Sustatu logoa Teknologia albisteak

J. Retegi Eusko Ikaskuntzako presidente

editorea - Sustatu
2003-01-10 11:01

Jabier Retegi, Euskal Herriko kultura eta ikerkuntza erakunde garrantzitsuenetariko bateko presidente izendatu zuten: Eusko Ikaskuntza erakundekoa, hain zuzen ere. Retegik esan duenez, "espiritu berritzailea berreskuratu nahi dut, eta erakundearendako beste ikuspegi bat ezarri."

Eusko Ikaskuntzak hezkuntza eta, era berean, kudeaketa arloetan esperientzia handiko presidentea aukeratu du oraingoan. Ekonomialari eta ingeniari ikasketaz, irakasle, Eusko Jaurlaritzako sailburu, enpresa kudeatzaile eta, azken urteotan, Mondragon Unibertsitateko errektore izan da Retegi, besteak beste. Kargua hartzearekin batera, Retegik bere asmo orokorraren berri eman zuen: “Eusko Ikaskuntza sortu zeneko espiritu berritzailea berreskuratu nahi dut, eta erakundearendako beste ikuspegi bat ezarri”. Gaineratu zuen, printzipio kulturalak ahaztu barik, enpresa ikuspegitik zuzendu nahi zuela aurrerantzean erakundea. Badirudi, hortaz, aurten 85 urte beteko dituen Eusko Ikaskuntzak aro berri bati ekingo diola.

kultura eta ikerkuntza erkunde bakarra

Eusko Ikaskuntza da euskal ikerkuntzari lotura eman dion erakunde bakarra, eta Euskal Herri osoan ofiziala den kultura eta ikerkuntza erakunde bakarra da. Gaur egun, seguruenik, kaleko jendeari ezagunago egingo zaio Euskaltzaindia Eusko Ikaskuntza baino, baina azken horren magalean sortutakoa da hura. Eusko Ikaskuntzaren beste ekarpen handi batzuk bezala, 1936ra bitartean gauzatu zen hura; horrekin batera, Euskal Unibertsitatearen funtsak ipini zituen; ikastoletarako ikas materiala diseinatu zuen…

Azken urteak

Krisialdi sakon baten ondoren, 1978an Oñatin egin zuten berriro batzar nagusia, eta indarberrituta irten zen Eusko Ikaskuntza. Han definitutako xedeak, hauek: “Euskal kulturaren ohiko balioei eustea, euskal kulturaren maila jasotzea eta mundu osora zabaltzea, eta euskal kulturaren balio berriak sortzea”.

Gaur egun

Gaur egun, ia hiru mila bazkide ditu Eusko Ikaskuntzak, eta horiek ditu oinarri. Azken urteotan, erronka berriei eutsi die erakundeak. Ikerkuntza du baliabide nagusi, eta urtean hainbat dirulaguntza dei egiten ditu. Era berean, azken hamarkadan irakaskuntzari indar handiagoz eutsi dio Eusko Ikaskuntzak, eta eusko ikasketak eta zientzia ikerketa sustatzeko ikasturteak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzen ditu. Azkenaldian, teknologia berriak euskal kultura sustatzearen alde erabiltzen hasi da Eusko Ikaskuntza.

Argitalpen batzuk

Urteko, 40 argitalpen egiten ditu Eusko Ikaskuntzak eta horietatik bi dira ezagunenak. Asmoz ta Jakitez berripapera argitaratzen da hilero, erakundearen berri emateko. Zazpi mila ale argitaratzen dituzte aldiro. Hori da Eusko Ikaskuntzaren argitalpen ezagunena, baina Euskonews.com astekariak ere bide handia egin du 1998a ezkero. Euskal zientzia eta kulturari eskainitako webgune hori lau hizkuntzatan egiten da eta mundu osoko euskaltzaleen erreferentzia bihurtu da.

Bazkideak

Hiru mila bazkidetik gora ditu Eusko Ikaskuntzak Eusko Ikaskuntzak bazkideengan du lan oinarria: “Bazkide bakoitzaren ekarpen zintzo eta zorrotzean datza azken emaitza”, dio erakundeak. Bazkide egiteko aukera dago eusko-ikaskuntza.org webgunean bertan. Bazkide egitearekin batera, lan arloa aukeratu behar da. Sail bakoitzak urtean birritan eratu behar ditu batzarrak, bazkideen egitasmoak bateratzeko.

Eusko Ikaskuntzaren entziklopedia, Interneten

Zentzu askotan, erakunde iraultzailea izan da Eusko Ikaskuntza. Adibidez, 1996an, Auñamendi argitaletxearekin itun bat sinatu zuen, erakundeak ordura arte argitaratutako guztia eta bere entziklopediako edukiak eguneratzetik sortuko ziren materialak Internet bidez eskaini ahal izateko. Entziklopedia horrek 25.000 orri ditu, eta 50.000 irudi eta argazki. Liburutegi birtuala ere badute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu