Sustatu logoa Teknologia albisteak

Webby sariak, Interneteko "Oskarrak"

Webby sarien zazpigarren aldia da hau. Ekainaren 5ean banatuko dira sariok, AEBetan. Antolatzailea Arte eta Zientzia Digitalen Nazioarteko Akademia da, eta, euren webgunean dioten moduan, teknologia, sormena eta lorpen indibidualak saritzea, eskertzea eta sustatzea dute helburu. Webby sariok helburu hori lortzeko bide bat dira.

150 gunerik onenak

Erakunde horrek, euren esanetan, Interneteko 150 lekurik onenak bildu dituzte, eta 30 kategoriatan sailkatu dituzte, gaiaren arabera. Hortaz, kategoria bakoitzeko bost hautagai daude. Aktibismoa, komertzioa, elkarbizitza edo jende topaguneak, jokoak, moda, zinema, finantzak, hezkuntza, osasuna, umorea, albisteak, politika... oro har, bizitzako arlo garrantzitsuenak jorratzen dituzten guneak daude. Hautagaien artean, denetarik: oso erakunde ezagunen ondoan -NASA, Etxe Zuria, BBC, The New York Times, Amazon salerosketa gune ezaguna edo Yahoo atariaren ondoan, proiektu pertsonalak, edo erakunde txiki edo ezezagunek egindakoak, aurki daitezke.

Erabiltzaileen botoa

Interneten interaktibotasunari eta pluraltasunari men eginez, erabiltzaileok ere botoa emateko aukera dute. Horretarako, hona jo besterik ez dago. Maiatzaren 23ra arte dago horretarako aukera.

Kategoria bakoitzean, lau sari banatuko dituzte. Bitxikeria moduan, irabazleek, gehienez ere, bost hitzeko onarpen hitzaldia egin ahal izango dute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu