Teknologia albisteak

Katalunia: hizkuntzaren egoera

Erabiltzailearen aurpegia
Gotzon Egia - Gipuzkoako Foru Aldundia
2003-02-25 : 12:02

Egun asaldatuotako giroa nabari zen atzo arratsean Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian. Bazen jakin minik Kataluniatik hizkuntzaren egoeraz etorritakoena entzuteko, baina euskat jardunaldien batez bestekoa gainditu zuen atzokoak, jendez, entzun nahiaz, mintza beharraz. Bi orduko solas trinkoa eraikin teknikariek amaiarazi behar izan zuten, argiak itzaltzeko mehatxu. Kronikak, ezin labur izan.

Euskaldunon Egunkaria gogoan

Euskaldunon Egunkaria gogoan

Xabier Falcon Deustuko Unibertsitateko irakaslearen aginduetara ziren mahaikideen solasaren aurrez, Lluis Companys Elkarteko antolatzaileek argitu zuten mahaian ezarria zuten «bosgarren mintzalariaren» lekua Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkaria-ko eskainia zela, jardunaldion aurreko saio guztietan egona baitzen bera. Txalo gogorrak, grinaz jotako esku zarta luzea entzun zen aretoan.

Zorrotz begiratutako etenak

Mihian bilorik ez zuela ageri laga zuen Carme Forcadell-ek hizketara bezain laster, Koldo Mitxelena Kulturunean. Kataluniako Generalitatean ari da lanean, Hezkuntza Saileko Hizkuntza Normalizatzeko atalaren koordinatzaile, baina zorrotz eta estu hartu zituen Kataluniako hizkuntza politika ofiziala, zehazkiago hezkuntzaren bidez katalana gizartean suspertzeko izaniko emaitzak. Hezkuntza sistemak ezarri zituen hiru hizkuntza helburuetarik, bakarra jo zuen betetzat osotoro: Kataluniako ikasle guztiek dakite katalanez; aldiz, hezkuntza sistema ez dago osorik katalanez (hezkuntza okupazionala, helduen hezkuntza, immigranteak), eta katalanezko hezkuntzak ez du katalana sustatzeko indarrik izan. Gogor aritu zen Hizkuntza politikaren 1/1998 Legeaz, Katalunian «inoiz onartu den lege ezgauza eta baliogabeena» baita haren aburuz.

Ikusmolde ezkorra, Katalunian bizpahiru urtez hona gertatzen ari den hizkuntza aldaketa fenomenoaz: lehen, katalan batek eutsi egingo zion bere hizkuntzari erdaldun baten aurrean; gaur, arrunt dira erdarara jotzen dutenak.

Laino artean, argi

Aurpegi alaiagoa erakutsi nahi izan zuen Kataluniako hizkuntza egoeraz Miquel Strubell soziolinguista eta Universitat Oberta de Catalunya-ko irakasleak. Alde eder bat antzeman zion Kataluniari eta Euskal Herriari hizkuntza kontuotan: han, galdua omen da ia erabat hizkuntzaren aldeko antolamendua eta indar zibila; hemen, Euskaldunon Egunkaria-renak erakutsi duen bezala, oso bizirik da gizartearen nahimena.

Atzera egindakoen alboan, baina, aurrera urratsak ez zituen ahanzteko. Interneti aitortu zion, besteak beste, hizkuntza txikiok aitzinarazteko balio paregabea, mundu birtualean antolamendu egokiak mundu errealean aldakuntza franko sor ditzakeelakoan. Adibideetan, guregandik hurbilekoa den bat aipatu zuen, Open Directory Project, non internauta bolondresen langintzari esker, eskuz egindako direktorio horretan katalogatutako webgune kopuruaren arabera katalana 10. lekuan den, eta euskara 21.enean, mundu benetakoan hiztun eta indar askoz handiagoko hizkuntzen aurretik.

