Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal hiztegiak auzitan

Joxe Aranzabal
2002-11-18 09:11

Oso nabarmena da Sebero Altuberen eragina euskara hiztegietan: definizio gehienak atzekoz aurrera eratuta daude, beti ere muina azkenerako gordetzen dela. Horrek ilundu egiten du ulermena eta garestia da, komunikagarritasunaren ikuspegitik.

Ez da berdin gertatzen beste hizkuntza batzuetan, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez esate baterako, non esaldiak hurrenkera logiko batean eratuta baitaude: definizioaren muina hasieran eta elementu osagarriak ondoren. Ikusi bestela adibide hauek:

  • Cocer. Cocinar un alimento crudo, sometiéndolo a la acción de un líquido en ebullición.
  • Cuire. Preparer les aliments par le feu.
  • Boil. To generate bubbles of vapor when heated.
  • Egosi. Dirakien isurkari batean (bereziki uretan) edukiz, zerbait, batez ere jateko gaiak, prestatu.

Lehen hirurak ziztu bizian irakurtzen dira, erraz, modu komunikatiboan eratuta daudelako, lehenengo eta behin esaldiaren muina eta ondoren gainerakoak. Euskarazko definizioa, aldiz, astuna da eta azkeneraino ez dago jakiterik zer den, muina (zerbait prestatu), oso atzean dagoelako. Beste adibide bat:

  • Vergüenza. Sentimiento de turbación producido por alguna falta cometida o por alguna acción que se considera deshonrosa, humillante o ridícula.
  • Honte. *Sentiment pénible, venant d’une faute commise ou de la crainte du déshonneur.*
  • Shame. A painful emotion caused by consciousness of guilt, shortcoming or impropriety.
  • Lotsa. Ohorea galtzeak, egin hutsak, hartu den irainak, edota herabetasunak sortzen duen sentimen mingarria.

Gaztelaniaz (sentimiento de turbación), frantsesez (sentiment pénible) eta ingelesez (a painful emotion), muina aurre-aurrean dago. Euskaraz, berriz, begira non dagoen sentimen mingarria, bukaeran. Beste bat:

  • Campo. Tierra laborable o conjunto de terrenos cultivados.
  • Terre. Ëtendue limitée de surfaces cultivables, considerée comme object de possession.
  • Field. An area of cleared enclosed land used for cultivation or pasture.
  • Sail. Ereiteko nahiz zerbait landatzeko egokitu eta prestatzen den lur zatia.

Hemen ere errepikatu egiten da lehen esandakoa: euskarazko definizioa askoz ere ulergaitzagoa da besteak baino. Zoritxarrez, ematen du euskaldunok beti egin behar ditugula gauzak besteek baino zailago.

Xabier Alberdi EHUko irakasleak honela dio Euskal Estilo Libururantz eskuliburuan: “Begien bistan dagoenez, halako egitura edo hurrenkerak (…) oso astunak gerta dakizkioke irakurleari, zeren amaierara iritsitakoan bakarrik izan daiteke irakurlea gai ordura arte irakurritakoa informazioaren harian kokatzeko: testua berrirakurtzera behartzen dugu irakurlea horrelako egituren ondorioz”.

Mitxel Kaltzakorta HUHEZI fakultateko irakasleak ere landu du gai hau behin baino gehiagotan Administrazioa Euskaraz aldizkarian. Baita Edorta Españak ere, aldizkari beraren 20. zenbakian.

Nola eratu definizioak euskaraz

Baina ez dugu zertan segitu horrela sekulako eta betiko. Goian ikusi ditugun definizioak, eta euskal hiztegietan agertzen diren gehienak, beste modu batean antola daitezke, errazagoa irakurtzeko eta, batez ere, ulertzeko. Hona hemen Mitxel Kaltzakortak berak nola idatzi dituen lehen ikusi ditugun euskarazko definizioak:

  • Egosi. Prestatu zerbait, batez ere jateko gaiak, isurkari baten irakiten dagoela.
  • Lotsa. Sentimen mingarria (da), sortzen dena ohorea galduta, huts eginda, iraina hartuta, edota herabe izanda.
  • Sail. Lur zatia (da) egokituta edo prestatuta (dagoena) ereiteko nahiz zerbait landatzeko.

Definizio hauek samur ulertzen dira, argiak dira eta komunikatiboak oso, hurrenkera logikoan antolatu direlako.

Gaur egun hamarretik gora euskara hiztegi ditugu merkatuan, adin eta maila guztietako jendearentzat. Lan eskerga eta txalotzekoa zenbait adituk eta euskaltzalek egin dutena. Baina denak daude modu nekagarrian eratuta, komunikazioari dagokionez.

Ez badugu errotik aldatzen komunikatzeko modua, gertatuko zaigu Jesus Rubiok Euskararen Garabideak liburuan adierazi zuena: “Esan nahi dut, hain zuzen ere inguru batean bi hizkuntza badaude (bertako hiztunek bi hizkuntzak ezagutzen badituzte) eta horietariko batean mezu korapilatsuak kodifikatu zein deskodifikatzea bestean baino esanguratsuki gutxiago kostatzen bada, orduan epe luzean kostu esanguratsuki txikiagoak dituen hizkuntza hori erabiltzen amaituko dela Herria (lehenik halako perpaus korapilatsuagoak beharrezkoagoak diren inguru funtzionaletan eta azkenik inguru guztietan ere)”.

Alegia, denok amaituko dugula erdaraz hitz egiten, argiagoa eta ekonomikoagoa delako.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu