Teknologia albisteak

Euskal apaizek Joan Pablo II.a Aita Santuari bidalitako eskutitza

Erabiltzailearen aurpegia
Euskal Herriko 530 apaizek
2003-05-01 : 05:05

Joan den bazko astean, Euskal Herri osoko 530 apaizek, Madrilen dagoen Aita Santuaren Nuntzio Apostolikoaren bitartez, eskutitz hau, sinadura guztiekin batera, Joan Paulo IIa Aita Santuari bidali zien.

Halaber, aste berean, Baiona, Bilbo, Donostia, Iruñea/Tutera eta Gasteizko Gotzaiei ere eskutitzaren kopia entregatu zaien.

Euskal Herria, 2003ko Apirila

Joan Pablo II.a Aita Santua

Vatikano Hiria

Aita Santua :

Espainiako Estatura egitekoa zaren bisitaldiak bultzatu gaitu Euskal Herriaren eremuan kokatutako Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea/Tutera elizbarrutietan ari den Elizako zenbait apaizek izenpetutako gutun hau zuri idaztera. Gatazka artean bizi den Herri honetantxe eskaintzen dugu geure pastoral zerbitzuaren laguntza justiziazko, maitasu-nezko eta bakezko Jainkoaren erreinua ezartze aldera.

Zeu maitasunezko buru duen Elizako kide diren Herriei entzuteko eta beraiekin harremanak izateko agertu izan duzun gogoa kontutan izanik, Euskal Herriko apaiz bezala geure kezkak aurkeztu nahi dizkizugu. Are eta gehiago, beste arrazoi honengatik : bai inguru politikoetatik eta bai elizakoetatik, gure egoeraren errealitateari buruzko berri eta azalpen okerrak, herrian nahasmendu morala eragin dutenak, inoiz baino gehiagotan iritsiko zaizkizula pentsatzen dugulako. Pobreengandik eta sufritzen duten guztiengandik hurbil izan nahi duen Elizaren ordezkari goren zarenez, zure harrera pastorala itxaroten dugu.

Gure Herriak ongi daki eta horrela sentitzen du : bere arazo politikoen eta horien ondorio diren indarkeriazko adierazpen larri eta mingarrien jatorri sakonena gure eskubide kolektiboak agintariek onartu nahi ez izatean datzala. Izan ere, Zeuk, 1999ko Bakearen aldeko Jardunaldi Mundialaren karietara esan bezala, …Diskriminazio modu dramatikoenetako bat da talde etnikoei eta gutxiengo nazionalei Herri bezala bizirauteko funtsezko eskubidea ukatzea edo galaraztea. Horixe gertatzen da bai halakoak ezabatzeko edo erbesteratzeko eginahalak egiten direnean, bai halakoen identitate etnikoa ezagutezina bihurtzeraino ahultzeko ahaleginak egiten direnean. Bidezkoa al da hain larria den gizateriaren kontrako krimenaren aurrean isilik gelditzea? Ez da gehiegizkotzat jo daitekeen ahaleginik gizakia lotsarazten duten aberrazio hauek bukatzeko eginahaletan.

Halarik ere, gure uste apalean, egoera hau konpon daiteke gizabidez eta ebanjelio-arauz --gure Gotzainek maiz eskatu dutenez-- jokatuz, hau da, elkarrizketa, negoziazio eta inolako mehatxurik gabeko aukera guztien begirune eta adierazpide bideetatik jardunez eta, batez ere, Herri honek nahi duen erabaki librea inposaketa eta murrizketa antidemokratikorik gabe ahalbideratuz. Zure aurretikoa izan zen Pablo VI.ak, 1974ko Eguberrietan Kardinalei mintzo zelarik esan zienez, ….. Herri guztien eskubide guztiak, autodeterminaziorakoa eta independentziarakoa barne, behar bezala aitortuak eta onartuak ez direino, ezingo da bake egiazkorik eta iraunkorrik izan. Gure pastoral-eskarmentuaren arabera uste dugu, gure Herriak, aukerabide politiko demokratikoen bideetatik bere existentzia bermatzeko duen eskubidean datzala adiskidetzeko eta bakerako urrats beharrezkoa eta erabakiorra.

Min handia eman zigun --eta horrelaxe jakinarazi genuen bi idazkitan apaiz talde esanguratsu batek-- Espainiako Apezpiku-Konferentziak, zenbait boto esanguratsu kontra izan zituelarik, argitara emandako Instrukzioak, hau da, Herri izatearen kontzientzian oinarriturik euskaldunen gehiengoak bere erreibindikazioen artean aldarrikatzen dituen eskubide indibidual eta kolektiboak terrorismoz eta ideologia absolutistaz inposatu nahi omen duen nazionalismo totalitariotzat jo izanak. Aita Santua, guk terrorismo mota oro arbuiatzen dugu eta, bereziki, boterearen eskuz eta Estatuek gidatuta burutzen dena. Egia historikoaren faboretan jakinarazi behar dizugu, orain gure artean ditugun indarkeriazko terrorismoen jatorria historiako gertakari hauetan dagoela : Elizak Gurutzada bezala bedeinkatutako matxinada militarrean eta gerrate zibilean, eta ondorengo diktadura frankistan.

Estatu espainiarraren nazionalismo amorratua eta orain-oraingo euskal kultura eta hizkuntzaren zapalketa Espainiako Apezpiku-Konferentziaren Instrukzio Pastoralak ez aipatu izana eta etikoki ez gaitzetsi izana penaz deitoratzen ditugu. Gure Herriak, aspaldidaniko tradizioaren eta egungo kontzientzia eta praxi etikoaren arabera, gizarte pluralaren elkarbizitzan eta pertsona eta Herri guztiekiko erabateko begirunean oinarritutako bakea nahi du eta horixe bilatzen du. Aita Santua, zure aberria den Poloniak Herri aske eta bere etorkizunaren jabe izateko urteetan bizi izan zituen oztopo larri eta mingarriak, hiritar eta apaiz bezala, ezagutu izan zenituenez, ulertu ahalko dituzu gure sentiberatasuna, gure nahiak eta gure xedeak.

Gure erantzukizun pastoralak eta Euskal Herriarekiko eta munduko beste Herriekiko maitasunak, sufritzen duten pertsona guztiekin eta agintariek nahita iraunarazitako gatazka politikoaren biktimak diren ideologia desberdineko hainbat eta hainbat pertsonekin solidarioak izatera garamatzate; izan ere, honelako gatazkak, zeuk maiz ohartarazi eta eskatu duzunez, giza eskubide guztiekiko begirunezko bide demokratikoez konpon daitezke.

Bizi dugun egoeraren konplexutasunak, urte hauetan zehar heriotzak, torturak, atentatuak, zapalketak, mehatxuak, askatasun demokratikoen murrizketak, beren lurraldetik urrundutako presoen egoera penagarria --eta areagotu egin denak-- barne direla, eskubideon onarpenari eta praktika demokratikoari jartzen dizkion oztopoez jabetzera garamatza. Roger Etchegaray kardinalak bere jaioterrirako bisitaldi batean egindako deklarazioetan esaten zuenez, ... Euskal populuak aski sufritu du, elkarrizketak bortizkeria ordezkatu behar du eta gizon politikoek argitasuna eta kemena erakutsi behar dituzte. Espero dugu, bada, Aita Santua, Estatu espainiarrera egitekoa zaren bidaian borondate politiko honen beharra sustatuko duzula, sufrimendu egoera hauek gainditzeko eta aspaldidaniko gatazka honi aterabideak aurkitzeko.

Euskal Herriko Elizaren baitan burutzen dugun gure lan pastorala, gure Gotzainek behin eta berriz eskatzen dutenez eta kristau ahalegin orokorra denez, bakearen eraikuntzari estu-estu lotua eta engaiatua dago. Banatzen gaituzten enfrentamendu larriak kontutan hartuz, badakigu, jakin, ez dela erraza justizian oinarritutako bakea erdiesteko bitarteko egokiak zeintzuk izan daitezken asmatzea. Horrexegatik, bada, Aita Santua, itxaroten dugu Estatu espainiarreko egonaldia eta kristau elkarteei egingo diezun bisitaldia adiskidetzearen ikur eta bultzada izango direla.

Elkarrizketarik ezaren adierazpide diren mota desberdinetako bortizkeria eta terrorismoen ondorioak sufritu behar izan dituzten eta sufritzen ari diren pertsona eta Herri guztiekiko duzun sentiberatasun sakonarekin bat gatoz. Eta bat egiten dugu-- zoritxarrez maiz entzunak izan ez arren-- gerrak eta bortizkeriak ekiditeko zure behin eta berrizko deiekin. Bakearen alde eta Herri guztien artean, pobreenen eta baztertuenen artean batez ere, erlazio senidekoiak eta adiskidetasunezkoak izan daitezen burutzen duzun lana baiezten dugu. Elizaren erru izan diren injustizia larriengatik barkamena eskatzean zuk erakutsitako testigantza ebanjelikoa miretsi egiten dugu eta begi onez ikusiko genuke senidearteko gerratean eta ondorengo erregimen tiranikoan izan zuen komplizitate historikoarengatik barkamena eskatzeko gonbita Espainiako elizari luzatuko bazenio.

Ebanjelizatzaile gisa dugun erantzukizunez jakinarazten dizkizugu geure kezka, sentimendu eta nahiera hauek. Eukal Herrian eta munduko gainerako Herrietan lekututako elizarekiko elkartasunean egin ere. Beste behin gogorarazi nahi dizugu eliz-erakundetzeari dagokionez, banatuak gaudela Euskal Herriko eliztarrok eta banaturik sentitzen garela. Uste dugu, gure lekuan lekuko elizak Iruñean izan behar duela Artzapezpikutza Euskal Eliz Probintzia pastoral bakarra eratzeko ; hori dela, hain justu ere, kristau herriak eta euskal gotzainen gehiengoak zenbait urtetik hona erakutsitako gurari eta iritziaren ildoa ; eliz-adiskidetzearen ikur esanguratsua eta Herri honi Elizak eskain diezaiokeen pastoral zerbitzu garrantzitsua litzatekeela hori.

Uste eta nahi dugu zure bisitaldia behartsuentzat berri onaren, espetxeratuentzat askatasunaren, gehien sufritzen dutenentzat senidetasun eta hurbilketaren eta pertsona eta Herri guztientzat bake justuaren zantzu ebanjelikoa izatea, giza duintasunari dagozkion eskubideen begirunez eta Jainkoaren seme-alaba izatearen aitorpenez ziurtatua izan ere.

Kristogan dugun eliz elkartasunean, begirunez eta senidetasunaz agurtzen zaitugu.

EUSKAL HERRIKO DIOZESI GUZTIETAKO 530 APAIZEN SINADURAK

Erantzun

Sartu