Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gerraren aurkako mobilizazio eguna

editorea - Sustatu
2003-02-10 12:02

Datorren otsailaren 15ean Europa osoan gerraren aurkako mobilizazio eguna izango da. Giza mugimenduak eskubide sozialak, justizia soziala, zapalkuntza mota guztien kontra eta dibertsitatea, askatasuna eta elkarren arteko errespetua aldarrikatzera kaleetara irtengo dira.

Amerikako Estatu Batuetako gobernuak berriz Iraken kontra gerra egitea erabaki du. Golkoko Gerraren ostean, non milaka irakiar erailak izan ziren eta 12 urteko blokeoak 1.500.000 lagunen hilketa eragin ostean (900.000, umeak), Aznarren laguntza osoaz, irakiar herriaren genozidioa handitzera doaz.

Azken garaietan Bushen gobernua inolako zentzurik ez zeukaten aitzakiak asmatzen ibili da Iraki erasotzeko, orain urtebete aldez aurretik jada egoera larrian zegoen Afganistango herria txikitzeko, Bin Laden han zegoela argudiatuz, egin zuen moduan.

Bushen benetako arrazoiek ez daukate zer ikusirik desarmea, demokrazia eta giza eskubide edo nazioarteko legalitatearen aldeko defentsarekin. AEBetako ejertzitoa munduan zehar gerra gehien sortu duena, herri gehien inbaditu duena eta arma gehien erabili duena da, hain zuzen. Azken hamarkadetan AEBetako gobernu guztiek hainbat diktadura lagundu dute eta laguntzen jarraitzen dute. Lurralde hartan aliaturik onena Israel da. Hau, ONUk hartutako ebazpen gehien bete ez duen herria da, egunero, munduko kazetarien kameren aurrean, palestinarren giza eskubideak basatiki zapaltzen dituelarik.

Benetako arrazoia Petrolioa

Iraki erasotzeko benetako arrazoia petrolioaren kontrolean datza. Irakek, petrolio-erreserba izugarriak ditu, munduko bigarrenak, gaur egun multinazional handien kontrolpean ez daudenak. Beraz, hau aldatzea da arrazoi nagusia eta ez besterik.

AEBek Planetan duten nagusitasuna indartzea bilatzen dute, horretarako bere indar militar osoa erabiliz. Europar gobernu eta komunikabide handien laguntzaz, aitzakiak erabiltzen ditu: "gaizkiaren ardatzak" eta "terrorismoa". Honekin, berrarmatzea, ejertzitoen existentzia, gastu militarren handitzea, eraso militarrak eta mundu osoan zehar giza eskubideak eta askatasunak bertan behera uztea justifikatu nahi dituzte.

Gerra erabakita dago, baina ez da saihestezina.

Presioak, erresistentziak eta gizarte mobilizazioek gera dezakete gero eta globalagoa den inperialismoaren gerra-makinaria. Basakeria gelditu ahal izateko premiazkoa da nahiak eta asmoak antolatzea. Gera dezagun gerra!

Sinatzaileak: Gerraren aurkako Gipuzkoako Plataforma

(ESK, USO, STEE-EILAS, LAB, ELA, CCOO, Ezker Batua, Aralar, Zutik, Euskal Herriko Komunistak, PC-EPK, Sozialista Abertzaleak, Gazte Komunistak, MOC-KEM, Komite Internazionalistak, Hemen eta Munduan, Askapena, Plazandreok, Munduan Elkarlanean, Bateginik, Asociación de Emigrantes, Resumen Latinoamericano, ABK)

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu