Teknologia albisteak

Diru laguntzak, euskarari begira Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia
editorea - Sustatu
2003-03-13 : 10:03

Bizkaiko Foru aldundiak diru-laguntzak emateko dekretua atera du. Laguntza hauek, 2003ko ekitaldian euskaraz argitaratzen diren aldizkarietarako, enpresendako, euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan egon dadin, zabaldu eta normalizatzeko eta sustatzeko izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak atera ditu euskarari begirako diru laguntzak. Epe jakina dute laguntzok eta martxoaren 11tik hasi eta apirilaren 11ra izango da tartea.

Eskabideak: Euskara Sustatzeko zerbitzuan aurkeztu beharko dira, Bilboko Urkixo Zumarkaleko 28ko 5. solairuan. Aurkezteko ordutegia astelehenetik ostiralerakoa izango da 8:30etatik 13:30etara. Interneten bidez ere egin daiteke Kultura sailaren orriko euskara atalean. Lotura zuzena hemen duzu eskabideak on-line egiteko.

Euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan egoteko

Laguntza hauetarik bat, euskara eta teknologia berriei zuzendua dago, eta horren baldintzetako batzuk ekarriko ditugu hona.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: diru-laguntzak zelan emango diren araupetzea, euskara egon dadin informazio eta komunikazioaren teknologia berrietan; eta horren guztiaren xedea, berriz, hauxe izango da: euskaraz, informatika baliabideen azpiegitura sortzea, albait osoena dena. (...)

Dirulaguntzak alor hauetako garapenetarako izango dira:

a) Ahotsa euskaraz ezagutu eta sintetizatzera jotzen duten ekoizkinak.

b) Euskal kulturaren ondarearen gainean euskaraz dagoen informazioa digitalizatu eta zabaltzea.

c) Euskara ofimatika eta telematikaren eremuetan ager dadin, laguntza ematen duten tresnak (Internetekin lotzeko zerbitzuak, PDA eta esku-telefoniakoak, multimediakoak, baldin eta euskaraz badira; euskaraz dauden guneen bilatzaileak, eta euskaraz dauden orrialdeekiko estekak).

d) Aisia eta astialdirako ekoizkinak (euskaraz dauden bideo- jolasak, ordenagailuzko jolasak, eta abar).

Baina adi, laguntzen eremutik kanpo geldituko dira Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ezarritako helburuekin bat ez datozen proiektuak; egin-eginean ere, plan hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabaki baten bidez 1998ko uztailaren 28an. Horiez gainera, ondorik azalduko direnak beren beregi daude foru dekretu honetatik kanpo:

a) Autoretza eta ediziorako lanabesak (zuzentzaile ortografikoetan eta gramatikaletan dautzanak).

b) Itzulpenari laguntza emateko tresnak (berbarako, hiztegi elektronikoak eta terminologi datutegiak).

c) Itzulpen automatikorako sistemak, eremu telematikoen arabera eta testu moten arabera moldatutakoak.

d) Analisirako oinarrizkoak diren tresnak, tresnamendu zehatzak alde batera lagata.

e) Multimedia sistemak, euskara ikasteko direnak.

f) Software tresnamenduak, baldin eta beraien helburua bada hiztegi elektronikoak, zuzentzaile ortografikoak eta sinonimo hiztegiak ezartzea ofimatika tresnamenduetan.

Laguntzetara aurkeztu ahal izango dira Bizkaiko Lurralde Historikoko merkataritzako erakundeak eta kooperatiba sozietateak. Emango diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa %40rainokoa izango da, aurkezten den proiektuaren aurrekontua araziaren gainean. Baina, aurretiaz eginiko ekoizkinak euskaratzeko proiektua bada; orduan, emango diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa %10erainokoa izango da.

Erantzun

Sartu