Joan den ostiralean amaitu zen New Yorken LinuxWorld nazioarteko erakusketa. Hizlarien artean, exekutibo franko. Urruti geratu dira aitzindariak eta doako programazioaren filosofoak.
Urtarrilaren 21etik 24ra bitartean hitzaldi, mintegi, erakusketa eta aurkezpen ugari egin ziren New Yorken, aurtengo LinuxWorld Expo erakusketan. Argi geratu da dagoeneko Linux ez dela lau katu amateur idealistaren kontua. Arrakastak eraman du munduko enpresarik indartsuenetara, nahiz eta bere bihotzak hasieran bezain libre segitzen duen.
GNU/Linux da sistema eragile bat, informatikari sare bolondres batek Linus Torvalds informatikariaren bultzadaz sortua Unix sistemaren ezaugarriekin, iturburu-kodearekin batera banatzen dena doan eta askatasun osoz kopiatu, aldatu eta berriro bana daitekeena, beti ere eutsiz askatasun izaerari. Hamar urtean igaro da proposamen utopiko izatetik benetako alternatiba izatera Microsoften monopolioari.
Gaur egun 15 milioi ordenagailutan dabil Linux sistema, batez ere zerbitzarietan (hauen markatuaren %20 da Linuxena) eta Internetekin lotutako lanetan. Google bilatzailea adibidez, erabat dago antolatuta Linux sistema eragilearen gainean. Amazon liburudenda birtualak ere hainbat atal ditu antolatuta sistema horrekin. Eta Intel enpresak aitortu du urtebetean 200 milioi dolar aurreratu dituela Linuxi esker. Bestetik, Alemania, Norvegia, Txina, India, Frantzia eta Brasilgo gobernuak ere hasi dira Linuxekin lan egiten. Eta ezin Hollywood aipatu gabe utzi: bai produktorak eta baita efektu berezietako enpresek Linux darabilte nagusiki: Disney, Pixar, DreamWorks, Light and Magic eta Digital Domain.
Linuxen abantaila
Linuxek abantaila handi bat du orain arte enpresetan zerbitzari moduan erabili den Unix sistemaren ondoan: askoz ere merkeagoa da. Unix-ek zerbitzari eta ordenagailu oso garestiak behar dituen bitartean, Linux prestatuta dago Intelen txipekin lan egiteko. Bitxia bada ere, horixe bera da Windows NTk izan duen abantaila Unixen ondoan. Horregatik, oraingoz behintzat, ez dirudi Linuxek merkatu handirik kenduko dionik Windowsi enpresetan. Biek, ordea, bai ari zaizkio pastela jaten Unixi.
Unix 1960 hamarkadan sortu zuen AT&T konpainiak. Harrezkero hainbat bertsio sortu ziren, hornitzaile bakoitzak egina eta ahulduz joan direnak Unixen merkatua. Hornitzailerik handienak orain arte izan dira IBM, HP eta Sun Microsystems. (Bitxikeria bat: Unixen azken kumea da Mac OS X sistema eragilea, mac berrietan dabilena).
Baina horiek ere apustu egin dute Linuxen alde, batik bat IBMk. Horren ondorioz, gaur egun Linux garatzen ari diren 1.000 garatzailetatik erdia baino gehiago enpresa handi hauentzat ari dira lanean (IBM, HP, Dell eta Sun).
IBMren erronka
IBMk orain hiru bat urte egin zuen Linuxen aldeko apustua. New Yorken ere, ozen entzun dira Big Blue etxekoen hitzak. Hona hemen datu batzuk, adierazten dutenak zenbateraino busti den IBM Linuxekin:
Microsoften erantzuna
Sistema eragileen merkatua ia erabat (%95) dago Microsoften esku. Eta ez dirudi oraingoz Linuxek zati handirik kenduko dionik. Baina Linuxek zabaltzen du software librearen mezua eta hori mehatxu galanta da Redmonteko digantearentzat.
Azken egunotan honek bi erantzun eman ditu, Linuxi begira: batetik, erabaki du erakustea gobernuei eta bezero handiei Windows sistema eragilearen iturburu-kode gehiena, Sustatun iragarri genuen bezala; eta bestetik, sortu du erakunde bat, Initiative for Software Choice, aurrez aurre, eta diru mordoarekin, burruka egingo diona Software Libreko Fundazioari.
Badaezpada ere, Microsoftek txozna bat izan zuen LinuxWorld Expon. Asko ez zuen salduko, baina aprobetxatu zuen bere predikua egiteko, batez ere Unix darabilten enpresetan.
Erantzun
Sartu