"Egunero" kioskoetan, itxieraren ondorengo lehen eguna
Hauxe izan da egunkariak gaurko orrietan atera duen adierazpena:
EGUNKARIAren adierazpena
Egoera hau sinestezina da. Amesgaizto bat dirudi. Baina erreala da, erabat injustoa izan arren. Euskal gizartea beste zentzugabekeria judizial eta polizial bat jasaten ari da.
Egunkariako Administrazio Kontseiluaren, zuzendaritzaren eta langileen izenean irmotasunez ezeztatu behar dugu Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio epaitegiak eta Espainiako Barne Ministerioak atxiloketak eta miaketak justifikatzeko egiten dituen akusazioak. Gezurra da ´estrategia terroristaren barruanª inolako instrumentalizaziorik egon izana Egunkariaren par- tetik. Egunkariak ez dauka eta ez du inoiz izan zerikusirik horrelako akusazioekin. Egunkaria, bere sorreratik, komunikabide independente bat da, independentea edozein erakunde politikotik, instituzionaletik edo bestelakotik. Egunkariak konpromiso bakarra du: euskarekin eta egiazko informazioarekin. Gauza jakina da baina une hauetan gogoratu beharrekoa da.
Halaber, ozenki esan behar dugu atxilotutako Egunkariako egungo eta lehenagoko arduradunek ere ez daukatela inolako loturarik inongo ´estrategia terroristarekinª. Aitzitik, guztiek ibilbide pertsonal eta publiko luze eta eredugarria daukate kultura, komunikazio, hezkuntza eta euskalgintzaren esparruetan. Urtetako lan eskarga eskuzabala dute euren bizkar gainean. Ez du zentzurik haiek atxilotzea, erabat bidegabea da. Libro beharko lukete, gure artean, eguneroko lanarekin jarraitzeko. Beraien egoerari buruzko kezka agertu nahi dugu. Une hauetan, elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi diegu haiei guztiei eta haien senide eta hurbilekoei Egunkaria osatzen dugun guztion izenean.
Bestalde, gogoeta xume bat egin nahi dugu Egunkariarekin azken ordu hauetan gertatutakoaz. Egunkariako arduradun batzuk eta arduradun ohi batzuk eraso larri bat jaso dute, atxilotuta eta inkomunikatuta baitaude. Egunkariako langileek eraso larri bat jaso dute, duintasun osoz betetzen ari ziren lana ebatsi zaielako. Egunkariako erosle, irakurle eta iragarleek eraso larri bat jaso dute informazio eat adierazpen askatasunaren eskubidea gauzatzeko aukeratzen zuten komunikabidea itxi dutelako. Euskarari eta euskal hiztunei ere eraso egin diote, hizkuntza horretako komunikazio tresna nagusietako bat indargabetu nahi izan dutelako. Adierazpen askatasunak ere kolpe handia jaso du, ahots independente bat isilarazi nahi izan dutelako.
Horrez gain, esan nahi dugu euskal herritar guztien kontrako erasoa izan dela, Egunkaria herri honetako ondare delako, herri honetako parte delako, herri honetako aniztasunari irekita dagoelako eta euskaldunon guztien egunkaria izaten saiatu delako.
Azkenik, hamabi urtetako ibilbideak jarraipena behar du. Ezin dugu kanpotik ezarritako etenik onartu. Egunkariako langile, arduradun, laguntzaileen lanak emankor izaten segitu behar du. Harpidedunek eta irakurleek eskuartean behar dute Egunkaria. Euskal herritarrek Egunkaria bezalako egunkari bat behar dute esparru komunikatiboan. Guk, administrazio kontseiluko kide, arduradun eta langileek proiektu komunikatibo hau kaleratzeko konpromisoa berresten dugu. Ahaleginak egingo ditugu orain arteko eskaintza komunikatiboak jarraipena izan dezan. Horretarako eragile, eta herritarren konpromisoa eta laguntza beharko da. Gure ateak zabalik daude elkarlanerako. Bai Egunkariaren egitasmoa aurrera ateratzeko, bai herri honen egoerari buelta emateko.
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu une zail hauetan modu batean edo bestean guregana hurbildu eta elkartasuna erakutsi diguten guztioi, agintari, erakunde, politikari, elkarte, sindikatu zein herritarrei. Aurrera begira haiekin kontatzen dugu. Aurrera goazelako.
Andoain, 2003ko otsailaren 20an
--------------------- Sustatutik Zorionak eman Egunero kalean egoteko egindako guztiagatik. Itxia, baina ez isildua.
Azken ordua, 16.10: Irene Arrizurieta Egunkariako langileak jakinarazten digu: Polizia Egunero erretiratzen - Paisanoz jantzitako polizia Egunero kioskoetatik erretiratzen ari da. Saltzaile batek deitu du eta oztopatzen auto eramaileen bidea. Iruñeko Bigarren Zabalgunean jazo da.
(Azken ordua: 16:10) Manifestaziorako deia egin du berriz Kontseiluak. Aspalditik genuen susmoa horrelakoren bat gertatu behar zela eta azkenean etorri da. Orain larunbatean kalean egon behar dugu. Denok Donostiara! Gogoratu "Egunero" eskuan eramatea.
(Azken ordua: 13:39) Sabin Intxaurraga eta Joseba Azkarraga bihar Donostian egongo direla adieraztea egin dute. Milaka euskaltzale izango da Donostian. Ez hutsik egin.
(Azken ordua: 13:25) Kontseiluak eskaera berezia: Manifesteziora "Egunero" eskuan hartuta joatea.
(Azken ordua:13:21) 50.000 ale saldu dira. Kioskoan jarri orduko eskutik kendu. Zabalkunde bikoitza izan du Egunerok. Zorionak!
(Azken ordua:12:38) Goiena ere Donostian izango da otsailaren 22an. Euskarak eta adierazpen askatasunak jasan duten neurri gabeko erasoaren aurrean, GOIENAko zuzendaritza eta langileak ere Donostian izango dira Egunkaria denok garela ozenki aldarrikatzeko.
(Azken ordua: 12:35) Kontzentrazioa egiten ari dira eguerdiko 12:35ean hasita, Egunkaria adierazpen askatasunaren alde, da leloa. Bilkura isila egiten ari dira. Mendiguren, Bertsolariak eta bestelako euskalgintzako lagunak daude bertan. Baita ondoko Latz enpresakoak ere.
(Azken ordua: 11:48) Nazioartean Oiartzun eskasarekin tratatu dute notizia.
Erantzunak kargatzen...