Teknologia albisteak

Jaurlaritzako hirukoaren proposamena soft librearen alde Eusko Legebiltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2002-12-04 : 12:12

EA-Sarean-ek proposamen bat egin ondoren, eta PSN-k Nafarroako Parlamentuan beste bat aurkeztu ondoren, Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da software librearen aldeko mozio bat. Kasu honetan, EA, EAJ eta IU-EB hirukoak aurkeztua

Eusko Legebiltzarraren aldizkari ofizialean agertu da. Testua PDF dokumentuan aurkituko duzue. Hemen ere bai, bide batez...

Kontesturako, hor duzue Nafarroako erreferentzia eta EA-Sarean-ek prestatu zuena

---------

Euskal Administrazio publikoan "software" librea garatzeari buruz. (Tramitatzeko onartzea) (07/11.02.01.0200)

Mahaiak, 2002ko azaroaren 26ko bileran, erabaki du tramitatzeko onartzea, osoko bilkuran eztabaidatzeko, Euzko Abertzaleak–Nacionalistas Vascos, Eusko Alkartasuna eta Mistoa–Ezker Batua/Izquierda Unida/Berdeak legebiltzar–taldeek egindako LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA, eta agindu du Eusko Jaurlaritzari bidal dakiola eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Legebiltzar–taldeek, Legebiltzarrean indarreandagoen Araudiko 160.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz, zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, argitalpen hau egin eta hurrengo zazpi egun baliodunen barruan, Mahaiari idazki arrazoitua bidaliz.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Juan M.ª Atutxa Mendiola.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiari.

Xabier Ormaetxea Euzko Abertzaleak–Nacionalistas Vascos Legebiltzar Taldeko bozeramaileordeak, Rafael Larreina Eusko Alkartasuna Legebiltzar Taldeko bozeramaileak, eta Kontxi Bilbao Mistoa-–Ezker Batua/Izquierda Unida/Berdeak Legebiltzar Taldeko bozeramaileordeak honako legez besteko proposamen hau aurkezten dute, Euskal Administrazio publikoan software askea garatzeari buruz.

Zioen adierazpena:

Teknologiaren garapena etengabea da, gelditu ezinezko bilakaeran, eta honek egoera berrietara egokitzera behartzen gaitu, hala nola software librearen sorrera eta garapenera, software hau gaur egun aukera baliagarria baita programa edo sistema eragileak eskuratzeko baimenak erosi beharrari aurre egiteko, bai eta erabiltzaileak programa edo sistema eragile desberdinak bere beharretara egokitzeko aukera ere. Software librea edo "open/free" software-a, hain zuzen, software–a erabiltzeko baimen-–modu bat da, zeinetan erabiltzaileek programa informatikoak exekutatu, kopiatu, banatu, aztertu, aldatu eta hobetu baititzakete.

Honek ez du, inondik ere, software–a merkataritzaren esparrutik ateratzen, eta aldi berean aukera ematen du zeregin berezietarako kanpoko enpresak kontratatzeko, hala nola administrazioaren teknikarien formazio eta garapenerako, eta hori lagungarri da tresna informatikoen erabiltzaileak tresna horien garatzaile izan daitezen, eta ez erabiltzaile soilak.

Software librea balia daiteke, ez bakarrik programa informatikoetan, baita ere gaur egun indar betean diren eta etorkizunean ere izango diren alorretan, hala nola interneteko zerbitzuetan. Hauetan beste zenbait alor ere hartzen ditu, hala nola interneteko protokolo libreek ekarri dituzten informazioa zabaltzeko zerbitzuak. Protokolo hauek datuak zabaltzeko erabilitako "lengoaia" dira, eta, horrenbestez, interneten eskainiriko zerbitzu guztien onarri. Interneteko esparru honetan software librearen ikuskera honek jabedun software–aren ikuskerak baino kostu txikiagoa eskaintzen du, eta, aldi berean, erabilgarritasun eta fidagarritasun handiagoak.

Hori guztia dela eta, baiezta dezakegu Euskal Administrazio publikoan software librea erabiltzeak zenbait onura lekarkigukeela, hala nola herritar guztiek informazio publikoa eskura izatea, datu publikoak era iraunkorrez gordetzea, administrazioan segurtasuna bermatzea, diru–kostu txikiagoa eta hizkuntzen aldetik ere egokitze lasterrago eta merkeagoa.

Labur esanda, software–aren ekoizpenaren esparruko garapen teknologikoaren adierazpen berria dugu honako hau, gero eta herritar gehiagok erabiltzen duena; herritar hauek eskubide osoa dute bai informazioa nahi duten sistema, programa edota plataformaren bitartez kontsultatu edota igortzeko, bai eta eduki oro nahi duten hizkuntzan kontsultatu ahal izateko ere. Hala, ezagutzaren gizarteak eta bere edukiek garapen handiagoa izan dezakete.

Hori guztia kontuan hartu, eta osoko bilkuran eztabaidatzeko aurkezten dugu honako LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA "Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio behar diren azterlanak egin ditzala administrazioan software librea sartzeko plan bat abiarazteko, eta berma dezala sistema informatiko guztiak software libreko sistemekin bateragarri izatea, hala herritar orok administrazioarekiko harremanetan nahi duen software–a erabili ahal dezan".

Erantzun

Sartu