Teknologia albisteak

Egunkaria: hitzaren lekua

Erabiltzailearen aurpegia
69 idazle - EIE
2003-03-19 : 10:03

Euskaldunon Egunkaria itxi dute, eta horren aurrean euskal idazleok mundu osoan bezala Euskal Herrian ere, errealitatearen eta egunkarietan agertzen diren berrien artean zabaldutako leize sakon eta arriskutsuaz ohartaraziz, gure hitzarekin amildegi hori ixten lagundu nahi dugu. Horretarako, zerbait esan nahi dugu EGUNKARIAren itxieraren inguruan:

ADIERAZPEN ASKATASUNAZ ETA ANIZTASUNAZ.

1.- Egunkaria itxi dutenek, Euskal Herrian genuen hitzaren agertoki bikaina itxi dute , bertan idatzi dugunon adierazpen askatasuna eta ideien aniztasuna beti-beti bermatu dituen lekua. Eta ez gurea bakarrik, baita bertan agertu nahi zuen edozeinena ere. Egunkaria ezagutu gabe hari buruzko iritzia eman duten guztiei jakinarazi nahi diegu bertan PSOE eta PPko hainbat kideren iritzi eta artikuluak ere argitaratzen zirela, beste alderdietako kideenak bezalaxe, batzuetan egunkariko langileek gazteleratik propio itzuli ondoren.

Ideietan, beraz, Euskaldunon Egunkaria aniztasunaren esparrua zen. Kultura eta iritzi aniztasunarena. Kulturaren suak bere garretan pentsamenduaren agerpena, sormenaren lilura, hitzaren indarra transmititu behar baititu.

Nahiago genuke euskal kulturari halako errespetoz hurbilduko balitzaizkio erdal komunikabideak. Aldiz, gaztelerazko zein frantzesezko egunkarietan ez dugu sumatu euren ildo editorialarekin bat ez datozen pentsalariekiko errespetu berdina. Zein egunkarik itzuliko luke testu bat euskaratik gaztelaniara irakurleei betikoa ez den beste ikuspuntu bat helarazteko? Ez al litzateke polita izango irakurleentzat?


2- ETAri babes ideologikoa ematen omen ziola baina, horren froga bakar bat ere aurkeztu gabe itxi dute Egunkaria.Are gehiago , ez dute Egunkaria itxi bertan idazten ziren gauzengatik.Ez dute inor atxilotu idatzita eta izenpetuta utzitako inolako artikulugatik. Milaka eta milaka artikulu itzultzeko lana hartuko balute, ikusiko lukete horietako askotan gaitzesten zela ETAren ibilbidea, eta hainbatetan alderdi konstituzionalisten eskabideak jasotzen zirela. Beraz, ez dute idatzitakoaren aurka jo, idazteko euskara erabiltzearen aldeko apustua egin zuen medioaren aurka baizik, euskararen aurka inolaz.Idatzitakoa bera, euskaraz idatzita dagoelako, hutsaren hurrengo bilakatu da, berriro.

Hain zuzen ere, Egunkariaren aurkako erasoa euskararen aurkako eraso ideologikoa delako , Egunkariarekin bat egin ez dutenei ez zaie bururatzen hari aurre egiteko euskarazko beste egunkaririk sortzea. Euskal kulturaren alde egiteko hobe omen da dagoen euskarazko egunkari bakarra ixtea


HIZKUNTZAK MAITE DITUGU,BOTEREAK EZ BEZALA

3- Hizkuntzak elkar maitatzeko sortuak dira. Asko maite dugu gaztelera, sortzeko eta komunikatzeko tresna bezala, gainerako hizkuntza guztiak maite ditugun bezala. Euskara ere horrelaxe maitatua izan dadin nahi genuke.

Egunkaria itxi dutenek ,ordea, hizkuntzaren degradazio eta perbertsio itzela erakutsi dute: edonork esango luke euskara ETArekin sortu zela eta euskarak ekarri duela biolentzia. Hizkuntza honen politizazioa salatzen dutenak dira lehenak hizkuntza hau baztertzen eta gutxiesten. Herri hau maite dutela diotenek gehiago erabili behar lukete euskara, ez baitiote euskarari lekurik egiten euren egitasmoetan, euren bizitzetan. Eta euskarak beste hizkuntzek adinako eskubideak eta baliabideak besterik ez du behar .

4- Hitzaren ahalmenak oinperaturik boterearena daiteke hitz zilegi bakarra. Gezurra errepikatuz egia bilakatzeko ahaleginean ari da boterea, eta guk zera galdetzen dugu: Egunkaria itxi dutenek noiz arte jarraituko dute euren identitatea finkatzeko gu etsai publiko gisa erabiltzen?

Euskaldunok ez dugu susmagarri bihurtutako hizkuntza batean idatzi nahi, ez dugu susmopeko herrialde batean bizi nahi . Ezin dugu onartu susmopeko egoera gure bizitza normalaren ezaugarritzat, hitzarekin elkarbizitza indartu nahi baitugu.

Hitzarekin elkarbizitza indartu nahi dugunak anitzak gara, eta aniztasunean bizi nahi dugu elkarrekin, eta hitz hau horren gogoko dutenek ez lukete ahaztu behar gizarteko arazoak, askotan, ez direla kabitzen interes askoren mendeko politika aldakor baten eskuetan, eta politikak, aspalditik, ez diela konponbiderik eskaintzen gizartearen premiei . Gogoan hartzekoa da Donostiako manifestaldia ez zuela ezelango alderdi politikok deitu. Eta bi eguneko aurrerapen hutsaz deitua izan arren, aspaldian ikusitako manifestaldirik jendetsuenetakoa izan zen. Hori oso adierazgarria da errealitatea datuen argitasunean aztertu nahi duen edozeinentzat.


ESPERANTZARI LEHIO BI: AUZOLANA ETA LITERATURA

5.- Euskaldunon Egunkaria herri ekimena izan zen hasiera-hasieratik. Euskarak,jazarpenez osatutako historia luzean, hiztunen eta irakurleen babesa izan du: erabilpenaren babesa , babes afektibo eta babes ekonomikoa . Euskara hizkuntza moderno bihurtzea beste asmorik ez duen jendea gara. Egunkaria itxi dutenek ezin omen dute hori ulertu, eurek ez bide dutelako halakorik egiteko premiarik izan.

Auzolana, konpromisoa, hori izan da euskal kulturaren hainbat esparrutan nagusi. Hori izan da Egunkaria sortu duena. Hori da ,dakigunagatik, Egunkariaren gaiarekin auziperatuen delitua. Eta horrelako erasoen aurrean, gerora ere euskal kultura indartzeko auzolana eta herri ekimena beharko ditugu.

Idazleon ekimen nagusia,aurrerantzean ere, literatura izango da, beraren zabaltasun oso-osoan. Euskal Herrian eta munduan behar-beharrezko dela iruditzen zaigu . Lehen mailako beharra.Literaturak zatikatuta dagoena biltzen eta gizon-emakumeok ditugun zauriak isten laguntzen duelako. Euskara susmopetik atera ahal izateko, hitza higatu ez dadin ñabardurarentzako espazioa behar delako; ñabardurarentzako eta ezberdintasunerako eta aniztasunerako lekua; elkarrekin bizi gaitezkeela aldarrikatzeko hitzentzako lekua behar delako eta euskaldunon hitzen kabia Euskaldunon Egunkaria izatea nahi dugulako.


Eta Euskal Idazleen Elkartean bildurik sinatzen dugu agiri hau ondorengo idazleok , Donostian, 2003ko martxoan

Alonso, Jon
Antxustegi, Esteban
Añorga, Pello
Aranbarri, Iñigo
Aranburu, Pello Joxe
Aristi, Pako
Arkotxa, Aurelia
Arretxe, Jon
Arrieta, Joxe Austin
Artiagoitia, Xabier
Azkune, Iñaki
Benito, Jon
Bilbao, Begoña
Borda, Itxaro
Cano, Harkaitz
Cillero, Javier
Egia, Lutxo
Eguzkitza, Andolin
Elkoroberezibar, Miguel Angel
Etxaniz Rojo, Xabier
Etxebarria, Jose Ramon
Etxeberria, Martin
Etxeberria, Xabier
Etxezarraga, Jesus
Ezkiaga, Patxi
Fernandez Ostolaza, Luis
Friera, Iñaki
Garai, J. Koldo
Glez. Esnal, Maite
Goikoetxea, Juan Luis
Gorrotxategi, Aritz
Igerabide, Juan Kruz
Irastortza, Tere
Iriarte, Bikila
Irigoien, Juan Mari
Iturbe, Arantxa
Iturregi, Patxi
Landa, Josu
Landa, Mariasun
Lopez Mugartza, Juan Karlos
Madariaga, Juan Ramon
Meabe, Miren Agur
Mendiguren Elizegi, Xabier
Mendiguren, Iñaki
Merino, Juan Karlos
Millet, Isabel
Mintegi, Miguel Angel
Morillo, Fernando
Olaizola, Txiliku
Oregi, Sabin
Osoro, Jasone
Otamendi, Jose Luis
Otxoteko, Pello
Padron, Jose Luis
Peillen, Txomin
Rodriguez, Fito
Rozas, Ixiar
Santisteban, Karlos
Sarriegi, Andoni
Serrano, Asier
Suarez, Castillo
Sudupe, Pako
Uribarren, Patxi
Urkixo, Joanes
Urkiza, Ana
Urteaga, Joxemari
Zabala, Juan Luis
Zuberogoitia, Aitor
Zubizarreta, Itziar
…



Erantzun

Sartu