Teknologia albisteak

Venezuelaren egoera Caracasko Unibertsitateko errektoreak emana

Erabiltzailearen aurpegia
Edu - Goiena
2003-02-07 : 13:02

Egoera nahasia bizi du Venezuelak aspaldi honetan.Hugo Chávez presidentearen aurkakoek deituta, hiru hilabetez greban izan dira venezuelarrak eta joan den domekan oposizioak Chávez boteretik kentzeko sinadura bilketa egin zuen. Caracasko Unibertsitateko errektore Luis Ugalde (Bergara, 1938) elkarrizketatu dugu hango egoeraren berri jakiteko

Egunetik egunera Chávezen aurkako ekintzak errepikatzen dira Caracasko kaleetan. Oposizioak hauteskundeak aurreratzea eskatzen du Chávezen gehiegikeriekin nazkatuta dagoelako, ez dute abuztuko erreferendumera arte itxaron nahi. Chávezen gobernuak, berriz, aginteari eutsi nahi dio herriak hala aukeratu zuelako. Duela lau urte hauteskundeetan botoen %70 eskuratu zuen Chávezek, baina urtetik urtera bere herritarren laguntza galtzen joan da. Oposizioko iturrien arabera, hautesleen %60 Chávezen kontrakoa da gaur egun. Bien bitartean indarkeriazko ekintzak ia eguneroko kontua dira.

Ugalde Chávezekin elkarrizketatu da

Jesusen Lagundiak Hego Amerikan dituen unibertsitate guztietako presidentea da Ugalde. Behin baino gehiagotan elkarrizketatu da Ugalde Chávezekin: “arazoa ez da Chávezen aldekoa ala kontrakoa izatea, baizik eta ekonomikoki eta instituzionalki suntsituta dagoen herrialdea berreraikitzeko dauden aukerak aztertzea. Zoritxarrez, Chávez ez da berreraikitze horretan venezuelarrak batuko lituzkeen gizona eta inbertsioak eta enplegua sortzeko konfiantza galdu du. Hori barik, gainbehera goaz. Chavezen ‘iraultza’ ez da bideragarria, ezta errealista ere. Gaurko Konstituzioaren barruan negoziatutako irteera demokratikoak bilatu behar dira, alde batek bestea baztertzeke. Oposizioan ere oso jarrera erradikalak dira eta horrela ez dago arrazoizko giza akordioak lortzeko tarterik”.

Konponbidea hauteskundeak aurreratzea

Ugalderen arabera, konponbidea hauteskundeak aurreratzea izan liteke: “tentsio handia dago eta gerraren atarian gaudela dirudi. Hala ere, gerra zibila saihestea posible ikusten dut. Oposizioak eta gobernuak hauteskundeak aurreratzea adostu beharko lukete, irabazle nor den errekonozituz eta galtzaileen garantia konstituzionalak defendatuz. Hori da momentuan gehiengoak eskatzen duena, baita Herrialde Amerikarren Erakundeak eta Brasilek zuzentzen duen herrialde lagunen taldeak ere”.

"Oposizioaren indarra kalean eta manifestazioetan dago"

“etorkizuna beharrean, oposizioko hainbat figurek iragana ordezkatzen dute, baina badira ere gizarte zibileko mugimendu eta alderdi politiko interesgarriak oposizioan. Zilegizko alternatiba izateko, akordio programatikoak gehiago landu beharra daukate. Dena den, Negoziazio eta Akordio Mahaian diren oposizioko sei ordezkariek maila handia daukate eta jarrera demokratiko eztabaidaezina daukate”.

Venezuela - Euskal Herria

Venezuelak lotura estua izan du Euskal Herriarekin, batez ere Espainiako gerraren ondorioz euskaldun asko eta asko hara bizi izatera joan zirenetik. Oraindik ere euskaldun asko dago Venezuelan. Caracasko Euskal Etxea, esate baterako, Latinoamerikako euskal etxe garrantzitsuenetako bat da. 400 bazkide inguru dira Euskal Etxean. Ugalderen hitzetan, “zaila da jakitea euskal koloniaren iritzia auzi honetan. Klase ertainaren gehiengoa bezala, erradikalki Chávezen kontra egongo dira. Ezkertiar sektore batek Chávezen “iraultzarekin” bat egiten zuen hasieran, baina beharrezko tramite juridikoak bete barik euskal errefuxiatuak espainiar gobernuaren esku utzi izanak aldatuko zuen beharbada Chávezekiko jarrera”.

Huelgaren ondorio latzak

Greba luzearen ondorioak gainditzea kostako zaio Venezuelari: “Venezuela munduko 5. petrolio esportatzailea da eta aurrekontuaren %50 eta dibisen %70 suposatzen dute petrolio esportazioek. Venezuelak egunero 3 milioi barril esportatzen zituen eta orain kopuru hori ez da milioi batera iristen. Honek sekulako gainbehera suposatuko du aurrekontuan. Kapital-ihesa dela eta, gobernuak trukearen kontrol zorrotza ezarri du eta dolarren erabilerak ustelkeria eta kontrol politikoa ekarriko ditu. Negoziaziorik eta akordio nazionalik ez badago, nekez saihestuko ditugu gosetea, langabezia (%30ekoa gaur) eta azken 100 urtetan izan ez ditugun pobrezia eta kaosa. Logikoki, honek ondorio politiko larriak izango ditu, erregimenaren desprestigioa tartean. Gobernua oposizioari kontrol politiko militarra egin nahi dio, baina ez du erraz lortuko”.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago