Teknologia albisteak

UEUko 3. zikloko ikastaroetan izena eman dezakezu!

Erabiltzailearen aurpegia
Idoia Torregarai - UEU
2003-07-03 : 11:07

Master bat, bi Espezialista titulu eta Doktorego programa bat izango dira UEUk hirugarren zikloan egingo duen eskaintza, guztiak ere EHUk balioztatuta. UEUrentzat jauzi kualitatibo eta erronka handia suposatzen du honek, bere esparruak zabaltzeko aukera handia delako. UEUren Eibarko Ikastetxe Nagusian (Markeskoan) emango dira ia klase guztiak.

Udako Euskal Unibertsitateak duela bi urte eman zuen titulazio ofizialen bidetik lehen pausoa, eta datorren ikasturtean bide hori sendotzen joan nahi du.Izena emateko epea irailaren 15ean amaitzen da.

Aurkezpen honetan Xabier Isasik, UEUko zuzendariak; Ainhoa Latatuk, UEUko 3. Zikloaren arduradunak; Kepa Sarasolak, Hizkuntza Teknologiak (HIZTEK) Master eta Espezialista tituluaren zuzendariak; Agustin Erkiziak, Herri Erakundeen kudeaketa (HEREKU) Espezialista tituluaren zuzendariak eta Txema Ramirez de la Piscinak, Euskal Herria XXI Doktorego programaren zuzendariak parte hartu dute.

Xabier Isasik UEUk gaur hemen aurkezten duen eskaintzak berebiziko garrantzia duela adierazi du: UEU 30 urtetan dabil hezkuntza jarduera desberdinak euskaraz ahalbidetzen, euskara eta unibertsitate munduak elkarrengana hurbiltzen. Kultur elkartea izanik, UEUk ezin du titulazio ofizialik eman, baina UEUn biltzen den komunitate zientifiko eta intelektualak badu nahikoa ahalmen, ilusio eta berme goi-mailako eskaintza egiteko. Horregatik, eta bilgune lana egin eta sinergiak biltzea direlarik gure helburu garrantzitsuenetakoak, poztekoa da EHUren elkarlanarekin batera gaur hemen aurkezten dizuegun eskaintza honen berri ematea. Bide luzea da jadanik UEUk egin duena, eta oraindik ere egiteke dagoena ere ez da makala. Hala ere, udako ikastaroak antolatzetik gaur egun urte osoko jarduera eskaintzera pasa gara, eta hau gutxi balitz, hirugarren zikloko programak, titulazio ofiziala dutenak, alegia, ere antolatzen ari gara. UEUrentzat honoko hau jauzi kualitatibo handia da, esparru berri honetan ere gure lana punta-puntakoa dela frogatzen ari garelako. Horregatik bide honetan sakontzen jarraitu nahi dugu.

Ainhoa Lataturen esanetan, UEUk goi mailako aditu euskaldunak sortzeko beharrizana betidanik ikusi du, eta esparru hori betetzen saiatzen da egunero. Titulazio ofizial bat eskaintzeko aukera aztertu eta egitea posible ikusi genuenean aurrera egin genuen dudarik gabe, aukera paregabea zelako. Eta esan beharra dago gure eskaintzak (EHUk balioztatuta), sekulako harrera ona eta jarraipen ona izan duela bi ikasturte hauetan. Latatuk goi mailako formazioan sakontzea UEUrentzat ezinbestekoa dela adierazi du.

Hainbat arrazoi medio:

  • Edozein graduondoko gizarteak planteatzen dituen behar eta kezkei erantzuteko asmoz sortzen delako. Bai eduki aldetik eta bai hizkuntza aldetik.
  • Oraindik euskarazko eskaintza oso urria delako maila honetan.
  • Aditu euskaldunak sortzen dituelako.
  • Goi mailako aditu euskaldunen lan merkaturatzea ahalbidetzen duelako, gizarteak planteatutako bi kezkei irtenbidea emanez.

UEUko 3. Zikloko arduradunak azaldu duenez, UEU etorkizunera begira dago titulazio ofizialei dagokienez, indartu beharreko alorra dela ikusten baitu. Hori dela eta, gaur egungo eskaintza sendotu eta gizarte esparru zabalago batetan eragitea sustatuko du UEUk alde batetik; eta bestetik, beste unibertsitateekiko elkarlana zabaltzen ere saiatuko da.

Ondoren, Kepa Sarasolak, Agustin Erkiziak eta Txema Ramirez de la Piscinak Master, Espezialista titulu eta Doktorego programaren xehetasunak eman dituzte. Izena emateko epea irailaren 15ean amaitzen da. Hauei buruzko informazio guztia honoko helbidean topatu dezakezue: ueu.org

Erantzun

Sartu