Nire hezur-muina garbi dago
Bost hilabete joan dira azkenekoz hemen idatzi nuenetik neure minbiziaren gainean. Eta beharbada, hauxe izan da niretzat aldirik gogorrena: badirudi ezer ez dela gertatzen, eguna joan eta eguna etorri, ematen du betiko lekuan zaudela. Ospitalera zoaz, odola ateratzen dizute, emaitzak aztertu, zorterik baduzu, segi anbulatoriora, eta bestela etxera. Ondo zaindu, eta atsedena hartu, ea leukozitoak hazten diren, etab., etab. Beti bueltaka gurpil beraren inguruan.
Baina, zorionez, hori ere bukatu da. Kimioterapia amaitu dudan bezala. Bai, lagunok, zazpi hilabete igaro ostean, amaitu dut kimioterapia, guztira sei ziklo, hilabetekoak. Baina zazpi aldiz bidali naute etxera, leukozito gutxi nituela eta.
Beheraldiak eta susperraldiak
Azken zikloetan nabarmenago igarri ditut beheraldiak, kimioa hartu ondorengo erorialdiak. Egunkariaren aldeko kale agerraldi erraldoia egin zenean, esate baterako, ohean egon nintzen egun osoan, indarge eta ezertarako gogo barik. Horretan, badirudi zikloak aurrera egin ahala, gorputzak gehiago igartzen zuela kimioaren eragina.
Baina susperraldiak ere politak izan dira. Horietako egun batean, Urbiara joan nintzen Bego, Miren eta lagun batzuekin. Hotz egiten zuen, baina ondo jantzi, pauso lasai bat hartu eta, tipi-tapa, tipi-tapa, goraino. Nekatuta etxeratu nintzen, baina pozik. Eta beste batean, Arnedillon izan nintzen, astebururako.
Ariketa handirik ez dut egin, hala ere, eta hori igartzen dut: dagoeneko zazpi bat kilo irabazi ditut. Beraz, mejoratu baino, gizendu egin naiz majo.
Zergatik daramazu beti kapela?
Hainbat jendek egin dit galdera hau, kalera irten naizen ia guztietan ikusi bainaute kapela edo txano bat janzten dudala. Negu gorrian argi zegoen erantzuna: burua hotzetik babesteko. Eguraldi epelarekin ere, burua estali beharra dut bisera moduko batekin, garondoa ere babesten didana, basamortuko maratoilariei bezala.
Izan ere, medikuak hasieran esan zidan ondo babesteko eguzkitik, kimioterapiak gai fotosentiberak dituelako. Bestela, eguzkitan ordu erdian egonez gero babesik gabe, gerta liteke erretzea, nola erre baitaiteke eguzkitan lau ordu egiten dituena. Horregatik kapelak eta eguzkitako kremak.
Informatikari euskaldunekin
Apirilaren 4an Donostian izan nintzen, Informatikari Euskaldunen IV. Bilkuran. Han, komunikazio bat irakurri nuen, Gaixotasunak Biluztu Nau Interneten, non kontatzen nuen Sustatun izandako esperientzia nire gaixotasunaren inguruan.
Hitzaldi teknikoen artean, nirea desberdina izan zen, esperientzia baten berri ematen zuelako. Eta seguru asko horregatik, sekulako isiltasuna egin zen aretoan hasi nintzenean irakurtzen bi orrialdeak. Gustura itzuli nintzen bilkura haietatik, jende interesgarri asko ezagutu nuelako eta miretsita, nolako lan handia egiten ari diren informatikari euskaldunak.
Eman didate gida baimena
Hiru hilabete egin ditut beribilik gidatu ezinik, gida baimena berritzeko garaian ez zidatelako berritu, kimioa zela eta. Orduan ere esan nuen ez zitzaidala bat ere zuzena iruditzen gida baimena ez berritzea kimioagatik. Saiatu nintzen izkin egiten legeari, baina informatikak harrapatu ninduen.
Orain, berriz, berreskuratu dut karneta. Aste Santua ezkero, ari naiz noizbehinka gidatzen, behar dudanean, eta zentzuz, hau da, ondo sentitzen naizenean bakarrik.
Hezur muinaren analisia
Apirilaren 30ean hezur muina atera zidaten, jakiteko garbi dagoen edo oraindik ez, hortxe sortu zen-eta nire linfoma. Aztertu ondoren, medikuak esan zigun nire hezur-muina garbi ikusten dela. Hauek izan ziren haren berbak: Orain esku artean ditugun datuekin, ez da antzematen gaixotasunaren arrastorik muinean.
Biopsia ez omen da erabatekoa, horrelakoetan denbora gehiago behar izaten baita kimioa amaitu eta ondo aztertzeko. Hala ere, pozik nago, bide onetik goaz eta.
Tratamendu monoklonala eta azken txanpa
Bien bitartean, aurrera goaz tratamendu monoklonalarekin. Joan den astean bigarren saioa egin genuen, arazo berezi barik. Etxera nekatu samar iritsi nintzen, baina besterik ez. Tratamendu honek bi helburu ditu:
- Erasotzea modu selektiboan nire organismoan geratu diren linfozitoei (izaki gaiztoak).
- Indartzea nire defentsak organismoan.
Hil honen 14an eta 21ean berriro joango naiz, eta hortxe amaituko dugu tratamendu hau.
Ondoren, hilabete bat atsedena hartzeko, berriro muina atera eta aztertu, odola atera hortik zelula amak bereizteko eta, ekainaren 16an edo 23an gutxi gorabehera, ospitalera autotransplantea egitera. Han 21 egun egin beharko ditut, irten aurretik. Ondo bidean, hortxe bukatuko da tratamendua, uztailaren erdialdean.
Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak neure minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
- Medikuak esan dit minbizia dudala.
- Eskerrik asko denoi ospitaletik!
- Hasi naiz kimioterapian.
- Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
- Burusoil baten memoriak
- Berri onak: tratamendua aldatu didate
- Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
- Neuk ere hartu dut EPO
- Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
Erantzunak kargatzen...