Sustatu logoa Teknologia albisteak

Azken ahaleginak gerra saihesteko

Sustatu
2003-02-14 19:02

AEBen Armadak 100.000 soldadu omen ditu Iraken inguruan, 281 gerra hegazkin, 5 hegazkinontzi eta 750 gudu orga. Asteburu honetan, bestalde, ilbeheran sartuko gara, amerikarrek gogokoen izaten duten sasoia bonbaketak hasteko. Esan liteke, beraz, ez dagoela zereginik.

Baina ez. Azken orduetan, behintzat, egiten ari dira ahaleginak auzia bakebidetik konpontzeko. Hona hemen zenbait protagonista.

Hans Blix

Hans Blix NBEko arma ikuskatzaileak esan berri du Nazio Batuen etxean, New Yorken, ez duela aurkitu Iraken suntsipen handiko armarik, nahiz eta ezin duen esan ez daukanik, Irakek ez baitu aurkeztu frogarik. Suediarrak eskatu du denbora gehiago eta agintari irakiarren laguntza.

Tarik Aziz

Irakeko Atzerri ministroa Erroman izan da, Aita Santua bisitatzen. Honi esan omen dio Irakek bere esku dagoen guztia egingo duela arma ikuskatzaileen lana errazteko eta gerra saihesteko.

Saddam Hussein

Dekretu bat onartu du, zeinen bidez debekatzen baita Iraken suntsipen handiko armak egitea edo beste nonbaitetik eramatea. Irakeko Legebiltzarrak ere onartu du dekretua.

Roger Etxegarai

Kardinal euskalduna Iraken dago Aita Santuak bidalita, eta badirudi bihar elkarrizketatuko dela Saddam Husseinekin.

John C. Bonifaz

Abokatu honek auzitara eraman ditu George W. Bush AEBetako lehendakaria eta Donald H. Rumsfeld Defentsa idazkaria, gerra egin nahi dutelako Iraken, nahiz eta Kongresuak oraindik ez duen gerra aldarrikatu. Auzia sinatzen dute hiru soldaduk, haien gurasoek eta sei kongresukidek, denak demokratak.

PSE-EE

Euskadiko Alderdi Sozialistak jakinarazi du bihar Gernikara bilduko dela aldarrikatzeko gerraren kontra dagoela, ez nahasteagatik kalean gerraren aurka bai baina ETAren alde daudenekin.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu