Teknologia albisteak

V. Literatura Asteak erotismoaz jardungo du

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2003-03-07 : 12:03

Gaur goizean Literatura Astearen V. aldia aurkeztu da Eskoriatzan, MUren Humanitate Fakultatean. Bost egunean zehar, erotismoa izango du mintzagai.

HUHEZIk Literatura Astearen V. aldia aurkeztu du gaur goizean. Aurtengoak goiburu hau izango du “Literatura eta Erotismoa”, eta martxoaren 10ean hasi eta 14ra arte luzatuko da. Egun horietan, erotismoa landu duten idazleak eta abeslariak izango ditugu Eskoriatzan.

  • Martxoaren 10ean, Juan Martin Elexpuru idazlearen hitzaldia: “Testu Erotikoen Gatza eta Berakatza”. 19:00etan. Egileak testu antologia bat banatuko du entzuleen artean eta, hartan oinarriturik, aztertuko du zein baliabidek sortarazten dituzten sentsazioak irakurleengan.
  • Martxoaren 11n, Luisa Etxenike idazlearen hitzaldia: “Naturaleza erótica”. 19:00etan. Aztertuko ditu idazlearen helburuak eta irakurleen itxaropenak, baita estereotipoak hausteko moduak.
  • Martxoaren 12an, mahai ingurua: Juanjo Olasagarre, Jasone Osoro, Paddy Rekalde eta Juan Martin Elexpuru: “Literatura eta Erotismoa”. 11:30ean. Nola erabiltzen dute erotismoa? Badago euskal erotismorik? Zer baliabide erabiltzen dituzte irakurlea berotzeko?
  • Martxoaren 13an, Pako Aristi idazlea eta Mikel Markez abeslaria: “Larruaren Barnerako Bidaia”. 19:00etan. Ikuskizun hau bereziki prestatu dute HUHEZIn antzezteko.
  • Martxoaren 14an, HUHEZIko ikasleak: “Hitzak Biluzten”. 11:30ean. Lehendabiziko aldiz Literatura Astean, fakultateko ikasleek parte hartuko dute taula gainean. Egun horretan irakurriko dituzte hainbat testu, beraiek aukeratuak eta hari berezi bat izango dutenak.

Post-data

Laster zehaztuko den iluntze batean, HUHEZIko klaustroan Unax Ugalde, Mikel Urdangarin eta Patxi Zubizarreta izango dira —aktorea, abeslaria eta idazlea— eta eskainiko dute “Hamar mezu eta dei bat” ikuskizuna.

Erotismoaz

Halaxe dio Juan Martin Elexpuru idazleak kontu honetaz: “Gauza jakina da erotika ez dela sekula gure literaturaren alderdirik aberatsena izan. Inprimaturik heldu zaiguna hor dago, eta ondorioak atera daitezke. Herri-literaturaz, ostera, polikiago mintzatu beharra dago. Heldu zaizkigun kanta, bertso, ipuin, esaera eta abarrek garbi adierazten dute herriak askoz ere modu gozatsuagoan bizi izan duela gaia. Heldu zaizkigunak, diot, zeren gauza jakina baita gehientsuak galbahean geratu direla. Herri-literaturaren biltzaile gehienak eleizgizonak izan dira, eta nekez jasoko zuten pekatubide zen likiskeriarik, eta jasota ere, nekez argitaratuko, urbedeinkatuz zipriztinduta edo zentsuratuta ez bada”.

Babes pribatua

Aurtengo Literatura Asteak babes publikoa eta pribatua izan ditu, bigarren aldiz. Izan ere, bai Eskoriatzako Udalak eta bai inguruko zenbait enpresak (Alza, AZK, Fagor Automotion, Fagor Ederlan, Fagor Elektratresnak, JMA, Makai, Roneo eta Tesa) diruz lagundu diote Literatura Asteari.

Antolatzaileontzat garrantzitsua da, oso, babes hau, urteetan egindako lan onaren onespena erakusten du-eta. Bide berriak urratzen ari gara eta gogotsu jarraituko diogu bide horiei.

Historia apur bat

Badira bost urte Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea hasi zela Literaturaren Astea antolatzen. Hasierako asmoetan garrantzitsuena izan zen idazleak fakultatera hurbiltzea, idazleak ikasleen eskura jartzea, lehen eskuko informazioa jaso zezaten. Denborarekin, ekimen hori geroz eta garrantzitsuago egin da, bai kantitatez eta bai kalitatez. Kalitateari dagokionez, goi mailako idazleak ekartzeko ahalegina egin dugu, eta izen batzuk gogoratzearren, hemendik pasatu dira, beste batzuen artean, Jose Anton Artze, Andoni Egaña, Patxi Zubizarreta, Juan Kruz Igerabide eta Bernardo Atxaga. Espido Freire ere izan dugu geure artean, gaztelaniaz idazten duten idazleen ispilu.

Kantitateari dagokionez, hartzaile kopurua nabarmen hazi da urte batetik bestera. Lehenengo urtean ekintza txiki bat izatetik, jende multzo handia hartzera iritsi gara. Bestalde, orain hartzaileak ez dira soilik fakultatearen ikasleak; aitzitik, azkeneko hiru urteotan antolatu diren Literaturaren asteak herritar guztientzat egon dira irekita: ateak zabaldu dira etorri nahi duenarentzat. Eta Debagoieneko jendeak primeran erantzun du, egia esan.

Orain hiru urte hasi ginen Literatura Astea gai baten inguruan antolatzen. 2001ean izan zen Errealitatea Idazlearen Esku Artean. Eta 2002an Literatura eta Umorea.

Erantzun

Sartu