal bibliotekonomiaren unibertsitate-ikasketak sortu beharko dira.

Teknologia berriak tresna hartuta, ez helburu

Ezagutzaren Gizartearen zimenduen parte diren liburutegien antolaketa eta garapena bermatzeko nahitaezkoa da Teknologia Berrien erabilpen eta garapena, baina ez gaitezen teknologian oinarritutako proiektu birtualekin itsutu; teknologia berriak lan-tresna dira, lan-tresna garrantzizko, hori bai, baina ez helburu. Euskal Ondare Bibliografiko digitala edo digitalizatua Ondarearen zati bat besterik ez dira: Euskal Ondare Bibliografikoa edozein euskarritan dagoen dokumentuek osatzen dute, eskuizkribu, inkunable, inprimaki, zinta, disko, bobina, paper, papertxo eta webguneek.

Lanean hasi eta kalitatezko zerbitzua eskaini

Beste herrialdeekin konparatuz, biblioteka sistemaren eta biblioteka politikaren diseinuan hain atzeratuta egon arren, inoiz ez da berandu, eta gaur egungo teknologiek eskainitako erraztasunez gain, atzerapen honek beste abantaila handi bat emango digu: beste herrialdeetan lehenago egindako akatsengandik ikasi eta kalitatezko proiektu bat eraiki ahal izango dugu. Euskal Ondare Bibliografikoak behar du eta hiritar guztion eskubidea da. Lanean hasteko garaia da.

Erantzunak

Juan Garai
2003-07-16 : 20:01

Barkatu atrebentzia. Biblioteka nazionala zer da, Kursaala moduko eraikin handi-handi bat eta han gure kulturako liburu guztiak?



Juan

Ana Alvarez
2003-07-17 : 11:11

> Barkatu atrebentzia. Biblioteka nazionala zer da, Kursaala moduko eraikin handi-handi bat eta han gure kulturako liburu guztiak?

>

> Juan



Biblioteka Nazionalari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero klik hemen:



http://www.eibar.org/joana-albret/gogoetak.htm

Luistxo
2003-07-17 : 14:37

Gaur BOPV/EHAA buletinean:


LEHIAKETA PUBLIKOA, prozedura irekikoa, Euskal Liburutegi eta
Artxibo Nazionalaren egoitza izango diren azpiegiturak
planifikatzeko kontuan hartu behar diren faktoreak aztertzeko eta
baloratzeko eta arlo horretan jarduteko proposamenak eta irizpideak
formulatzeko ikerlana kontratatzeko dena (Esp.: K-27/2003).


Joana Albret Mintegiak:


> ...baina ez
> gaitezen teknologian oinarritutako proiektu > birtualekin itsutu;
> teknologia berriak
> lan-tresna dira, lan-tresna garrantzizko, hori bai, baina ez helburu.


Nik ez dut ondo ulertzen gaurko EHAAko deialdi hori, baina itxura da "harrizko etxe bat" eraikitzeko laguntza kontratatu nahi dutela... Pliego bat omen dago ej-gv.net atarian, baina aurkitzeko modurik ez dago. E-postaz ere ez dute bidaltzen, eskatu ezkero.


Nire inpresioa da, praktikan, gaur eta hemen, teknologia ez dela ez
tresna, ez helburu, ez kristo. Berba hutsala, zer esan nahi den
jakin barik botatzen dena.


Erantzun

Sartu