Teknologia albisteak

Maiatzeko Larrun: Edukiak Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Auria Etxeandia - Sareko Argiatik
2003-05-23 : 15:05

Maiatzeko LARRUN honetan, “Edukiak Interneten” izan ditugu hizpide: edukiengatik kobratzeko joera, kazetaritza digitalaren ezaugarriak , egile eskubideen auzia, etorkizuneko kazetariaren figura, weblog fenomenoaren ekarpenak eta beste gai askori buruz luze hitz egin genuen mahainguruan.

Honi guztiari buruz hitz egiteko, gurekin izan genituen, Iñigo Kortabitarte Digital Vasca enpresako zuzendari gerentea, Javier Diaz Noci EHUko kazetaritza fakultateko irakaslea, Iban Arantzabal Sustatu.com weblogeko editorea eta Juan Etxenike Indymedia kidea.

Gai zabala mahai gainean ipini genuena, zabalegia albiste batean laburtzeko, beraz, osorik irakurri nahi duenak Sareko Argiatik egin dezala edota alea eskuratu nahi baduzue, jarri harremanetan Harpidetza sailarekin. Bitartean hona hemen han esandakoaren pasarte batzuk:

Iban Arantzabal:

  • “Diru publikoarekin finantzatzerakoan balditzetako bat izan beharko litzateke produktua publikoa izatea”
  • “Gauzak kobratzen hasi aurretik, badugu lan nahiko, behintzat euskaraz idazten dugunok kalitatea hobetzeko. Edukiak kalitatezkoak izan behar du: kalitatezkoa, bizkorra, erraza, komunikatiboa eta milaka adjektibo gehiago”

Iñigo Kortabitarte:

  • “Dirutza Izugarriak gastatu ziren tamaina lortzeko eta Interneten egotearen borroka horretan alde batera utzi ziren enpresaren urrezko legeak”
  • “Denon ahotsak botere gehiago dauka sarean. Hori oso garbi ikusi zen Prestigen auziarekin. Botere publikoak gezurra gezurraren gainean esaten ari zirenean sarean irakurri ahal ziren hondartzatik bertatik idazten ari zirenen informazioak, egiak. Horregatik diot denon ahotsak botere gehiago duela. Hortik aurrera materializatzea edo ez beste gauza bat da. Baina behintzat badaukagu aukera norberak bere iritzia zabaltzeko”

Javier Diaz Noci:

  • “Kazetari eta enpresen arteko negoziaketa eman behar da, kontua da, ez dagoela kazetarien arteko batasunik”
  • “Erakunde publikoek bere gain hartzen badituzte hemeroteka digitalak, orduan horien mantentzea ez litzateke egunkari edo argitaletxeen ardura”

Juan Etxenike

  • “Gure printzipioa da komunikatzaile guztiak berdinak direla. Hori ez da gertatzen medio tradizionaletan, non sistema oso bat, hierarkia oso bat dagoen osatua. Hierarkia horren menpean funtzionatzen dute kazetariek eta ondorioz, irakurleek hierarkia horretatik ateratzen dena jasotzen dute”
  • “Gure erronka zera da, gizakia ez duela dimentsio ekonomikoak bakarrik mugiarazten erakustea. Gizakiak beste dimentsio batzuk dituela, alegia”

Honetaz gain, Etor Gorroño, Mikel Elorta, Vicent Partal eta Javier Etxebeste ren iritziak jaso nahi izan ditugu.

Osorik irakurtzeko

Erantzun

Sartu