Sustatu logoa Teknologia albisteak

Irakeko gerra, arabierren begietan

Aitita Makurra
2003-03-28 09:03

Irailaren 11ren ondorengo egunek Al-Jazeera telebista ezagutarazi zuten mundu guztian. Telebista kate hark eman zituen esklusiban, Osama Ben Ladenen lehen adierazpenak irudietan. Baita talibanek nola suntsitu zituzten Bamiyango Budak. Eta irudi haiek mundu guztiko telebistetan zabaldu ziren. Harrezkero, Qatarko telebista hau ezinbesteko erreferentzia bihurtu zen arabiarren artean. Azkenean, bazuten beraien CNN.

Baina oraingo gerra honetan, beste bi telebista gehiago nabarmendu dira eta audientzia handiak ari dira lortzen arabiarren artean: Abu Dhabi TV eta Al-Arabiya.

Abu Dhabi TV emititzen ari da satelite bidez 1996a ezkero eta bere arduradunek diotenez, aukera bakarra omen da herrialde horietan, ez dagoena enpresa edo interes geopolitikoen menpe. ADTV kateko arduradunek diote 120 harpidedun dituztela munduko telebisten artean, tartean Reuters agentzia, CNN, AFP, etab. Arrazoi nagusia horrelako arrakasta izateko omen da bulegoak dituztela Bagdaden erdialdean bertan, beste inork baino egokiago, eta estudio eta guzti.

Al-Arabiya, telebista, berriz, hil honetan hasi da emititzen Dubaitik. Finantziazioa Saudi Arabia, Kuwait, Libano eta Emirerri Arabiar Batuetako inbertsore independenteek jartzen dute. Middle East News produktorari lotuta dago, zeinen jabea den Fahd erregearen koinatu bat. Askoren ustez, Al-Jazeerari lehia egiteko sortu omen da, eta haren lehendakariak —Jordaniako ministro ohi batek— dio muturreko jarrera guztien aurka daudela. 70 kazetarik egiten dute lan telebista honetan eta datozen bost urteotarako 300 milioi dolarreko aurrekontua izango dute.

Telebista arabiarren eragina

Arabiarrak ez dira gerra hau jarraitzen ari CNN telebista amerikarraren bidez, aurrekoan egin zuten bezala, baizik eta zuzenean, satelite bidez eta arabieraz, goian aipatu ditugun telebistetan. Eta, jakina, telebista hauek ez dute eskaintzen nola inbasoreen tankeek zeharkatzen duten basamortua bat ere eragozpenik gabe, edo haien prentsaurrekoak Washingtonen edo Londresen. Batez ere kontatzen dute zer gertatzen den Bagdaden, Basoran eta beste hiri batzuetan, zer dioten agintari irakiarrek eta herritarrek nola sufritzen dituzten bonbardaketak.

Al-Jazeerak 40 milioi ikusle omen ditu Marokon hasi eta Bahrein bitartean. Berak eman zituen, beste inork baino lehenago, herenegun amerikarren bonbek eragin zituzten biktimen irudiak Bagdadeko merkatuan. Egun batzuk lehenago berak erakutsi zituen, primizian, lehen irudiak soldadu amerikar hildakoenak edo preso hartutakoenak. Amerikarrek, mendekuz, spam-ez bete dute Al-Jazeeraren webgunea, hemen irakur dezakezuen bezala, eta, ondorioz, ez dago modurik webgunean sartzeko. Horren ondorioz ere, Al-Jazeerak atzeratu egingo du ingelesezko webgunea apirilaren erdialdera arte.

Irudi hauek erakusteak sekulako eragina du arabiarren artean. Biktimen irudiek sendotu egiten dute gerraren kontrako sentimendua. Preso amerikarrenak, berriz, egiaztatu egiten die erresistentzia gero eta handiagoa dela eta inbasoreek larrutik ordainduko dutela ausardia.

Amerikarren lagun diren zenbait herritan —Jordanian, Egipton, Marokon eta Saudi Arabian, besteak beste— ez dakite zer egin beraien herritarrak lasaitzeko, hauek egunero irteten ari dira kalera protesta egitera, telebistan ikusitako irudiek bultzatuta.

Amerikarren telebista arabieraz

Hau guztiau ikusita, badirudi AEB Amerikako Estatu Batuek beste telebista bat ezarriko dutela Dubain edo Abu Dhabin, arabieraz emitituko duena.

Telebista honek izango du helburu hobetzea AEBen irudi kaskarra arabiarren artean eta lehia egitea Al-Jazeera telebistari, zeinak maiz haserretu dituen Etxe Zuriko arduradunak nahiz inguruko agintariak.

Esaten dutenez, Hosni Mubarak Egiptoko lehendakariak esan omen zuen Al-Jazeera telebista ikustatu ondoren: “nola liteke hain toki txiki batek hainbeste buruhauste eragitea?”.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu