Teknologia albisteak

Arantxa Iturbe eta Anjel Lertxundi, sarituak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-05-06 : 13:05

Arantxa Iturbek bart gauean jaso zuen Max Antzerki saria, Ai, ama! antzerki lanarengatik. Arantxak Egunkariaren egoera salatu zuen, txalo artean. Anjel Lertxundik ere atzo hartu zuen Beterriko Liburua saria, Zorion Perfektua eleberriagatik.

Euskal literaturak bi sari jaso zituen atzo, bi toki oso bestelakoetan. Vigon lehena, Max Antzerki saria, eta Zizurkilen bigarrena, Beterriko Liburua alegia.

Pegatina urdina paparrean zuela igo zen Arantxa Iturbe Vigoko agertokira, Egunkaria aurrera! aldarrikatzen zuena, eta eskerrak eman ondoren jasotako sariagatik —Ai, ama! urteko euskal antzezlan onentzat jo baitzuten—, salatu zuen Euskaldunon Egunkaria itxi izana. Azaldu zuen euskaraz bizi dela, euskaraz barre egin, hitz egin, haserretu eta erditu, baina orain ezin duela egunero Euskaldunon Egunkaria irakurri. Jendeak txalo beroekin hartu zituen idazle euskaldunaren hitzak.

Gainerako euskal izendatuek ere —Patxo Telleriak, Josu Camarak eta Kirmen Uribek— pegatina eta elastiko urdinak jantzi zituzten, Mikel Martinez aktoreak bezala.

Beterriko Liburua saria

Anjel Lertxundi nobelagileak, berriz, Zizurkilen jaso zuen atzo aurtengo Beterriko Liburua saria, Zorion Perfektua eleberriagatik.

Larramendi Kultur Bazkuneak sortu zuen Beterriko Liburua saria 1997an eta saritzen du aurreko urtean argitaratu den libururik onena. Aurtengoa 60 lagunek osatutako epaimahai batek erabaki du.

Dagoeneko Jorge Gimenez ari da prestatzen liburu honen gaztelaniazko itzulpena. Hau ere, Alfaguara argitaletxeak kaleratuko du.

Orain arte eleberriak nagusitu izan dira beti Beterriko Liburua sarietan:

1996. Elgeta, Joxean Agirrerena.

1997. Gauak eta Hiriak, Ur Apalategirena.

1998. Nik Ere Germinal Egin Gura Nuen Aldarri, Koldo Izagirrerena.

1999. Eta Emakumeari Sugeak Esan Zion, Lourdes Oñederrarena.

2000. Gorde Nazazu Lurpean, Ramon Saizarbitoriarena.

2001. Lagun Izoztua, Joseba Sarrionaindiarena.

Erantzun

Sartu