Sustatu logoa Teknologia albisteak

Liberalek irabazi dute Quebecen

Sustatu
2003-04-15 13:04

Bederatzi urtez agindu ondoren, Partie Quebecois alderdi abertzaleak galdu egin zituen atzo hauteskundeak Quebecen. Beraz, Jean Charest liberala izango da hurrengo lehen ministroa.

“Burujabetasuna da PQren lehentasuna. Liberalen lehentasuna, ordea, osasuna izango da”. Esaldi horrekin, Jean Charest liberalak irabazi zituen quebectarren botoak atzoko bozketan. Quebeceko Legebiltzarrak 125 aulki ditu. Horietatik PLk irabazi ditu 76 (%45), PQk 45 (%34) eta ADQ (Action Democratique du Quebec) alderdiak, 4 (%20).

Liberalek errepikatu egin dituzte 1998ko emaitzak, baina PQk %11 gutxiago atera du. Antza denez, boto asko ADQra joan zaizkio. Beraz, badirudi hor egon dela gakoa: abertzale quebectarren botoa banatu egin dela.

PQk hauteskundeak galdu ditu eta alderdi honen lau ministrok aulkia galdu dute. Beraz, porrot galanta azken bederatzi urteotan agintean izan den alderdiarentzat. Honen ondorioz, datozen hilabeteetan seguruenik lider berria aukeratuko dute. Bernard Landry ez bada aurkezten, hortxe izango dira Pauline Marois, François Legault eta André Boiclair, besteak beste, hauek ziurtatu baitue aulkia legebiltzarrean.

Bai Otawako gobernuak eta baita Kanadako prentsa anglofonoak pozez hartu dute liberalen garaipena, uste baitute hauekin askoz errazagoa izango dela elkarlana.

Jean Charest Sherbrooken jaio zen, Quebecen, orain 44 urte. Partidu Kontserbadorean egin zituen lehen urratsak politikan, 1984an. Eta alderdi horrekin ministro izan zen hainbat aldiz Otawan, gobernu federalean inoiz izan den ministrorik gazteena. Hala ere, 1998an PC utzi eta Quebeceko Partidu Liberaleko buru bihurtu zen, nahiz orduko hauteskundeak galdu. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu.

Hedabide hauetan aurki dezakezue informazio gehiago:

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu