XNView, irudientzako programa euskalduna
XNView ez da Photoshop edo The GIMP. Irudiak kudeatzeko eta haiekin ariketa zenbait egiteko programa bat da, ez grafikagintzarako eta irudi-sorkuntzarako suite konplexu bat.
Baina egiten duen hori ondo egiten du, eta aukera mordoxka bat dauzka. Horien artean, nik, egia esanda, bi bakarrik erabiltzen ditut, baina biak oso praktikoak:
- Interneterako argazkiak prestatzeko, formatua eta tamainua egokituz.
- Pantailazoak ateratzeko: pantailan ikusten ari garena irudi moldagarri bihurtzeko beste era bateko dokumentuetan edo web-etan itsasteko gero.
Beste aukera batzuk ere baditu, bai, filmina paseak antolatzeko-eta, adibidez. Norbera esploratzeko libre da.
XNView doan da, freeware, eta Windows, Linux eta Unix makinetan instalatzen ahal da. Eta gainera euskaraz dago. PC batean instalatzen baduzu, normalean lehen bistadizoan ingelesez edo espainolez agertuko zaizu, baina menuetako aukera hauei segitu...
Tresnak > Hobespenak > Hizkuntzak
Eta hor euskara aukeratu ahal izango duzu. Txukun euskaratuta dago, aukera guzti-guztiak agertu ez arren. Kredituetan dio euskaratzea Axier Lopez-ek egin duela. Nik ez dakit nor den, ezta lerro hauek irakurriko ote dituen inoiz, baina hemendik esan nahi diot: zorionak, eta eskerrik asko!
XNView eskuratzeko, hemendik: www.xnview.com
Erantzunak kargatzen...