Teknologia albisteak

Oñatiko Larraña barnetegia itxi egingo dute 16 urtez lanean jardun ostean

Erabiltzailearen aurpegia
goienkaria - goienkaria
2003-07-01 : 12:07

Oñatiko Larraña barnetegia 1987an inauguratu zuen garai hartan Lehendakaritza eta Zuzentza Sailburua zen Juan Ramon Gebara jaunak. Barnetegiko lehen ikasturtea 1987-88 izan zen. Harrez gero, ikasturtez ikasturte jarraitu dute etenik gabe barnetegian ikastaroak antolatzen aurtengo ikasturtera arte. Aurtengoa, 2002-03 ikasturtea, azkena izan da, 16 ikasturteren ondoren.

Euskalduntze prozesuan murgildurik

Euskalduntze prozesuan murgildurik

Barnetegiaren helburua, hasieratik eduki duena, argia da: Euskal administrazioetan lanean diharduten langileen euskalduntze prozesuan behar beharrezkoa den elementu osagarria izatea, langileei euskaraz bizitzeko aukera eskainiz, inguru euskaldunean murgildurik. Arduradunen esanetan, langileen euskalduntzea bermatzeko ezinbestekoa zen ohiko eskolen bidez lortzen ziren emaitzak murgiltze-programen bidez osatzea.

Gainera, barnetegiko ikastaroak ez dira inoiz ekintza isolatu moduan planteatu baizik eta langileen euskalduntze prozesuko beharrezko osagarri gisa. Murgiltze programaren beharra areagotu egin zen administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaren eraginez, lanpostuetako hizkuntza-eskakizunek langileen euskararen prestakuntzan eragin baitzuten.

Zentzu horretan, kontuan hartu behar da herri-administrazioetako euskararen erabilera normalizatzeko plangintza martxan jarri zenez gero, barnetegiko ikastaroak testuinguru zabal horretan kokatu behar direla. Horrela, administrazioko langileak euskalduntzea berez euskararen erabilerari lotuta dagoen asmoa da.

Barnetegiaren kudeaketa HAEEren esku

Barnetegi-etxearen jabea Eusko Jaurlaritza da, baina 1987an HAEEri utzi zion herri-langileen euskalduntzerako lantzen ari zen barnetegiaren egitasmoa gauzatu ahal izateko. Barnetegiaren kudeaketa Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ardura izan da beti.

Barnetegian, euskara ikasteko ikastaroak antolatzen ditu HAEEk, urrats desberdinetakoak eskaeren arabera. Normalean, 5. edo 6. urratsetik 12. urratsera bitarteko taldeak antolatu dira, garrantzitsua baita barnetegira doan ikasleak oinarrizko ezagupen maila edukitzea, euskara erabil dezan. Eskolaz kanpoko ekintzak ere antolatu dira ikastaroen osagarri moduan, ikasleari hizkuntza ez ezik euskal kultura ere irakasteko asmoz. Hau dela eta, eskolaz kanpoko ekintzetan oso ekintza desberdinak sartu izan dira urte hauetan zehar: hitzaldiak, txangoak, toki interesgarrietara bisitak, eskulanetako ikastaroak…

Barnetegian, ikasketa-jardueraz gain, bere bizitokia izan du ikasleak: bere logela, jantokia (gosariak, bazkariak eta afariak), telebista-gela eta irakurgela, non aurkitu baititu egunkariak, aldizkariak, liburuak e.a.

Ikasle kopurua beherantz

Hamasei ikasturte hauetan zehar 400 ikasle inguru aritu dira barnetegian. Bataz beste, 25 ikasle ibili da ikasturte bakoitzean. Ikasle batzuk ikasturte bat baino gehiago egin dute barnetegian, baina kasurik gehienetan egonaldiak ez dira luzatu ikasturtea baino gehiago.

Datuek erakusten dute ikasle kopuru txikia ibili dela Oñatiko barnetegian. Horregatik, HAEEren 2 orduko ikastaroetan 5. urratsetik gora ari diren ikasleei aukera eman zitzaien astebeteko egonaldia egiteko Oñatin bere taldearekin. “Nolanahi ere, azken urte hauetan gutxika-gutxika beherantz joan da barnetegiko ikastaroak eskatzen duen ikasle kopurua eta horrek eraman gintuen, besteak beste, urratsaren kontzeptua alboratzera, taldeak eratuz ikasleen batez besteko mailaren arabera, hau da, urrats desberdinetako ikasleak talde berean bilduz, baita talde txikiak onartzera ere (8-10 ikaslerekin)”, azaldu dute arduradunek.

Bestalde, astebeteko egonaldia egitera joateko moduan zeuden taldeekin ere, gero eta konplikatuagoa zen astebeteko egonaldi hori gauzatzea. Ikasleek azaldu dituzten arrazoien artean hauek dira gehien errepikatzen direnak: laneko arazoak eta norberaren arazoak. Izan ere, barnetegiko ikastaroetara joateko egoeran dauden langileen kasuan bi alderdi nagusik hartzen dute pisua joan/ez joan erabaki horretan: lana eta familia.

Lanaren ikuspuntutik zera gertatzen da: erakundeek langileak liberatu behar dituzte barnetegiko ikastaroak egin ahal izateko eta hainbat kasutan ordezko langileak kontratatu behar dituzte. Horrek daukan eragin ekonomikoa garrantzitsua da erakunde askorentzat. Familiaren ikuspuntutik berriz, barnetegira doan langileak etxetik kanpo pasatu behar du astea hainbat hilabeteetan zehar eta egoera horrek bere familiaren eguneroko bizimoduan eragiten du.

Horiek guztiak kontuan hartuta, HAEEk erabaki zuen barnetegia ixtea 2002-03 ikasturtearen amaieran, ekainaren 27an hain zuzen ere. Barnetegiko ikastaroetarako HAEEn jasotzen duten eskaera kopurua txikia izaki, Euskal Autonomi Erkidegoan dauden urte osoko barnetegietara bideratuko dituzte.

Erantzun

Sartu