Teknologia albisteak

Maroko eta Euskal Herriko bertsolariak

Erabiltzailearen aurpegia
Anboto Durangaldeko astekaria - Anboto Durangaldeko astekaria
2003-03-17 : 09:03

"Agian, nazinoarteko inprobisazino topaketak egingo doguz" adierazi dute Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek, Anboto Durangaldeko Astekarian izandako elkarrizketa batean.

Inprobisazioaren jarduerak lotuta, elkartruke berezia izan dute, Tattiwinen (Maroko), Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek, Jose Luis Basterretxea eta Jorge Jauregi bidelagun zituztela. Kantak, kopla zaharrak, dantza eta inprobisazioa bertan batzen diren ‘ahidous’-ak izeneko ekitaldiak ezagutu dituzte. Horrela adierazi dute Anboto Durangaldeko astekarian egindako elkarrizketa batean.

Bizkaiko bertsozale elkarteko Jose Luis Basterretxeak gogoan edukitako kontu bat izan dela aitortu dute bi bertsolari durangarrek elkarrizketan. Antza denez, Atlas Handitik hur, Tattiwinen hainbatetan izan da bera eta bazekian bertso edo inprobisazio jardunean ibiltzen zirana. Gainera, ezer zehaztu barik dagoen arren, Euskal Herri mailan, nazinoarteko kultur edo inprobisazio topaketak eratzeko asmoa ere badago, munduko hainbat tokitako inprobisatzaileekin. Gauza biok bat eginda animatu ei dira Marokora bidaia egitera.

Bereberei buruz, zera adierazi dute: "Alde kultural handiak; erdi nomadak dira, nekazaritza arloko herria da .... eta metrikea, errimea... hori guztiori ez daukie aztertuta. Terminoak be ez daukiez argi. Ahidousetan, adibidez, dantzea, kantua, koplak... batzen ditue. Ospakizun baten inguruan egiten daben ekitaldi bat da; errito baten barruan egiten daben jai modukoa. Bertan, giroa berotu ahala, batzuk inprobisazinoan hasi eta kantuan jarraitzen dabe. Hemen, bertso jaialdiak antzokietan be ikusi leitekezan ikuskizun bihurtu dira, bertso-afariak eta egin arren. Han, komunidadea batzen dan egunetara mugatzen da: eztegu, bateo edo mutilen zirkunzisinoetara. Inprobisetako klabeez ganera, funtzino sozial horixe da ezbardintasunik handiena. Ardi mozteetan be egiten dabe antzeko zerbait. Moztaileak udan ibilten dira, mendian, haimarik haima, beharrean eta inprobisazinoan".
Iturriagak eta Elortzak aitortu dutenez, "hasikerako kontaktua izan da. Baina testigantza txiki bat jaso dogu eta apur bat horren barri emoteko asmoa badogu. Nazinoarteko inprobisazino topaketak egin ezkero, polita litzateke hareek etortea, baita beste batzuk be. Kontaktua sendotzea be egongo litzateke. Baina ez dago ezer zehaztuta".

Agian, laster batean izango dugu horrelako ekimen baten berri.

Erantzun

Sartu