Bilboko Cafe Bilbaok antzerki testuen lehiaketa antolatu zuen lehenengo bider iaz. Aurtengo irabazleen artean dago Kepa Gallego izen berezia duen obra batekin: sexua.org.asmoa.
Epaimahaikideek kontuan hartu dituzte lanen originaltasuna, literatur kalitatea eta antzezteko erraztasuna; hau da, ikuskizuna eszenara eramateko aukerak.
Kepa Gallegoren lanak atentzioa deitu eta berarekin egon gara. www.sexua.org.asmoa dauka izena lanak, baina zerbait gehiago jakin gura izan dugu. Kepak antzezlanaren testua eta beraren gaineko informazio laburra bidali digu. kepa Gallegok ikasketa dramatikoak eginak ditu (ANTZERTI - William Leiton Jose Carlos Plaza Assumpta Serna). Antzezle lanetan leku dezentetan ibili da, hala nola, Geroa antzerki taldean, Maskaradan, Karrakan, Sorginak-en, Bai Teatroan, Bordeleko Theatre Des Tafurs-en, Uzbekistaneko mayatnik-en, Decadracma-n... baina baliteke batek baino gehiagok ezagutzea telebistan ere jardun duelako. Egindako lanetan ateratako argazkiak ikus ditzakezu bere webgunean, hau da, www.kepagallego.com helbidean.
Gallegoren curriculum-ean ageri dira telebistarako zuzendutako saioak ere: Gure familia eta bestelako piztia batzuk, Goenkale, Ander&konpainia, teilatupean, metropoli eta kilker dema, esaterako.
Sexua.org.asmoa ez da berak idatzitako lehen antzezlana, tartean dira Olesen Aroa, Donibane, Gaueko ispiluaren atea, Olentzeroa, Eingo a Deu? etab.
Baina guri atentzioa deitu diguna sexua.org.asmoa izan da eta zertaz den galdetu diogu. Hona hemen haria Kepa Gallego berak azaldua:
Sexua.org.asmoa dibertitzeko asmo xumearekin idatzitako jostailu dionisiakoa da. Flash azkarrez osatutako puzzle sasi-erotiko-kaotikoa. Ia telegrama moduko antzezlantxoa dela esan genezake: motza, ustegabekoa eta, gehienetan, gogoa kentzekoa.
Izenburuak argi uzten duenez sexuaz mintzaten da, edo, hobeto esanda, sexu ezaz. Yeske, sexua praktikatzen ez dugunok, arrazoiak arrazoi, gai horri buruz irakurtzeko eta idazteko denbora ugari izaten dugu (eskua zer edo zertarako erabili behar).
Obraren pertsonaia batek bere buruari galdetzen dionez: - Txortan egiteko horrenbeste arrazoi baldin badaude... zergatik egiten dugu han gutxitan, ein?
Testu guztia irakurri gura duenak azpian du bere ordenagailura jaisteko moduan. Sariketaren gainontzeko irabazleak Bilbao Cafe-Bar-en webgunean daude.
Erantzun
Sartu