Teknologia albisteak

Berria berri! egunkari berriaren kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Topagunetik jasoa
2003-05-12 : 12:05

EGUNKARIA itxi eta berehala bertako lan taldeak konpromisoa hartu zuen euskarazko egunkari berri bat lehenbailehen kioskoetan jartzeko. Duela 13 urte Egunkaria Sortzenek erabili zuen leloak bizirik dirau: Esateko asko daukagu! Proiektu komunikatibo berria zabala, baterakoia, independentea…. izango da; euskal gizartearen beharrei erantzungo die.

Euskarazko Komunikazio Taldea S.A.
Akzio bidezko diru bilketa

Euskal Herriarekin hartu genuen konpromisoa uda baino lehen bete nahi dugu. Egunkari berria ekainerako kioskoan edukitzeko guztion laguntza behar dugu. Egunkari berria zabala, beterakoia eta independentea izan dadin guztiok hartu behar dugu parte osaketan. Horrek bermatuko du proiektuaren independentzia.

EGUNKARIA itxi eta biharamunean euskal gizarteak argi eta garbi esan zuen Euskal Herriak euskarazko egunkari bat izaten jarraitu behar duela. Euskara Euskal Herriaren sinbolo nagusia da; EGUNKARIA sinbolo horren tresna eraginkorrena bilakatu da. Euskararen normalizazio bidean ezinbesteko tresna da euskarazko egunkaria. Euskararen normalizazioak errentagarritasuna emango dio inbertsioari.

EGUNKARIA gizartetik sortu zen, eta herri ekimenetik bizi izan da. Instituzioen diru laguntza ere izan du azken urteotan. Laguntza horiek guztiak beharrezkoak izango dira proiektu komunikatibo berria gauzatu ahal izateko.

EGUNKARIAko langileek Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. sortu dute 60.350 euroko kapitalarekin, euskarazko egunkari berria argitaratzeko helburuarekin. Langileen xedea ez da enpresaren jabetza izatea; langileek erositako akzioak gerora sortuko den fundazio batera pasatuko dira, euskal kultura eta komunikabideak garatzea helburu izango duen fundazio batera.

Jakina denez, euskarazko egunkari berria kalean jartzeko diru baliabide handiagoak behar dira. Kapital handitzearen bidez, enpresan parte hartzeko aukera emango zaie gizarte eragileei eta herritarrei. Proiektu berriari ekiteko 5.000.000 euro arterainoko kapital gehitzea onartu da. Euskarak inbertsio berri hori behar du, epe motzera errentagarritasuna emango duen inbertsioa.

Proiektu komunikatibo berriaren oinarria gizartea izatea ezinbestekoa da, horrek emango baitio beharrezkoa duen independentzia eta zabaltasuna. 50 eta 300 euroko akzioen bidez guztiok izango dugu Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. enpresa berriaren parte izateko aukera; euskaltzalea eta nazionala izango den egunkariaren parte. Akziodunen osaketa anitzak bermatuko ditu gure oinarriak, eta euskaldun guztiengana heltzea lortzen badugu erdietsiko dugu hori.

Nola eskuratu akzioak?

  • Herri Batzordeak. Akzioak eskuratzeko orriak banatuko dira.
  • Internet. Eskaera egin ahal izango da www.ektsa.net helbidean.
  • Telefono bidez: 635733385 / 635733386 telefonoetan.

Erantzun

Sartu