Teknologia albisteak
1

Elorriaga eta Egunkaria

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Elkar
2003-02-28 : 12:02

Ostiral honetan, hilak 28, Euskaldunon Egunkariak kaleratu behar zuen, munduan beste inork baino lehenago, Unai Elorriagaren bigarren liburuaren aurrerapena. Gauza ezdeusa da noski aurrerapen hori gabe geratzea, baina horrelako mila ezdeuskeria zituen egunero gure Egunkariak, eguna ederrago egiten zigutenak, mundua jantziago, bizitza euskaldunago. Hutsune hori betetzeko ez baina salatzeko eskaini nahi dugu orri honetan delako aurrerapena.

Hauxe aurrerapena:

Datorren astean kaleratuko da Unai Elorriagaren bigarren liburua: "Van’t Hoffen ilea", jende bitxiaren istorioak biltzen dituen funtzionario baten historia, mikroipuinez jositako eleberria, tipula-azalen antzera misterio bat bestearen atzetik argitu eta azkenean anaitasun-mezu biluzi bezain hunkigarria erakusten diguna.

Van’t Hoffen ilea

Unai Elorriaga

Martina isilik gelditu zela ikusi zuenean, ahizpa hasi zen hitz egiten. Esan zuen “Plazako anaiena, igual”. “Plazako anaiena bai” onartu zuen Martinak.

–Nagusia Pablo zen eta bestea zen... itsua Pablo zen, ezta, Mercedes?
–Bai, Pablo eta Mateo. Itsua Pablo eta bestea Mateo.

Matias aurrez aurre ari zen Mercedes ikusten, baina Martinak atzean zeukan ahizpa eta gauzaren bat galdetu nahi zionean buelta eman behar zuen, eta erantzuna entzun nahi zuenean berdin, eta gorputzak krak egiten zion buelta ematen zuen bakoitzean. Matias konturatu zen egoera deserosoa zela hura eta komunikazioa narrasten zuela, eta argi zegoen, gainera, Mercedesek ahizpak baino hobeto zeukala burua eta ahoskatu ere ondo ahoskatzen zuela, s-ak eta r-ak batez ere. Horrexegatik guztiagatik eskatu zion Matiasek Mercedesi mahaian jesartzeko, berari ere grabatuko ziola. Horregatik guztiagatik eta Martinaren gorputzak egiten zituen krak guztiak grabatzen ari zelako grabadora eta lanak izango zituelako gero transkripzioak egiteko. “Gauza da” esan zuen Martinak Mercedes mahaian eseri zenean, “beti ibiltzen zirela plazako anaiak joko horrekin gora eta behera, atzera eta aurrera; nola esaten zioten joko horri, Mercedes?” Izena ez zekiela esan zuen Mercedesek, baina xakearen antzekoa zela; antzekoa baina konplikatuagoa, behin azaldu ziola Mateok. Eta Mateo izena esaten zuenean, soinekotik kanpo hedatuta zituen lore guztiak soinekora biltzen zitzaizkion berriz ere, eta Matiasek ulertu zuen Mateo ez zela Mateo bakarrik, Mateo zela beste gauza asko Mercedesentzat.

Gero azaldu zuen xakea baino askozaz konplikatuagoa zela jokoa; izan ere, xakean beti dira mugimendu berberak, hau da, zaldia horrela eta dorrea horrela eta erregina nahi duen moduan, baina anaien jokoan piezen mugimenduak beti zirela diferenteak. Isildu egin zen orduan Mercedes; sabaiari begiratu, eskumako galtzerdia altxatu eta jarraitu egin zuen. Anaien jokoan, esan zuen, kontuan hartu behar dira ordua, eguraldia eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Jokoa oso-oso txarto azaltzen ari zelako inpresioa zuenez, gauzak astiroago azaltzea erabaki zuen Mercedesek, eta esan zuen “Esan nahi dut diferente mugitzen dela pieza bat, esaterako, goizeko hamarrak eta bostean edo arratsaldeko seiak eta hogeita hamahiruan eta, ordu berbera izan arren, ez direla piezak berdin mugitzen eguzkia dagoenean, lau gradu daudenean eta haizea iparretik datorrenean”. Amaitu zuen esaten deabruzko burua behar zuela joko hori asmatu zuenak, eta anaiek ez zeukatela besterik buruan.

“Gauza da” esan zuen Martinak berriz, “munduko txapelketak egiten zirela urtero. Edo Europako txapelketak. Frantzian egiten ziren edo Suitzan edo Portugalen. Eta anaiak joan egiten ziren. Ikustera joaten ziren, ez jokatzera”. Mercedesek esan zuen jokatu ere jokatzen zutela eta Pablo ona zela gainera, oso ona, baina itsua zela, eta Mateok esan behar zizkiola jokaldi bakoitzean tenperatura, haizearen norabidea, ordua... eta kontrarioak zer mugitzen zuen; eta epaileek ez zieten parte hartzen uzten, jokalari bi baten kontra izango litzatekeelako hori, eta horregatik ez zuten parte hartzen txapelketetan, ez ingurukoetan ez Europakoan, baina joan bai, urtero joaten ziren ikustera.

–Urte osoa aurrezten –esan zuen Martinak–; horretarako bizi ziren. Bost egun han eta buelta. Dirurik gabe.

Gero kontatu zuten urte batean bidaiarako aurreztuta zeukaten diru guztia gastatu behar izan zutela bidaia egin aurretik, ospitalean. Martinari otu zitzaion “Pablo itsu geratu zen urtea” izan zitekeela urte hori, baina Mercedesek ezetz, umetan geratu zela Pablo itsu, zazpi urterekin edo bederatzi urterekin, ez zegoela ziur, baina zenbaki bakoitia zela, zazpi urte edo bederatzi urte, hori seguru zekiela. Ados jarri ziren orduan ahizpa biak beste arrazoiren bat egongo zela bai, baina dirurik gabe geratu zirela bidaiarako azkenean. –Lituania –esan zuen Mercedesek eta, esateko moduari erreparatuta, Matiasek pentsatuko zukeen “Lituania” hitza hitz erotikoa zela, aurretik jakin izan ez balu Lituania herrialde bat dela, mapa gehienetan Letoniaren ondoan agertzen dena eta koordenada jakin batzuk dituena, munduko herrialde gehienek dituzten moduan. Mercedesek esan zuen Lituanian egin zela txapelketa urte hartan eta anaiek ez zeukatela joateko dirurik, ospitalean gastatu zutelako edo eslora handiko barku batean, berdin dio horrek. “Orduan hasi ziren koltxoiak saltzen” esan zuen Martinak. “Gero saldu zituzten aulkiak eta alfonbra bi”, baina hori ere ez zen nahikoa izan, antza, Lituaniara heltzeko eta “bainuontzia ere saldu zuten azkenean”. Joateko dirua egin zuten bai, baina bueltarako dirua ez, eta jendea arduratzen hasi zen eta galdetu zien “Zoratu zarete, ala?” edo “Joan bai baina etorri gero?”; anaiek esan zuten egingo zutela bizimodua zelan edo halan eta etorriko zirela bihar-etzi.

Mercedesek amaitu zuen kontatzen, eta kontatu zuen joan zirenetik ez zirela anaiak bueltatu, eta bazirela hogeita hamazazpi urte eta bost hilabete. Baina anaien bainuontzia euren lehengusinak erosi ziela, Mercedes eta Martinaren lehengusinak erosi ziela anaiei, eta lehengusinaren etxera askotan joaten zela bera, Mercedes, bainuontzia ikustera. Eta erosketa egokia izan zela, oso bainuontzi ona zelako, antzina egiten zirenen modukoa, eta ez zuela ugerrak berehala hartuko.

Imajinatzen hasi zen Matias orduan. Eta Mateo imajinatu zuen orduan Lituaniako iturri publiko batean edaten, bakarrik, Pablo hilda imajinatzen zuelako, jakina. Gero esan zien ahizpei ondo, oso ondo, hori zela grabadorarako behar zuena, eta benetan kuriosoa zela Mateoren kontua eta Pabloren kontua. Poztu egin zen Martina eta galdetu zion Matiasi nahikoa zen kontu horrekin ala gehiago behar zuen. Matiasek esan zion nahikoa zela, eta sobra, baina, beharbada, gogoratuko zutela besteren bat. Mercedes Lituaniatik bueltatu gabe zegoen oraindik eta Martinari ez zitzaion ezer okurritu.

Matiasek grabadora amatatu zuen plikt. Despedida etorri zen orduan eta eskerrak eta hiru-lau musu eta agurrak eta Ez dizut edateko ezer atera eta Trankil, Orain aterako dizut nahi baduzu, Ez eskerrik asko ez, Eskerrik asko, Hurrengora arte, Agur, Agur, Agur, Agur.

Erantzunak

Sustatu
2003-02-28 : 13:03

Egunero-n gaur dator, hain zuzen ere, Unai Elorriagaren iritzi artikulua: Testigantzak


Erantzun

Sartu