Egun hauetan Txema Auzmendi kontatzen ari da Herri Irratian zer nolako infernua igaro zuen Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusian, Madrilen, bost egun inkomunikaturik.
Iluntzeko 20:30ean, albistegiaren ostean, Txema Auzmendik Herri Irratiaren mikrofonoa hartu eta kontatzen hasten da Mugaz Gaindi irratsaioan Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusian, Madrilen, igaro zituen bost egunak. Inkomunikaturik eta izuak jota. Infernu bat, bere hitzetan. Atzo hirugarren eta laugarren egunak kontatu zituen.
Soto del Realeko espetxera iritsi bezain laster hasi nintzen neure esperientzia idazten, esan zuen. Horretarako erabili nituen epaileak eman zigun autoaren orriak, atzeko aldeak zehazkiago esanda, garbi baitzeuden. Presa nuen hasi eta amaitzeko, beldur nintzen-eta espetxeko zaintzaileek kenduko ote zizkidaten. Zorionez, ez zizkioten paperok kendu eta han idatzitakoa ari da egun hauetan kontatzen.
Xabier Oleagarekin batera igaro zituen bost egunak ziega berean. Hirugarren egunean, gora eraman zuten deklaratzera, ofiziozko abokatu baten aitzinean. Aurrean bi guardia zibil jarri ziren eta atzean nire abokatua, emakume bat. Ezin nion begiratu ere egin. Galdetu nion zer onura edo kalte izan nezakeen deklaratzearren eta ez zidan erantzun, guardia zibilen hitzetan, abokatuak ezin baitzuen hitz egin, ni inkomunikatuta nengoelako. Hori ikusita, uko egin nion deklaratzeari haren aurrean. Ziegara bidean, esan zidaten bukatuak nituela pribilegioak. Eta nik erantzun, ez niela pribilegiorik eskatu.
Egun berean, forentsearen aurrera eraman zuten. Orduan jakin izan zuen larunbata zela, otsailaren 22a, eta ez igandea, berak uste bezala.
Arratsalde hartan, sekulako isiltasuna egin zen ziegetan. Orduan pentsatu nuen gutako baten bat hil zela. Edo ETAk guardia zibil bat hil zuela. Halakoa baitzen isiltasuna.
Kapitainaren bisita
Egun berean, larunbatean, nahiz hau ez duen hain seguru, ezusteko bisita bat izan zuen Txemak. Berrogei bat urteko gizon bat etorri zitzaion, zibilez jantzirik eta Guardia Zibilaren kapitaina zela esaten zuena. Ea prest zegoen hitz egiteko. Baietz. Eta hitz egin zuten, normaltasun osoz, oso egoera anormal baten barruan.
Biharamonean sinatu behar izan zituen paper batzuk, inkomunikazioa luzatzeko. Haiseran ezer ez sinatzea pentsatu zuen, baina gero iritziz aldatu zuen, badaezpada. Igandean bertan, forentsea etorri zitzaion berriro. Eta hark esan zion astelehenean Auzitegi Nazionalera eramango zutela.
Gaur iluntzean, azken eguna kontatuko du, Herri Irratian : Donostia (OM 1224), Loiola (FM 99.8) eta Gasteiz (FM 98.0).
Erantzun
Sartu