Ikerlan teknologia ikertegiak instalazio berriak ditu aste honetatik aurrera. Olandixoko gunean kokatuta dagoen euren egoitzari hiru solairuko eraikin berri bat gehitu diote, 2.114 metro karratu, guztira. Egoitza eta bertako ekipamendua 5,2 milioi euro kostatu dira. Lehendakari jauna izan da ekitaldian eta guk argazki kurioso hau atera diogu.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria; Industria eta Merkataritza sailburu Josu Jon Imaz; MCCko Kontseilu Orokorreko presidente Jesus Catania; Ekonomia eta Turismoko diputatu Jose Ramon Beloki; Ikerlaneko presidente Santiago Álvarez, eta zuzendari nagusia, Carlos Redondo, izan dira.
Ikerlanek, enpresekin eta beste ikerkuntza zentroekin elkarlanean, teknologia jakituria aplikatzen du enpresarendako baliagarri izan daitezkeen produktuak sortzeko, edo daudenak hobetzeko. Instalazio berrien helburua da Ikerlanen jarduerako hainbat alorrei bultzada bat ematea: hain zuzen ere, produktu mekaniko-elektronikoen ikerkuntzari, beste batzuen artean.
Hautsa sar ez dadin
Batik bat, hiru gune nabarmentzen dira eraikin berrian.
- Gela deigarriena mikroteknologiak lantzeko laborategia da. Areto guztiz zuria da, hermetikoki itxita, eta sartzeko, jantzi berezia eraman beharra dago. Kanpoko hautsa eta elementuak sar ez ditzaten egiten da hori, azaltzen dute Ikerlaneko arduradunek. Barruan lantzen den teknologia oso delikatua da, eta zikinkeria txikienak kalte egin diezaioke. Barruan, mikroskopioak eta, lente azpian, geroago eta txikiagoak egin diren txipak ikusten dira. Horrek baieztatzen du etorkizuna tamaina txikian datorrela. Ibarretxe lehendakaria eta Imaz sailburua egon dira bertan erantsitako argazkian ikus ditzakezun moduan.
- Entsegu akustiko eta elektromagnetikoen laborategia dago. Ikerlanek azaltzen du horren erabilera: Elektratresnak, sortu berriak direnean, etxeko gainerako tresnak nahas ditzaketen uhinak sor ditzakete, edo berak besteengatik uhin horiek jaso. Hemen, uhin horiek sor ez daitezen zer egin behar den ikertzen da, gero produktu hori guztiz garatu eta homologatu ahal dadin.
- Hirugarren laborategi aipagarri bat komunikazioen laborategia da. Aipatutako bi jarduerak lehendik ere egiten zituen Ikerlanek; komunikazioei, ordea, iaz ekin zion erakundeak. Zehatz-mehatz, hari gabeko komunikazioa ari da jorratzen gaur egun Ikerlan. Horrek aplikazio bitxiak izan ditzake, Pedro Etxabe komunikazio arduradunak azaltzen digun moduan: Fagorrekin batera, suaren intentsitatea berez erregulatzen duen lapiko express bat ikertzen ari gara. Hori bitrozeramikaren eta lapiko gaineko sentsore baten arteko komunikazioaren bidez lortzen da, diosku.
Ikerlan egiten diharduan tresna batzuk: