EPOk izen txarra du kirolzale askoren artean, batez ere jakin izan denetik fondoko kiroletan erabiltzen dela dopin moduan. Jende gutxik daki, ordea, medikuntzan ere gero eta gehiago erabiltzen dela eta, berorri esker, gaixoon bizi kalitatea izugarri hobetu dela.
EPO boladan egon zen 90. hamarkadan fondoko kiroletan dopin moduan, baina laborategiak ez ziren gai izan antzemateko ia joan den mendearen amaiera arte. Ordea, hori gertatu zenean, kasu ugari agertu ziren hala txirrindularitzan nola fondoko eskian edo maratoian. Horrek ospe txarra eman zion EPOri, askok eta askok iruzurrarekin lotu baitzuten.
EPO eritropoietina da, ingeniaritza genetikoak sintetizatu duen proteina bat eta arduratzen dena globulu gorriak egiten. Kirol mediku zenbait berehala konturatu ziren EPOk izugarri hobe zezakeela kirolarien lana, zeren eta EPO hartzen duen kirolariak hobe baitezake ahalmena oxigenoa kontsumitzeko atleta baten motorraren zilindrada, nolabait esatearren %7 edo 8, zerbait ezinezkoa ia, lan guztia bakarrik entrenamenduan oinarrituz gero. Eritropoietinak, beraz, ugaldu egiten du, modu artifizialean, globulu gorrien kopurua gorputzean eta horien bidez, askoz ere oxigeno gehiago iristen da hartzen duenaren giharretara.
EPO eta medikuntza
Hala ere, EPO ez zen asmatu kirolarientzat, baizik eta gaixoei laguntzeko, batez ere anemia kronikoa dutenei (giltzurrunetako gaitzak dituztenei eta HIESak jotakoei, kasu) edo tratamendu berezietan dabiltzanei, esate baterako kimioterapia hartzen dugunoi, azken honek izugarri jaisten duelako globulu gorrien kopurua gaixoengan.
Nik ere hartu izan dut EPO, kimioterapiaren lehen zikloarekin batera. Bi arrazoirengatik eman zidaten: batetik, anemia handia nuelako minbizia aurkitu zidatenean (globulu gorri oso gutxi, hortaz), eta bigarrenik, kimioak berak egur handia eman behar zielako geratzen zitzaizkidan globulu gorri apur haiei.
Hilabetean zehar, astean bi egunean hartzen nuen EPO. Hasieran Begok jartzen zidan, emazteak, baina laster ikasi nuen nik neuk ipintzen. Horretarako xiringa berezi batzuk erabiltzen nituen, behin erabilita bota egiten diren horietakoak. Leku bat aukeratu tripa inguruan, ondo igurtzi alkoholaz eta zdast!, xiringa sartu eta hau astiro-astiro sakatu, sendagaia poliki-poliki sar zedin. Bukatutakoan berriro pasatu alkohola, eta kito.
Medikuak lehen egunean esan zidan eritropoietina emango zidatela eta galdetu nionean hori ote zen txirrindulariek erabiltzen zuten EPO, hark baietz, baina zuk ez duzu inongo goraldirik igarriko, zeren eta zure globulu gorrien maila oso baxua baita. Eta horrelaxe izan da. Lehen hilabetean astero hartu nuen birritan, baina behin nire globulu gorrien maila egonkortu zenean, ez dut gehiago hartu. Oraingoz.
Aurrerapen handia izan da EPO gaixoontzat, hori barik odol transfusio mordoa beharko genituzte eta. Eta horri esker, transfusioen abantaila guztiak jasotzen ditugu, baina ez arriskuak, hepatitisa harrapatzekoa adibidez.
Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
Kaixo Joxe!
Aspalditxo esan zidan arrebak zure gaixotsunari buruzko artikuluak argitaratzen ari zinela sustatun. Lanean nintzela hasi nintzen orduan irakurtzen, baino jende aurrean lan egiten dudanez, negarrez hasi nintzenean irakurtzeaz utzi, inprimatu eta etxean lasaiago irakurri nituen.
Atzo gauean paper mordo tartean aurkitu nituen, eta "koño, nola ote dabil Joxe hau" galdetu nion nere buruari.
Gaur sustatun sartzean ikusi det animatua zabilela, burrukan gaitza eta administrazioarekin.
Zer esan jakin ez, eta bururatzen zaidan bakarra:
ANIMO JOXE!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!