Atzo, azaroaren 19an, arratsaldeko 19:30etan Altzako Casares Kultur Etxean Fermin Muguruza eta Josu Landaren arteko solasaldi publikoa entzuteko prest bildu ginenok, pozik atera ginela uste dut. Ni bai, behintzat. Ferminek galdetu eta Josuk erantzuten saiatu zen "Odolbildua" eleberriari buruz.
Hasieran, Ferminek esan zuen Odolbildua-ren etengabeko erreferentzia denbora zela eta, gainera, galdetu zion nolatan pasa dituen 20 urte ezer publikatu gabe.
Josuk erantzun zion ez zela inoiz literaturaren mundutik aparte ibili. "20 urte pasa ditut argitaratu gabe, baina ez idatzi gabe. Zaila egiten zait idaztea. Ezin dut egunero idatzi. Agian ohiko bizimodu okupatuegia dudalako".
Beste momentu batean, Ferminek esan zuen eleberria "oso zinematografikoa" zela eta ea zer aktorekin egingo zuen filmea. Hona hemen Josuren erantzuna:
"Bereziki maite dut Mentxuren pertsonaia, badaukalako ezagutu eta asko aportatu nauten pertsona batzuren elementu asko. Filmarena aipatzen duzula, Mentxuren papera Jessica Lange-ri emango nioke. Asko inpresionatu ninduten Zinemaldian egon zenean egindako adierazpenak. Gainerako aktoreen inguruan, produktorea zu bazara, ez nizuke aholkurik emango".
Ferminek Unax Ugalde proposatu zion eta Josuk: "Unax Ugalde, ez. Nire iloba batek mania handia diolako".
Ferminek esan zuen, hasiera batean, kostatu zitzaiola liburuan sartzea, liburuak harrapatzea, baina iritsi zela momentu klabea, esaldi klabea: "Santos atxilotu dute". Hortik aurrera asko gozatu duela liburua irakurtzen.
Boxeoaren inguruko kontuak ere aipatu zituzten eta argi geratu zen aretoan "boxeo aditu" iaioena Muguruza zela.
Sinesgarritasunaren inguruan ere bota zituen iritzi batzuk Landak berak: "Besteak beste, asmatuak diren gauzak sinesgarri egitea da literatura. Askok aurpegiratu didate 50. hamarkadan ezinezkoa zela Mentxu bezalako pertsona bat Portugaleten".
Hizkuntzari buruzko galdera bota zuen entzule batek eta Josuk: "pertsonaiak ez dira euskaldunak. Euskaraz hitz egiten dute, nik idatzi dudalako nobela. Txasko handiena hartu dut jende askok bota didalako nobela ez dela sinesgarria. Eta honela ulertu nuen zergatik eleberriak kokatzen diren Parisen, Lisboan, etab."
Josuk hitz egin zuen ere nola laupabost lagun dituen inguruan eta haiei pasatzen diela idatzitakoa. Besteek ere antzeko-parezido egiten dutela. "Erdi sado-masokista taldea gara. Gure artean egurra ematen diogu elkarri. Nik problema bat daukat, ez baitut distantzia minimorik hartzen liburua epaitzeko". Nobela hau idazteko laupabost urte pasa dituela esan zuen Josuk. "Ezin dut laupabost karpeta mentalki irekita mantendu. Oporrak aprobetxatzen ditut, urtean zehar asteren bat?"
Ferminek, berriz, esan zuen nola musika munduak sortzeko prozesu hori ez den ematen. "Musikariok ez dugu hori egiten. Ez dago zuzentzailerik aldamenean. Inork ez dizu esango egin duzun lan hori kaka bat dela, zeren, bestela, amildegitik behera zoaz. Hor dago produktorearen lana, beti laguntzen, animoak ematen, zure lana bideratzen".
Eta hara zer esan zuen Landak: "Kultur disziplinen artean dagoen diferentzia ere badago hor. Gainera, badago faktore bat: industriari buruzko hurbiltasuna. Mutur batean: zinea, % 98a da industria. Beste muturrean, industriatik gutxiena duena, literatura da. Eta erdian dago musika".
Eta hortxe bukatu zen bi sortzaile hauen arteko hizketaldi publikoa.
Erantzun
Sartu