Teknologia albisteak
1

Euskaldunak eta erdaldunak: datu soziopolitiko interesgarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2002-11-19 : 10:11

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta bat kaleratu zuen azaro hasieran: EAEko hizkuntz gaitasuna eta asmoak. Oso oso inkesta interesgarria. EAEko euskaldunen portzentaia %28an dagoela dio inkestak. Horrez gain, euskaldunen eta erdaldunen asmo eta iritzi politikoen gaineko desberdintasunak ere argitaratu dituzte. Baina bildu dituzten datuen artean, argitaragabeak oraindik interesgarriagoak ote diren susmoa ere badut.

Azaroaren hasieran azaldu zen berria prentsan, baina ez zuen oihartzun edo jarraipen handirik izan. Gainera, argitaratu zen unean, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak ez zuen inkestaren txostena bere webgunean kargatu. Bi asteren buruan kargatu dute txostena, eta handik jaitsi dugu orain.

Inkestaren txostena hemen daukazue PDF batean (adi, 1.4 Mb-ko fitxategia).

Hizkuntz gaitasunaren inguruko datuak datoz (Ulermenezko, ahozko, idatzizko eta irakurriko gaitasunak, euskaraz; Elebidunen hizkuntz gaitasun erlatiboa; hiztunen topologiak...), eta gero, lerro sozioekonomiko eta soziopolitikoen arabera ere galdetu zuten. Euskaldunak eta erdaldunak, nola banatzen gara, adibidez, ikasketa mailaren arabera edo erlijiotasunaren arabera? Erantzunak inkestan datoz.

Kabineteak berak ondorioztatzen duenez, euskaldunek erdaldunekin alderatuta, honako ezaugarri bereizgarri hauek adierazten dituzte:

  • Ikuspuntu soziodemografikotik, euskaldunen artean proportzio handiagoan agertzen diren ezaugarriak, ondokoak dira: elkarrizketatuak eta euren gurasoak bertakoagoak; ikasketa maila altuxeagokoak; ikasleen proportzio handixeagoa; erlijiotasunaren ikuspuntutik indiferente/ agnostiko edo fedegabekoak zertxobait ugariagoak; azkenik, prentsa kontsumo altuagoa.
  • Ikuspuntu soziopolitikotik gailentzen diren euskaldunen ezaugarriak, hauek dira: politikarekiko interes maila handiagoa eta alderdi politikoekiko urruntasun zertxobait baxuagoa; euren burua ezkertiarrago eta nagusiki Euskal Herrikotzat jo; eta Euskadiko independentziaren aldeko proportzio eskatzen dena. Erdara hutsean ekintza horiek nahiko lituzketenak gutxiengoa bada ere, ahaztu ezinezko multzoa da.

Alderdi politikoen inguruko galderak ere egin ziren inkestan. Boto-oroitzapena galdetu zitzaien inkestatuei. Eta gero, botoaren datu hori bi estatistikatan agertzen da bakarrik, galdera hauekin erkatuta:

  • Etorkizunean zein hizkuntzatan egin beharko litzateke zure lurraldean?
  • Seme-alabarik baduzu edo bazenu, eskolan zein hizkuntza eredutan nahiko zenuke ikastea?

Baina alderdiak ez dira beste inolako erkaketan agertzen. Hortaz, inkesta prozesatu dutenek jakingo dute alderdi-talde bakoitzean zenbat diren euskaldun eta zenbat erdaldun, edo alderdi bakoitzeko euskaldunen artean, gaitasunaren araberako grafikoa... Tamalez, datu eta grafiko horiek ez dituzte argitaratu.

Hori bai, euskaldunak erdaldunak baino independentistago garela bai, honekin gehitutako irudian ikus dezakezuen bezala.

Erantzunak

Edurne Maiza
2002-11-22 : 10:35

Erantzun

Sartu