Teknologia albisteak

HIZNET Internet bidezko Hizkuntza Plangintza Ikastaroaren izen emateko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Lasagabaster - HIZNET
2003-05-27 : 13:05

Egun, ugari dira euskararen normalizazioan lanean dihardutenak, hala ere, sarritan intuizioz eta barne mekanismoez ondo jabetu gabe jokatzen da, soziolinguistikaren ezagutza sakonaren falta dela medio. Behar eta hutsune hauei erantzuteko grinaz antolatu da aurten ere HIZNET ikastaroa.

Ikastaroa 24 orduz ezagutzea nahi baduzu, jarri harremanetan idazkaritzarekin.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Soziologia 2 sailarekin, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) eta SEI elkartearekin batera, HIZKUNTZA PLANGINTZA UNIBERTSITATE-IKASTAROAren 3. edizioa antolatu du 2003-2004 ikasturterako.

Aurrez-aurreko irakaskuntzaren eta irakaskuntza birtualaren abantailak uztartuta, ikastaroak diseinu malguari eusten dio horrekin balizko ikasle mota ezberdinei eta beren premiei aurre egiteko asmoz.

Malgutasun horren haritik, ikastaroak iraupen nahiz edukien aldetik aniztasun handia eskaintzen du; ondorioz, izena emateko eskakizunak eta baita ikasketak burutu eta gero lor daitezkeen ziurtagiriek balio akademiko ezberdinak izango dituzte.

Helburuak

Euskararen normalkuntza aspaldian abiatu bazen ere, sarri askotan prozesu horren baitako barne-mekanismoez ondo jabetu gabe jokatzen da, soziolinguistikazko ezagutza-sakonaren falta dela medio. Horregatik, euskararen normalkuntzan behar-beharrezkoa da ezagutza kualifikatuagoa eta sistematikoagoa izatea, eta premia horri aurre egiteko antolatu da hizkuntza plangintzarako ikastaro hau.

Ikastaroaren helburu zehatzak honako hauek direlarik:

  • Soziolinguistikaz oinarrizko ezagutza eskaini.
  • Hizkuntz egoeraren berri zehatza jaso ahal izateko beharrezkoak diren metodologiez eta teknikez jantzi.
  • Hizkuntz egoera hobeto ulertzeko eta normalkuntzarako bidean hartu beharreko estrategiak finkatzeko lagungarriak diren oinarri teorikoak eskaini.
  • Euskararen normalkuntzaren plangintzarako metodologiez eta lanabesez jantzi.
  • Hizkuntza gutxituei teknologia berrien eskutik datozkien erronkak eta eskaintzen zaizkien aukera berriak ezagutu.
  • Euskararen egoeraren berri zehatza eskaini, eta baita Euskal Herriko gizarteak hizkuntzekiko eskaintzen dituen baldintzenak ere.

Hartzaileak

  • Egun euskara teknikari lanetan diharduten edo egunen batetan zeregin horietan aritzeko asmoa duten guztientzat, prestakuntza profesional eta egokia eskainiz.
  • Urteetako jardun profesionalaren ondorioz eskarmentua duten profesionalek, egun agertzen diren premia eta erronka berrien aurrean euren gaitasun eta jakituria eguneratzeko aukera izan dezaten.
  • Unibertsitate ikasketak burutu dituzten ikasleentzat eta ikerlarientzat, euren formazio eta titulazioaren osagarri gisa.
  • Toki eta Foru administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan-arlotan, hizkuntz normalkuntzan erantzukizun publikoa duten askok euren eginkizunak aurrera eramateko oinarri sendoagotik abiatu daitezen.
  • Euskalgintzako euskaltzale edo euskararen inguruan dihardutenentzat, bere gogoko gai horietan funtsa sendoago batetik abiatuta lan emankorragoa egin dezaten.

Metodologia

  • Ikastaro hau malgua eta interaktiboa izateagatik ezaugarritzen da.
  • Ikastaroa 5 jakintza-sailetan integraturiko hainbat modulutan banaturik dago.
  • Ikasleak posta elektronikoaren bidez jasoko du material didaktikoa. Irakasgai batetik bestera iragan ahal izateko, bidaliriko irakasgaiari dagokion ebaluazio-testa eta ariketa egin beharko ditu ikasleak. Irakasgaien bidalketa bi astetik behin egingo da.
  • Ikasleak posta elektronikoaren bidez jasoko du material didaktikoa. Irakasgai batetik bestera iragan ahal izateko, bidaliriko irakasgaiari dagokion ebaluazio-testa eta ariketa egin beharko ditu ikasleak. Irakasgaien bidalketa bi astetik behin egingo da.
  • Ikasgai bakoitzak edukiko duen material osagarria kontsultatu
  • Sail bakoitzeko arduradunari zalantzak azaldu
  • Eztabaidetan parte hartu
  • Ebaluazio-testetarako sarbidea
  • Idazkaritzarekin harreman pertsonalizatua izan

Edozein argibidetarako jarri harremanetan idazkaritzarekin:

Amaia Lasagabaster
San Antonio, 41
01005 Gasteiz
Telefonoa.: 945 23 34 20
hiznet@infonegocio.com
www.asmoz.org/HIZNET

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago