Sustatu logoa Teknologia albisteak

C.S.I. ko izarrarekin elkarrizketa esklusiboa

CSI saio arrakastatsuko aktore Billy Petersen Oñatin bizi izan zen 1973an. Joan den ostiralean berari elkarrizketa egin genion eta horixe atera dugu Goienka2ko gai nagusi moduan.

Telebistako izar baten iragan euskalduna

Telebistako izar baten iragan euskalduna

C .S.I. telesail arrakastatsuko izarra da William Petersen aktorea. Sari prestigiodunak irabazi, kritikoen goraipamenak entzun eta publikoaren miresmena jasotzen ditu. Gutxik dakitena da Petersen-ek Oñatin urtebete igaro zuela 1974an, euskal kulturarekin maiteminduta. Lotura horri eutsi egiten dio aktoreak, eta hala erakutsi digu GOIENKARIAri eskaini dion elkarrizketa honetan. Ospea eta dirua izan arren, gizon umoretsu eta jatorra izaten jarraitzen duela erakutsi digu.

Zein oroitzapen gordetzen dituzu Oñatin izan zinen garaitik?

Dauzkadan Oñatiren oroitzapenak oso-oso biziak dira. Oso leku esanguratsua da niretako, sentimenduz betetakoa. Gure alaba Maite Arrasaten jaio zen, 1975an; han bizi izan ginen urtebetez… Orain hiru urte han izan ginen berriro Maite eta biok, eta berriro joateko asmoa dugu.

Niretako, Oñati da Europarekin maitemindu nintzen lekua, eta aktore bezala nire bokazioa piztu zen lekua. Oñatirekin amodio istorio bat dudala esan daiteke: niretako, noizbehinka baino ikusi ezin dudan maitalea bezala da Oñati.

Euskal erroak izan ez arren, euskal kulturarekiko zaletasun handia duzu. Zelan piztu zitzaizun interes hori?

Ni izatez Chicagokoa naiz, baina Boisen (Idahoko estatuan) bizi izan nintzen, eta hango ikastetxera joaten nintzen. Boisen euskaldun jatorriko familia asko bizi dira, eta nire ikaskide eta lagun asko euskaldun sustraidunak ziren. Hortik piztu zitzaidan interesa.

Gero, 1974an, ikastetxeko zuzendariek euskal kultura gertutik ezagutzeko programa antolatu zuten, eta nire lagun askok izena eman zuten. Orduan, neuk ere Oñatira joatea erabaki nuen.

Zure alaba Maite hemen jaio zen arren, orain hiru urtekoa izan zen bere lehen bisitaldia, ezta?

Bai, hala da. Oso egonaldi berezia izan zen Maiterendako ere. Jaio zen ospitalera eraman nuen, eta baita Arantzazura, Oñatiko San Lorentzo auzora… Hara, Oñatirekin sentimenduz betetako lotura bat du: hor dago, bere izenean, bere iraganean… eta niretako ere gauza bera da. Biok gura dugu berriro joatea, eta espero dugu urte pare batean-edo joan ahal izatea. Bilbo, Iruñea, Gernika… erakutsi nahi dizkiot. Orduan, jende guztiak ezagutuko zaitu, C.S.I. dela-eta… Bai; aurrekoan, oso erosoa izan zen, inork ez ninduelako ezagutzen (barrezka).

Oñatin konturatu zinen aktore izan nahi zenuela?

Bai. John Woodward izeneko irakasle bikain bat etorri zen gurekin. Antzerki klasikoa maite zuen, eta beraren eskutik piztu zitzaidan neuri ere interesa. Oñatin izatea esperientzia mistiko antzekoa izan zen. Amets handiak amesteko lekua zen. Antzerkia zein miragarria zen konturatu nintzen han. San Lorentzon, antzerki lanak jokatzen genituen. Adibidez, Hamlet antzeztu genuen.

Oñati oso aldatua ikusi zenuen orain hiru urte?

Zeharo aldatuta: eraikuntza berri ugari, errepideak… Desberdin dago oso. Lehen aldiz han izan nintzenean, asko harritzen gintuen mendietan artaldeak-eta ikusteak. Gerora, El señor de los anillos filma egin zutenean, Oñatirekin asko akordatu nintzen, hobbit-en ‘erdi lurra’ren itxura zuelako. Beste aldaketa batzuk ere ikusi ditut: adibidez, gu izan ginenean, Franco agintean zegoen, eta euskararik ez zen entzuten. Gero, berpiztuta ikusi nuen. Sinesgaitza zen niretako.

Gaur egun, oso gizon lanpetua zara. C.S.I. telesailaz gain, beste proiekturik baduzu?

C .S.I. grabatzen hamalau ordu ematen ditugu, astean zazpi egunez. Baina beste gauza batzuk ere egin gura ditut. Adibidez, ‘western’ bat egiteko asmoa dut, eta Chicagon antzerkian lan egingo dut. Remains nire betiko antzerki konpainiarekin egingo dut lan berriro ere. Asko maite dut antzerkian lan egitea, bereziki Chicagon. Gurasoak ere han ditut, eta ahal dudanetan joaten naiz.

Pozik zaude C.S.I.n egiten duzun lanarekin?

Telebistan ez agertzen saiatu izan naiz, telesailetako lana aspergarria izaten bukatuko zela uste nuelako. Tira, Grissom-ena egitea aspergarria da askotan, baina gutxienez interesgarria ere bada: misterioak daude, teknologia berriena erabiltzen dugu… Gainera, dibertigarria da zientziaren gainean zerbait ikastea, izan ere, ikaslea nintzenean, ezin txarragoa nintzen zientzietan. Orain, zerbait dakidalaren plantak egin ditzaket (barrezka).

William Petersen (edo Billy, berak deitzea eskatzen duen moduan) aktore ezaguna da gaur egun, baina erdi klaseko familia baten du jatorria, eta, ezagutzen dutenek esaten dutenez, “lehen bezain xumea eta jende artekoa izaten jarraitzen du”. Urtarrilaren 13an, Euskal Herrian gaueko ordu txikiak zirenean, Estatu Batuetan, Pasadenan (Kalifornia), C.S.I. telebista saioko protagonista William Petersen aktoreak People’s Choice -hau da, jendearen aukera- saria jasotzen zuen. Telesail hori izaten ari den arrakastaren beste eredu bat da. Geurean ere, arrakastatsu oso da C.S.I. (T5 telebista kateak emititzen du astelehen gauero). Telesail horrek poliziarekin batera misterioak argitzen lan egiten duten forense batzuen gorabeherak kontatzen ditu, eta haien buru den Gil Grissom doktorearen papera egiten du Petersen-ek. Baina aktore honen bizitza ez da beti glamourrez inguratuta egon. 1974an, nora, eta Oñatira etorri zen Petersen, euskal kulturarekin maiteminduta. Garai hura atseginez gogoratzen du oraindik Hollywood-eko izarrak.

Lehen urteak

William Louis Petersen AEBko Illinois estatuan jaio zen, 1953ko otsailaren 21ean. Gaur egun izar diren hainbatendako bezala, Petersen-endako, hasierak ez ziren errazak izan. Sei anai-arreben artean gazteena zen, eta gurasoek altzari denda bat zuten. Hamabost urte zituela, Boise hirira joan zen bizi izatera, eta Bishop Kelly ikastetxera joan zen. Han, euskal errodun jendea ezagutu zuen Billyk. 1974an, Oñatira, euskal kultura hobeto ezagutzera, etorri ziren hainbat gazte amerikar, eta Billyk ere etortzea erabaki zuen. Oñatin bizi izan zen urtebetez. Han, bere lehen emaztearekin ezkondu zen, eta 1975ean, haien alaba Maite jaio zen.

Antzerkitik C.S.I. telesailera

AEBetan bueltan, antzerki munduan buru belarri hasi zen lanean Petersen, eta Remains izeneko antzerki taldea sortu zuen lagun batzuekin. Bere talentuak Hollywood ere erakarri zuen, eta To live and die in L.A. filma izan zen beretako lehenengoa. Hala ere, kritikoen esanetan, “aktore izan nahi zuen, ez izar; hori dela eta, komertzialtasunari begira baino, artistikotasunari begira aukeratzen zituen proiektuak”. C.S.I. telesailean agertzearekin batera egin zen Petersen publiko handiarendako ezagun. Estatu Batuetan, 2000. urteko urrian estreinatu zen telesaila. Estatuan, eta baita Euskal Herrian ere, arrakasta handia du saio horrek. T5 katearen datuen arabera, bataz besteko hiru bat milioi ikusle ditu astero, eta irailaren 30ean, lau milioi eta erdi izan zituen.

C .S.I.-ren gainean

Telesailak bi sari irabazi ditu, eta beste seirako izendatuta egon da 2000.etik, AEBetan. C.S.I. telesailean gustura dabil Bill Petersen. Bere pertsonaia, Gil Grissom forensea, kultura eta jakintza handiko gizona da, eta asmakizunak eta esaldi bitxiak ditu gustuko. Petersen-ek dio: “Telesailean, une oro zerbait ikasi nezakeela ikusi nuen, eta horrek lan hau gustura egitea dakarkit. Grissom eta ni desberdinak gara, baina, behin esan zidaten moduan, antzezten duzunean, zure buruak badaki antzezten zabiltzala, baina bihotzak, ez; hortaz, pertsonaia bakoitzarengan, aktoreak bere ezaugarriren bat uzten du”.

C .S.I. hainbat saritarako izendatuta izan da, tartean, Emmy ‘telebistako Oskar’ sarietarako. Urteko telesail onenaren TV Guide saria irabazi zuen 2001ean, eta aurten, publikoak emandako saria.

Aktore osoa

Antzerkia da bere pasioa, baina telebistan eta zineman ere lan oparoa egin du Petersen-ek. Billy Petersen-en benetako pasioa, antzezteari dagokionean, antzerkia da. 1979an, Remains izeneko antzerki konpainia sortu zuen, bi lagunekin batera, eta oraindik horrekin lanean jarraitzen du Billyk. Chicagon, goi mailako aktoretzat izan zuten berehala Petersen, eta hainbat sari irabazi zituen. Hollywood-en, 1984an egin zuen lan aurrenekoz, Vivir y morir en L.A. filmean. Hannibal Lecter psikopataren atzetik ibili zen lehen poliziarena Petersen-ek egin zuen, Hunter filmean, 1986an. Bere beste film batzuk hauek dira: Arma Joven II, The Skulls, sociedad secreta, Cousins, Hard Promises, edo Candidata al poder. Telebistan, El Kennedy de Massachussetts-en Kennedy-tarren aitaren paperarengatik, Urrezko Globoa irabazi zuen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu