Euskaldun izateko arrazoiak aztergai Larrun aldizkarian
Larrun berezi honen sarreran aipatzen den bezala, azken hamarkadatan asko hitz egin da euskararen ezagutzaz eta erabileraz. Azken urteotan ordea, gutxiago aztertu da euskararen ezagutzara eta erabilerara zerk bultzatzen gaituen. Jakin-min hori osatzeko, Larrun honetan ikuspegi desberdinak, jarduera desberdinak eta baita diskurtso maila desberdinak dituzten hiru pertsona bildu dituzte mahaiaren inguruan: Atxaga, Odriozola eta Sarasua. Gai asko jorratu dituzte: azterketa sozial zorrotza, sormena, poetika, pragmatismoa, erreformismoa, sena, erakunde publikoak, euskalgintza...
Hona, ale honetan, irakur daitezkeen pasarteetako batzuk:
Atxaga:
- "Hizkuntza baten bizia errepikapenarekin lotuta dago. Jendearen hizkuntza gaitasuna entzuten duenarekin, irakurtzen duenarekin, errotuluetan agertzen denarekin dago lotuta, hau da, ikusgarri eta entzungarri, azal-azalean dagoen horrekin".
- "Gaur egun sartzen den diruarekin, inbertsioarekin, zaila da okerrago egitea hizkuntzaren azalaren inguruko lana. Euskal Herriko errepideetan, hirietan, zineetan, txarteletan, egunkarietan agerian dauden gauza guztiak gaizki daude eta deseragileak dira. Uxatu egiten dute euskara erabili nahi duena".
Odriozola:
- "Mamiak, senak huts egin du, senaren transmisioak huts egin du. Eta ez da kasualitatea, minorizazio prozesu guztietan gertatzen baita. Ez da soilik kantitatea galtzen, kalitatea ere galtzen da. Estatusa eta corpusa dauzkagu, baina corpusaren barruan dago problematika hau, corpusaren transmisio egokirik ez dagoelako, erregistroen transmisioa etenda dagoelako. Corpusa eta estatusa elkarreraginean diharduten prozesu bakarreko bi alderdi dira. Hizkuntza komunitateak bere buruaren jabe izan behar du; maila politikoan bere ondare linguistikoa kudeatzeko adinako autonomia izan behar du. Baina hala balitz ere, euskal estatu bat bagina ere, jada etnozidioa ia gertatu da eta zuek ari zarete horren adierazle argienetako bati buruz: belaunaldi berriak ez dira gai beren mundu sinbolikoa euskaraz erdararen pare adierazteko".
Sarasua:
- "Krisia gordinegi agertu dut agian. Niretzat hizkuntza kalitateak nolako garrantzia duen azpimarratu nahi nuen. Adibidez, niretzako oso garrantzitsua da hizkuntzaren gozamen balioa, ñabartu, esperimentatu, hitz berriak sortzeko aukera hori. Hizkuntzak gure komunikazio eta sorkuntza beharrak asetzeko tresna konplexu, engrasatu eta doitua behar du izan. Hizkuntzak horretarako tresna behar du, eta ez baldin bada, pasa gaitezen beste hizkuntza batera, ez gaitezen ibili erdipurdi. Kalitate sena galdu dugu. Eta gauza horietan ari gara jokatzen etorkizunean euskaraz bizitzeak piz dezakeen interesa edo interesik eza."
Mahai inguruan berba egindakoa osorik irakurri nahi baduzu, aste honetako Argia astekarian edo helbide honetan aurki dezakezu.
Erantzunak kargatzen...