Teknologia albisteak

ELHUYAR Aholkularitzak egoitza zabaldu du Durangon

Erabiltzailearen aurpegia
ELHUYAR Aholkularitza
2003-05-15 : 10:05

ELHUYAR Aholkularitzak egoitza zabaldu du Durangon

ELHUYAR Aholkularitzak egoitza nagusia Usurbilen du, baina, horrez gain, duela gutxi Durangon bulegoa zabaldu du, Bizkaiko bezeroei hurbilagoko arreta emateko asmoz.

Aspaldiko asmo eta premia bati erantzunez, otsailetik aurrera Durangon izango dugun egoitza berrian aurkitu ahal izango duzue ELHUYAR Aholkularitza. Bizkaian euskarak bizi duen susperraldiak (herri-aldizkariak, euskara-elkarteak, aisialdi-proiektuak, euskara-planak enpresa eta udalerrietan...) enpresa-munduan ere oihartzuna izan du azken urteotan. Ezin dugu ahaztu, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Hobetuzek lan-munduan euskara bultzatzeko eman dituzten laguntzen garrantzia. Udalei dagokienez, gero eta gehiago ari dira lantzen erakundeko erabilera-planak zein udalerri osorako plan estrategikoak.

Horren ondorioz, gure bezeroen kopurua hazten ari da Bizkaian, eta egoitza berri hau zabaltzean, orain arte eskaini izan dugun kalitatea hurbilago ekarri nahi genuke.

Non dago egoitza?

Iparragirre kalea 2, Durango 48200 (Bizkaia)
Tel.: 94-466 88 16
h.el.: aholkularitza@elhuyar.com

Lagun batzuen babes-hitzak:

  • Bizkaiko Foru Aldundia: Gotzon Lobera

"Idatzi honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, ongi etorria eman nahi dizut zuri zeuri, bai eta Elhuyar elkarteari, berak Bizkaian zabaldu berri duen bulegoagatik. Atsegin dut, bestalde, esatea sinetsita gaudela Elhuyarrek Bizkaian egoitza zabaltzea ekarri handiko gertakizuna izango dela Bizkaiarentzat, bai Elhuyarrek euskalgintzan duen esperientziagatik, bai eta ekonomi jardueraren ikuspegitik izango duen eraginagatik."

  • Euskararen plan estrategikoa udalerrian: Rosa Mari Ostogain Etxeberria Berrizko alkate anderea

    "Berrizko herrian euskara erabilera sustatzeko Elhuyarrekin plan estrategikoa diseinatu eta garatu dogu; esperientzia horretatik abiatuz interesgarria ikusten dot Elhuyar, Bizkaian kokatzea eta hurbiltasuna kontuan hartu ezkero Durangaldean; bertotik egoera soziolinguistikoa hobeto ezagutu eta landu leikegulako."

  • Euskararen plan estrategikoa udalerrian: Joseba Ipiñazar Igorreko alkate jauna

"Guretzat, Durangoko egoitza erreferentzia puntu bat izango da orain arte eurekaz egin dogun lanagaz jarraituteko; aholku, informazio, normalizazio eta dinamizazio planak egiteko orduan, eskualde eta herri bakoitzak errealitate eta egoera ezbardina bizi dogulako euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez beti be beste herri batzuen esperientziarekin koordinatuz."

  • Batz Kooperatibako administrazioburua eta Konseilu Errektoreko kidea: Jose Luis Madariaga

"Badira jadanik 4 urte euskararen normalizaziorako ekintzak Batzen martxan jarri genituenetik. Batzeko langileen artean % 70 euskalduna izanik, gaztelania zen gure laneko hizkuntza nagusia eta ordurarte egindakoek euskara indartzeko ez zuten askorako balio izan. Hasieratik Elhuyar izan genuen bide lagun proiektu honetan eta batera egindako ibilbideak emaitza onak eman ditu arlo guztietan: ahozko erabilera, idatzizkoa, kanpo harremanak, giza baliabideen kudeaketa, etb. Egindako lana handia izan da, baina oraindik egiteko gelditzen zaiguna ez da gutxi. Era honetako proiektuetan eten barik jarraitu behar da arlo berriak landuz. Enpresa mundua euskararen normalizaziorako ezinbesteko esparrua da, horregaitik beharrezkoa duen bultzakada eman behar diogu."

  • Maier Kooperatibako administrazioburua eta Konseilu Errektoreko burua: Jose Inazio Gandarias

"Elhuyarregaz ia 5 urte daroaguz Maierren Euskera Plana lantzen, eta batez be euskera errotu eta zabaltzeko metodologia zehaztu eta lantzeko ezinbestekoa izan da. Elhuyarregaz egindako elkarlanari esker jendearen euskararekiko mentalitatea aldatzea lortu dogu, egia esan Elhuyar aholkulari izan badogu be, batez be akulari izan dogula esango neuke, eta aurrerantzean geure kabuz euskerarekiko ditugun helburuak betetzen joateko konpromisoa hartu dogu. Azken baten, euskeraz ikasi eta bizitzeko helburuagaz lehenengo ikastola eta eskoletan hasi ginen, gero unibertsitatean be euskera sartzen joan gara, eta azkenik enpresa munduan be euskeraz lan egin eta bizi ahal izateko aukerak jarri behar doguz, eta Maierren be horretan ahalegintzen gabiltz, Elhuyarren laguntzari esker."

Erantzun

Sartu