Pello Zubiria dute idatzi honetan presente eta eskaera oso zehatza da, "etxera bueltatzea". Torturak, gatazkak eragindako sufrimendua, prentsa euskalduna irakurtzeko gonbita... ageri dira Komunikazio Biziagoa SAL-ek sinatutako editorialean.
Hauxe da Argiako editorialean ageri denaren "Sufrimenduak itsutu ez gaitzan" laburpena:
Sufrimenduak itsutu ez gaitzan
- Pello bera eta bere ibilbide profesional eta pertsonala ezagutzen denak ondo asko daki bera "Egunkaria"ko zuzendari izatea ETAk erabaki zuela esatea gezurrik borobilena dela.
- ARGIAk, ezaguna den bezala, motore lana egin zuen "Egunkaria"ren sorreran eta "Egunkaria" ETAk sortu zuela esatea dagoen barrabaskeriarik handiena da.
- ARGIAkook helburu bat lehenesten dugu guztien gainetik, Gregorio Marañon ospitalean preso dagoen Pello Zubiria ez dezatela espetxera eraman eta ahal bezain laster bere etxean egon ahal izan dadila, egungo bere egoeran espetxera eramateak horren gertu izan duen heriotzaren itzulera ekar baitiezaioke epe laburrera.
- Pello eramatean ez dute kontrolatu esku artean zer zurten eta Guardia ZIbilari eskua joan zaio, oraingoan ia modu atzeraezinean, Pelloren bizitza hari mehe betetik zintzilik egon da-eta.
- Ez da nahikoa tortura salaketa; salaketa aurrera ateratzea, errudunak zigortzea eta, batez ere, tortura handik eta hemendik desagertzea lortu behar da. Handik eta hemendik. Gertukoak torturatu dituzte oraingoan, baina egunerokoa da. "Eta hauekin hau egiten bada, zer egingo dute besteekin? asko eta askoren pentsamoldean egon den galdera da.
- Askok sufritzen du euskal gizartean bizi den gatazkaren ondorioz, Estatuaren jardunagatik eta ETArenagatik. Gertueneko kasua aipatzeagatik, hor da joan den asteburuan sakabanaketa politikaren ondorioz beren herritik 700 kilometrora auto istripuaz hildako Juan Karlos Alberdi presoaren ama eta anaia. Baina ezin da ahaztu, halaber, duela gutxi ETAk hildako Joseba Pagazaurtundua. Bizitzen ari garen une latzak baliatu beharko lirateke apurka gatazkaren irtenbideen klabeetan arakatzeko eta urratsak emateko.
- Lagundu nahi duenak ikusiko du zer egin, gure eskaera argia bezain sinplea da. Instituzioei, elkarlan eta laguntza handiagoaren eskaera. Euskaldunari, ARGIAk urte luzetan erabili duen leloa: erosi eta irakurri euskal prentsa.
Egunkariaren eta ingurukoaren aferari buruz orain arte irakurri dudan textu onena. Merezi du oso osorik irakurtzea.