Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kontseiluak hautagai euskaldunak eskatzen ditu

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak maiatzean egin behar diren hauteskundeetan aurkeztuko diren hautagaiak euskaldunak izateko eskaera egin die alderdi politikoei bidalitako eskutitzaren bidez. Kontseilua kezka handiz ikusten ari da alderdi batzuek jendaurreaan aurkeztutako hautagaiak euskal hiztunak ez izatea.

Kontseiluaren ustez, udal eta foru hauteskunde hauetan aurkezten direnak euskal hiztunak izatea oso garrantzitsua izango da hizkuntz normalizaziorako. Herri honen ordezkari politikoak izango direnek bertoko hizkuntza ez ezagutzea larritzat jotzen du Kontseiluak. Gainera, euskaltzaleak eta abertzaleak diren alderdiek hautagai erdaldun elebakarrak aurkeztea are ulergaitzagoa da.

Kontseiluak bidalitako eskutitzean hautagaiak euskal hiztunak izatearen garrantzia azpimarratzen da: Hizkuntz normalizazioa lortzeko denon partehartzea beharrezkoa da, gizarte eragile, instituzio, herri erakunde eta abarrena. Horregatik hurrengo maiatzetik aurrera gure udalak eta foru instituzioak zuzenduko dituzten pertsonak euskal hiztunak izatea lagungarria izango da euskararen garapenerako.

Eskutitz berean beste eskaera bat ere egin du: Hauteskunde programetan euskararen sustapen eta normalizazioaren aldeko ekimenekiko dituzuen asmoak azaltzea ere garrantzitsua izango da, herritarrok gure botoa erabakitzean irizpide hori ere kontuan har dezagun.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu