Teknologia albisteak
4

Soft librearen aldeko mozioa Nafarroako Parlamentuan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2002-11-28 : 19:11

PSN-k software librea erabiltzearen aldeko mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Extremadurako Linex proiektua eredutzat hartuz, eta Richard Stallman-en errerentziekin, hementxe duzue osorik, euskaraz, mozio hori.

Socialistas del Parlamento de Navarra Parlamentuko Taldeak ondoko mozioa aurkeztu du: “Mozioa. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da administrazioan software librearen erabilera hedatzeko plan bat abian jar dezan ”. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2002ko azaroaren 11n egindako bilkuran, erabaki zuen aurkeztutako mozioaren biderapena onestea, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea eta haren eztabaida eta bozketa Osoko Bilkuran egitea. Erregelamenduko 193. artikuluan ezarritakoarekin bat, Parlamentuko taldeek eta foru parlamentariek zuzenketak aurkezten ahalko dituzte, eztabaidari ekiteko bilkura-egunaren aurrekoaren eguerdiko hamabiak baino lehen.

Iruñean, 2002ko azaroaren 13an

Lehendakaria:José Luis Castejón Garrués

MOZIOAREN TESTUA

Socialistas del Parlamento de Navarra Parlamentuko Taldeak, Biltzarreko Erregelamenduan xedatuaren babesean, honako mozio hau aurkeztu du, Nafarroako Foru Administrazioaren esparruan software librearen erabilera hedatzeko plan bat abiaraztekoa.

Proposamenaren azalpena

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeratik aurrera, informatika pertsonalaren bilakaera uztarturik egon da, batetik, sistema eragileak eta aplikazioak sortu dituzten enpresa batzuen irabazi-asmoko ekoizpen profesionalarekin eta, bestetik, gizateriaren interesean eta irabazi-asmorik gabe zenbait aurrerapen erdietsi dituzten erabiltzaile-komunitateekin.

1984an Richard Stallmanek GNU Proiektua (GNU ’s Not Unix)sortu zuen. Haren helburua zen sistema eragile bat eta zenbait aplikazio sortzea eta erabiltzaileari askatasuna ematea hura kopiatu, aldatu eta birbanatzeko. Horren kariaz, besteak beste, Linus Torvaldsek Linux eratu zuen, hedapenik handiena lortu duen sistema eragile librea.

Gaur egun, software libreko lizentzien babespean garaturiko sistema eta aplikazio multzoa izugarria da, eta egunez egun hazten doa.

Software librearen abantailak dira, besteak beste, garatzaile-komunitate itzela izaten duela, akatsen bila aplikazioak aztertzen dituzten erabiltzaileen komunitate halaber itzela dagoela, garapeneko hutsegiteen berri emateko eta haientzat soluzioak aurkitzeko gardentasun handiagoa dagoela, kostua askoz ere txikiagoa dela eta, jakina, irekitasun teknologikoz jokatzen dela, zeinak bermatzen baitu ez dela enpresa zehatz batekin bizitza guztirako loturarik izanen;hori dela-eta, softwarea garatu eta ezartzeari dagokionez lehiakortasuna sustatzen du.

Hala eta guztiz ere, oro har, mundu zabalean barrena, administrazio publikoak izan ohi dira korporazio handien bezero nagusiak. Eta, begi-bistako arrazoiak direla-eta, korporazio horiek monopolioa izaten dute jomuga. Kontraesan gisa agertzen da hain zuzen ere administrazio publikoa izatea soluzio pribatu eta ez-independenteetan sinesten duena, noiz eta aukera duenean, kostuak murriztu ez ezik, esparru publikoetan (unibertsitateak, berrikuntza-zentroak, transferentzia teknologikoko bulegoak eta abar)izandako garapen asko aprobetxatzeko ere.

Ekimen asko agertzen hasi dira administrazioetan software librearen erabilera sustatzeko.Horrela, Mexiko D.F.ko gobernuak iragarri du Linuxen oinarrituriko software librea ezartzeko asmoa duela ( erreferentzia ).

Pixkanaka, software librea Amerikako beste herri batzuetan ari da ezartzen;adibidez, Peru, Argentina eta Brasilen. Xede dute Estatu Batuekiko daukaten mendetasun teknologikoa murriztea. Geografikoki hurbilago, Extremadurako Juntak Linex proiektua abiarazi du ( http://www.linex.org ), eta horrela, Linuxeko bere banaketa propioa sortu du, administrazio horren beharrizanetara egokitua. Europako Batasuna ere tinko ari da software librearen garapena eta erabilera sustatzen.

Argudio horiek guztiek balio berbera daukate gure lurraldean, Nafarroako Foru Komunitatean; horregatik, honako erabaki-proposamen hau aurkezten dugu:

  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hiru hilabeteko epean abian jar dezan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren esparruan software librearen erabilera hedatzeko plan bat.
  • Plan horrek pixkanaka heldu beharko dio gaur egun erabilitako software jabeduna foru administrazioko sistema guztietan software librearekin (open source) ordezteko eginkizunari, bai zerbitzarietan (datu-baseak, web, posta eta abar) bai lan-guneetan, hala foru administrazioaren barne inguruneetan nola kanporagoko inguruneetan (liburutegi publikoen sarea edo ikastetxeak kasu).

Iruñean, 2002ko azaroaren 5ean Eleduna:Juan José Lizarbe Baztán

Erantzunak

Sustatu
2002-11-29 : 11:34

Barrapunton ere azaldu da albiste hau, komentario batzuekin.


Euskarazko testu horri dagokionez, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa da.


Code & Syntax
2002-11-29 : 13:57

Atzo inauguratu zen, prezeski, Nafarroako administrazioaren atari ofizial berria: www.cfnavarra.es


Itxura batean Microsfot-en Content Management Server softwarearekin egina dago, eta IIS 5.0 zerbitzariaren (hori ere MS) gainean dabil


Eta ez da ikusten Mozilla-rekin.


Code & Syntax
2002-12-02 : 15:55

PSNren gunea ere Microsoft softwarearen gainean dabil, antza, IIS zerbitzariarekin eta Windows 2000 sistema eragilearekin.


Horrez gain, PSN-PSOE.ORG oso gune zaharkitua da (azken albisteak 2000. urteko udaberrikoak dira), estatikoa guztiz, eta "eraikuntzak eta berrikuntzak" iragartzen ditu etorkizunerako. Ez dakigu, zehatz, noizko.


Gari
2002-12-03 : 09:43

Honako lehiaketa publikoa atera du Gasteizko Udalak:


Adquisición de software microinformático de Microsoft Office Profesional y Standard XP Spanish para el Ayuntamiento de Vitoria - Gasteiz


Informazio gehiago Gulazaleen webgunean (Arabako Linux erabiltzaileen taldea)


Erantzun

Sartu