Teknologia albisteak

Gero arte, Ibainet!

Erabiltzailearen aurpegia
Ibainet Kultur Elkartea - Ibainet Kultur Elkartea
2003-07-02 : 11:07

Oarsoaldeko Informatikararko Euskal Guneak bere ateak itxiko ditu uztailaren 18an. Egitasmoaren helburua bizirik mantenduko den arren, datorren irailean ez ditugu gure ateak zabalduko. Hau dela eta gure ordenadore eta zenbait konponente salgai jarri ditugu. Bigarren eskuko material honekiko interesa duen edonor gurekin harremanetan jar daiteke.

1998ko urtarrilean ekin genion gure egitasmoari, teknologia berrien esparrua euskaraz lantzeko erronkari. Ordutik hona ekimen eta zerbitzu sorta eskaini dugu bost urte hauetan eta hausnarketarako une aproposa dela iritzi diogu. Azken hiru urte hauetan, Oarsoaldean kokatua zegoen eskualdeko Euskarazko Hedabideen gunean hartu du parte Ibainetek, eta eskualdeko euskarazko komunikabideen inguruan han hartutako norabideari jarraiki hartu dugu gunearen gertuko etorkizunerako erabakia.

Lau hanka dituen proiektua

Eskualdeko Euskara Elkarteek, baina konkretuki beraien baitan kokatzen diren euskarazko hedabideek, bateratzerako, elkarlanerako, multimediarako apustua egin genuen orain gutxi. Bide horretan egindako lanaren fruitua da hain zuzen, Euskarazko komunikazio Talde berriarekin (lehen Euskaldunon Egunkaria) Euskara Elkarteek eta euskararen alde dauden bestelako eragile, enpresa, elkarte etabekin dagoneko 0.zkia eta ekaina amaieran 1. zenbakia kalean izango duen OARSOALDEKO HITZA. Eskualdeko euskarazko egunkaria baina, multimedia asmo baten hanketako bat baino ez dena. Gero etorriko dira Oarso Telebistaren indartze eta hedatzea, Oiartzun Irratia Eskualdera zabaltzea, eta laugarren hanka gisa jasotzen dugun Teknologia berrien gunea. Alegia, Ibainet proiektu osoa bera, sortu den enpresa berriaren baitan kokatu dadin erabakia hartu dugu.

Erabaki hau gauzatzeak denbora emango du, zenbat ez gara gai orain esateko, beraz egitasmoaren helburua bizirik mantenduko den arren, datorren irailean ez ditugu gure ateak zabalduko, besteak beste, gure azpiegitura, gure ordenagailuek bost urtetako bidea egin dutelako eta egun ezin dugulako beraiekin kalitatezko zerbitzua eskaini.

Beraz, hilabete batzuetan eskualdeko proiektu osoa kokatu, HITZA ibiltzen hasi dadila eta orduan eutsiko diegu besteei, ezin esan baina emaitza zehatzak noiz etorriko diren.

Bost urteko balorazio ona

Bukatzeko esan, bost urte hauen balorazioa oso positiboa izan dela eta teknologia berrien inguruko formazioan euskarazko hautua egin duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegula. Orain eten txiki bat egitera goaz, baina berriz ere izango duzue gure berri eta orduan ere eskualdeko eta euskararen aldeko hautua egingo duzuelakoan,

Mila esker

Erantzun

Sartu