Gaizto papera

«Gaiztoarena» deliberatuki egitea hautatu zuen itxura hartu genion Ibon Sarasola euskaltzain, hiztegigile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleari. Euskal Herriko hizkuntza politikari zalantza potoloak ipini zizkion. Ez ote da garaia hezkuntzan ezarri diren ahalegin eta diruak beste helburuetarako ere erabiltzeko? Zertarako sortu euskaldun formal andanak, egunero erdaraz jarduteko? Hitz batera, «laurdenaren laurdena» gara euskaldunak: euskaraz dakien populazioaren laurdenaren barruan, laurden bat euskaraz bizitzeko deliberamendua duena. Matematikarik gaiztoena dugu minbizi, erdaldunen bat sar daitekeen konbinazio guztiez gaindi, erdaldunik gabeko egoeretan ere euskaldunek erdaraz dihardutenean.

Leize sakon batek bereizten ditu, Sarasolaren aburuz, Katalunia eta Euskal Herria hizkuntzari gagozkiola: hizkuntzarekiko fideltasunak, atxikimenduak (badu hitz horrek gaurkotasunik, ez bakarrik politikan!). Labur, euskaldun gehienok hizkuntza kontuetan utziak garen bezainbat aratz begitantzen ditu katalanak.

Ezbaian

Mamitsu joan zen mahaikideen arteko eta entzuleekiko solasa. Azalpenak ezin mahaiburuak agindutako denboretan sartu, orotarik ekarri zen hizpidera. Den-denak agertzea luzetsirik, azal ditzadan nabarmentzekoak.

Hizkuntza txiki bat aitzinaraztera, independentzia politikoa, guztizko burujabetza, ezinbesteko baldintza jo zuen entzule batek. Aho bat izan ziren mahaikideak: hori ez da hizkuntzaren gaitz guztien ukendua, Irlandaren aipu nahitaezkoak erakusten digu. Alabaina, Carme Forcadell-ek aldarri egin zuen, hemen eta orain, Espainiako eta Frantziako estatuen ingurumen honetan, Kataluniaren kasuan bederik independentzia politikoa ia ezinbestekoa zela.

Halako mahainguru jendetsuetan sekula ez da falta izaten hizkuntzaren ulerbide guztiz ideologizatua duenik («auzia ez da bakarrik hizkuntza bat ikastea, baizik munduaren ikuskera berezi bat adieraztea»), eta solasa horretara ere lerratu zen, halabeharrez.

Euskal Herriko hizkuntza politikaren arduradun Patxi Goenaga zeharbidez mintzatu zen Sarasolak eskatzen zuen «norabide aldaketaz», ulergaitz izateraino. Dirua eta lana «alferrik xahutzen» omen den esparruen adibide bila, «udaletan eta diputazioetan itzultzen diren horrenbeste akta, txosten eta abar» aipatu zituen. Herri erakundeen paper ofizialetako elebitasun legala auzitan jarri nahi ote zuen?

KMK-ko etxe jabeei kritika batez amaitu ziren berriketak, argi kentzea gain-gainean zegoela, arratseko bederatzi eta erdiak zirela. Ordu biko jardunean, katalanezko agur hitz batzuk, euskarazko esaldiren bat edo beste (esker ona izan zuten, hori bai, Carme Forcadell-ek hastapenean lan handiz irakurri zituen euskarazko hitzek), baina gainerako guztia gazteleraz joan zen. Entzule batek «aldibereko interpretazioa deitzen den sistema bat» badela oroitarazi zien etxeko arduradunei.

Argazkia (72 Kb)

Behean den argazkian ikusten ahal dira, ezker-eskuin, atzoko mahainguruan: Miquel Strubell, Ibon Sarasola, Xabier Falcon, Carmen Forcadell eta Martxelo Otamendiren hutsunea adierazteko Egunkariaren ale batzuk, zutik. Ikus pantailan ageri den web orriko bannerra, «Denok gara Egunkaria».

Erantzun

Sartu