Sustatu logoa Teknologia albisteak

Donostiako euskal idazleak

Lau atal nagusitan antolatua dakar informazioa: Donostiako euskal idazleak-ek

  1. Idazleak alfabetikoki
  2. Idazleen kronologia
  3. Liburuak alfabetikoki
  4. Liburuen kronologia

Ezer ez dakienak lehen hurbilketa bat egin dezake Kronologiatik: han azalduko zaizkio idazle guztiak, jaio ziren urtearen dataren arabera. Handik jo dezake nahi duen idazlera.

Beste bilaketa mota bat, idazle konkretu baten bila doanarentzako, alfabetikoki egindako sailaren bidekoa da: letran klikatuta azalduko zaizkio letra hartatik hasten diren idazleen abizenak.

Idazlearen fitxa:

Idazleen weba izaki, idazleak osatu behar zuen fitxa nagusia. Hartan bi osagarri dauzka ikusleak:

  1. Idazlearen datuak: argazkia, jaiotze data, idazlearen beste e-leku batzuk (editorialak eginak, Bagera.net-ekoa...)
  2. Idazlearen bibliografia sailkatua: narrazioa, poesia, antzerkia, saiakera, kronika, haur eta gazte literatura.

Bibliografian klikatuta liburutara joko du bisitariak.

Orain arte 91 idazle katalogatu ditugu. Lehena Juan Mª Larroka da, 1813an jaioa; azkenak Harkaitz Cano eta Aritz Gorrotxategi dira, 1975ean jaioak.

Orain arte 486 liburu zentsatu ditugu. Bibliografia honetatik, mota guztietako 245 liburu jarri ditugu klikagarri.

Idazleka ez baina liburuka mugitu nahi duenarentzat dago liburu tituluen araberako sailkapena.

Liburuen kronologiak halako ikuspegi soziologiko edo historiko bat eskaintzen digu: hartan ikusten ahal dugu euskal liburuen publikazioak eduki dituen hutsarte luzeak eta indartze handiak.

Azken finean, fitxa nagusi batera hurbiltzeko lau bide desberdin dira hauek.

Liburuaren fitxa

Hemen interesatzen zaigun liburuaren edizio guztien azalak ageri zaizkigu eta, euskaraz.net-eko atal honen helburua irakurtzeko zaletasuna bultzatzea denez, aldi berean eskaintzen zaizkigu azken edizioko aurkezpena eta sarrera, eta beronen pasarte hautatu bat.

Euskaraz.net-eko atal hau etengabe elikatuko da, bai atzeraka, bai aurreraka: klasikoen lan gehiago eta edizio berriak jarriko dira klikagarri, eta bizirik dauden idazleen obra berriak nahiz idazle berrien liburuak gehituko zaizkio.

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak esker berezia eman nahi die editorial guztiei web atal hau osatzeko eskaini dituzten erraztasunengatik.

Gorostia gorosti, Donostian Donosti

Aipatu berri dugun Donostiako euskal idazleen atalaz gain, beste atal berri bat prestatu du Koldo Izagirrek ere euskaraz.net-erako eta Gorostian gorosti, Donostian Donosti bataiatu du.

Hasteko "ogi-gainekoak" (oraingo pintxo edo banderillei donostiarrek ematen zioten izena da hau) izeneko atala ageri da, eta honetan Donostiari buruzko iritziak, donostiarren xelebrekeriak edota Donostiako esamolde eta errefrauak aurki daitezke.

Bigarrenik, "Donostiako Mapa" berezi bat dakar, eta mapa horretan Donostiako auzoetan euskarak izan dituen eta gaur egun dauzkan gorabeherak agertzen dira, Antton Olariagak auzo bakoitza irudikatzeko egin duen marrazkiaz lagunduta.

Hirugarren atalak "Kronologia" izena du eta hartan zerrenda bat ageri da, euskaren inguruan 1800-1998 epealdian Donostian gertatu diren kontu nagusiak biltzen dituena.

Azkenik, laugarren atalean "Gaiak" aurkituko ditugu, hau da, Donostia eta euskara zenbait kultur adierazpidetatik begiratuta: Antzerkia, Bertsolaritza, Eskola, Irratigintza, Kantagintza eta Kazetaritza dira momentuz ageri diren alderdiak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu