Sustatu logoa Teknologia albisteak

Pello Zubiria ere baldintzarik gabeko espetxera

Sustatu
2003-02-27 09:02

Pello Zubiriak azkenean deklaratu du Juan del Olmo epailearen aurrean. Eta epaileak baldintzarik gabeko espetxea dekretatu du beraren kontra, Herri Irratian entzun dugunez. Kartzelara doan seigarrena da.

Aske geratu diren bi lagunek Pellori oinaze ikaragarria pasarazi dizkiotela esan dute, testigantza zuzena emanez. Baina Angel Acebes ministroak dio Guardia Zibilak "bizitza salbatu" diola.

(Azken ordua 10:10): Iñaki Esnaolak helegitea aurkeztu du eta esan, orain Pello beste preso bat egon daitekeen egoeran dagoela. Beraz, bisitak egin ahal izatea espero da.

(Azken ordua 9:55): Argiako langileek prentsa oharra atera dute Pelloren egoeraren gainean.

(Azken ordua 11:57): Malores Etxeberriak baimena jaso du bere senar Pello ospitalean bisitatzeko.

Angel Acebes ministroak esan zuen atzo:

Guardia Zibilak ez du torturatzen, eta kasu honetan berme eta eskubide guztiak aplikatu ditu. Are gehiago, bizitza salbatu zion Pello Zubiriari bere buruaz beste egiten saiatu zenean.

Ildo beretik gaur goizean Espainiako Justizia ministro Jose Maria Michavilak esan du:

Atxilotutakoek ETAren eskuliburua erabili dute torturak salatzerakoan.

Aske geratu diren bi lagunek eman dituzte Pello Zubiriaren egoeraren inguruko lehen testigantza zuzenak. Beldurgarriak dira.

Luis Goiak esan du:

Leku hotz batera jaitsi ninduten, begiak itxita. Han utzi ninduten arratsalde osoa, eta gero forentsearengana eraman ninduten. Hark esan zidan Madrilen nengoela. Banekien Pello Zubiria zegoela atxilotuen artean, baina besteen izenen berri ez nuen. Gauean hasi ziren galdeketak. Gau osoa zutik eduki gintuzten, bakoitza bere gelan. Iritsi zen momentua gehiago iraun ezin nezakeela, eta orduan galdeketa egin zidaten. Gau osoan oihuak eta kolpeak entzun nituen, eta sekulako beldurra sentitu nuen. Niretzat gogorrena giroa izan da, beldurgarria baitzen galdeketetan begiak itxita, beste atxilotuen oihuak eta kolpeak entzutea.

Eta Inma Gomilak:

Ni ez naute jo, baina torturaren lekuko zuzena izan naiz. Zelda barruan, paretaren kontra jartzeko agintzen ziguten, eta ateko leihotxotik begiratzen ziguten ea agindutakoa betetzen genuen. Ondoko ziegan, oihuak, kolpeak eta oinaze kexuak entzuten nituen. "Ez al diat esan paretaren kontra egoteko", eta joka hasten zitzaizkion, "akabatu egingo haut", "akabatu egingo haut". "Zer, gustatu egiten zaik?" eta joka jarraitzen zuten; "zer, ez diat paretaren kontra egoteko esan?", berriro eta halako batean "baietz" erantzuten zuen ahots errukarriz eta uzten zuten. Baina handik lasterrera berriro joko bera. Ziega barrukoak "kabroiak, kabroiak, putasemeak" oihukatzen zuen, eta poliziak esaten zion "ez al dizut esan paretaren kontra egoteko"; elkar entzungo ez balute bezala ari ziren. Poliziak kolpeka jarraitzen zuen: iruditzen zait iletik tiraka burua paretaren kontra kolpatzen ziotela. Pello Zubiriaren ahotsa ezagutu nuen. "Hil nazazue behingoz, barrabilik baduzue" esaten ere entzun nion. Hunkigarria zen. Haietako batean, ziegan inguruan zalaparta handia nabaritu nuen, jende hotsa, eta gero isiltasuna. Jada ez nuen oihu gehiagorik entzun. Pentsatzen dut norabait eraman zutela. (...)

Entzuten zenituen oihuak norenak ziren bazenekien? (Inmari galdera)

Pello Zubiriari entzun nion ondoko gelan, "Utz nazazue bakean, utz nazazue bakean!" oihuka, oso modu larrian. Beste egun batean medikua igo zen eta Pellori entzun nion esaten: "Burua nahastuta daukat, utz nazazue bakean!". Orduan asko sufritu nuen, antsietate ikaragarria izan nuen.

Bazenekien larunbatean ospitalera eraman zutela?

Ez, baina oso kezkatuta nengoen. Behin entzun nien bi guardia zibilei euren artean komentatzen Pello hilda zegoela; pentsatzen dut nahita egin zutela nik entzun nezan eta larritu nendin.

Elkarrizketa hauek, Pelloren kasuaz gain besteenak ere kontatuz, Egunero-n sarean gaur.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu