Teknologia albisteak
1

Helduen euskalduntze-alfabetatzearen “krisia”

Erabiltzailearen aurpegia
Josu - Basarteko Udal Euskaltegia
2002-11-11 : 10:11

Azken asteotan,euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldian eta duela hamabost bat egunetik hona, guztion ahotan dago Helduen Euskalduntzea. Hala ere, bakoitzak komeni zaiona esan du eta askoz ere erabakigarriak izango dira isildu direnak.

Irakurtzen jarraitzen baduzu, agian, "krisi" hau ulertzeko gako bat edo beste aurkituko duzu.

Esan direnak

Matrikulazioaren beherakada

Euskara ikasi nahi duten helduak gero eta gutxiago dira, datuei erreparatu baino ez dugu egin behar horretaz jabetzeko. Zergatik, ordea? Kultura Sailburuak ba omen daki: “D” ereduan matrikulatutako umeak gero eta gehiago izanik, hezkuntza sistemak bermatzen du gizartearen euskalduntzea. Zenbat eta euskaldun gehiago ekoitzi eskoletatik, orduan eta gutxiagok joan behar izango dute euskaltegietara euskalduntzera. Pozgarria izango litzateke egia izango balitz. Benetan uste al du sailburu-euskaltzainak “D” ereduan ikasitako gazte guztiek (edo gehienek, behintzat) euskara maila ganorazkoa lortzen dutela? Eta “B” eredukoak? Eta “A” eredukoak? Gauza batean denok ados gaudela uste dut. “D” ereduaren gorako joerak zer edo zer erakusten badu,honakoa da: baita guraso erdaldunen artean ere, seme alabak euskaraz matrikulatzeak “plus” bat daukala, nolabait, egin beharreko gauzatzat ulertzen duela gizarteak. Urtero-urtero administrazioak berak diru mordoa xahutzen du (zentzurik onenean) umeak “D” ereduan matrikula ditzaten gurasoak konbentzitzen. Kirolari famatuak, kazetari-izarrak... kontratatzen ditu telebistako iragarkietan zein egunkarietako orrialde osoetatik azal diezaguten zein harro dauden seme-alabak euskaraz ikastera bidali dituztelako. Oso ondo. Orain, esango dit norbaitek ea gogoratzen duen helduak euskara ikastera bultzatzeko kanpaina instituzional bat, sikira bat, noiz egin den? Nik, behinik behin, ez dut bat ere gogoratzen. Oraindik harritzen naiz ikasleren bat, heldua bera, behar ez duen arren eta urtean dirutza kostatzen zaion arren euskara ikastera ausartzen denean.

Publikoa eta pribatua

Duela aste batzuk, prentsaurreko bitxi batean aspaldian entzuten den leloa errepikatu zuten zenbaitzuek. Alegia, euskaltegi pribatuek ikasle gehien eta dirulaguntza gutxien dutela eta euskaltegi publikoek ikasle gutxien eta dirulaguntzarik gehien. Bitxia da ondorio berera heltzea HABEko zuzendaria eta euskaltegi pribatuen ordezkariak. Dena den, ez genuke jantzirik urratu behar, gauza bera gertatzen da osasunarekin ere, esaterako. Ez al da merkeagoa administrazioarentzat klinika pribatuko ohea ospitalekoa baino? Ez al da garestiagoa gaixoarentzat klinika pribatuko ohea ospitalekoa baino?

Esaten ez direnak

Benetan, ez dakit hiritar arruntak jakingo duen, eta ez dakit hiritar arruntari zer irudituko litzaiokeen, baina ba al dakizue edozein euskaltegik HABEk markatzen dion ikasle kopurua baino gehiago ezin duela hartu? Honi “neurriraketa” deitzen zaio eta erraz azalduta, zera esan nahi du: Basarteko Udal Euskaltegiak, demagun, 25 ikasle talde dauzka egunean ordu biz euskara ikasten. Udal euskaltegi horrek lortzen du herriko eskolako guraso talde bat, edo herriko entrepresa handi batean langile talde bat eta zer gertatzen da? Lehen erantzun posiblea: HABEk zorionak ematen dizkio zuzendariari herria euskalduntzen burututako lan eskergagatik eta laguntza osoa eskaintzen dio. Bigarren erantzun posiblea: HABEk adierazten dio eskolako edo entrepresako talde bat hartu nahi badu, lehen zituen 25 taldeetatik bat kendu behar duela (ikasleak kalean utzi behar dituela, alegia) euskaltegiak 25 talde baino gehiago ezin duelako eduki. Gainera, euskaltegiak/udalak talde horiek bere kontura hartuko balitu HABEk isuna (sic) jarriko lioke. Ez duzu asmatu, erantzun zuzena bigarrena da; izan ere horixe egiten baitu HABEk. Eta ez dakizue zelako aurpegia geratzen zaizun ikasle talde bati esan behar diozunean HABEK ordaintzen ez duenez eta Udalak ere dirurik ipini nahi ez duenez, ba, hori, zera...ezin dutela gure euskaltegian euskara ikasi...

Etorkizuna

Hamar-hamabost bat urte izango dira ordutik, baina orduko Jaurlaritzako Kultura Saileko “buru” batek adierazi zuen komunikabideetan helduen euskalduntzeak ez zuela merezi horretarako xahutzen zen dirutza. Bere garaian adierazpenok hautsak piska bat harrotu bazituzten ere, nago horixe izan dela betidanik administrazioaren ustea baino sinestea. Bestela ezin uler liteke urteotako helduen euskalduntzea berez hil dadin uzte hau. Helduen euskalduntzeak krisia bizi duela argi dago. Dena den, etorkizuna zein izango den geure eskuetan dago, eta hau ez da topiko bat. Aukera bikoitzaren aurrean gaude, beti bezala. Benetan gizartea euskaldundu nahi dugu? Erantzuna baiezkoa bada, bitarteko publiko eta pribatu, gogo, jende eta behar dena jarrita lortu egingo dugu, dudarik gabe; baina, hori bai, zinez sinestuta. Erantzuna ezezkoa ere izan daiteke; ez duela merezi, alegia. Dirutza joaten dela horra, beste arlo askotan beharrezkoa dena. Edo beste hark esan zuena: “Loro viejo no aprende a hablar”. Edo harako besteak: “No se euskera ni pienso aprenderlo”. Erantzuna ezezkoa balitz -ez duela merezi- baten batek eduki beharko luke eduki behar duena -eta ez daukana- eta ,mozorroa erantzita, gizarteari argi azaldu zer eta zergatik. Hirugarren aukera da ikaratzen nauena: Erabakiak hartu behar dituztenek ez duela merezi uste eta sinistu arren ez daukate eduki behar dena eta ondorioz, ez dute inoiz hori pentsatuko dutela onartuko; beraz, “sektorea krisitik ateratzeko” beita gozoz estalitako amu ederrak botako dizkigute, hitz eder eta potoloak: teknologia berriak,ciber-gela, auto-ikaskuntza, ikaslearen auto-nomia, auto-... Enfin, Donostia edo Gasteizko bulego moketatu ren batean Helduen Alfabetatzea eta Euskalduntzearen amaiera erabaki badute ere, zuek lasai, Europako sudur handienen herria izango gara eta.

Erantzunak

Angel Bidaurrazaga
2002-11-11 : 18:44

Helduen euskalduntzea eta euskararen inguruan sortutako eredu aipagarriena, hau da Txepetxek sortutakoa ohiartzun eskasa izan du Euskal Herrian eta are gutxiago agintarien artean. Nik dakidala, Bilboko Zenbat Gara elkartea da ain zuzen, bere eredua jarraikiz gizartea euskalduntzen ari den ekimen emankorrena, behintzat Bizkaia aldean.

Euskaldunok gure guneak behar ditugu, elebakarrak, hurbilak. Ikuspegi soziolinguistikotik eraikiak, sustatu.com bezelakoak. Ez administraritzan gertatzen den moduan, EGAdun bat erdaldunez inguraturik, edo UPVn gertatzen den moduan diglosia ingurunean irentsitako euskal irakasle askoren egoera.

Euskal gune sendoak behar ditu euskarak, erakargarriak, erdaldunak erakartzeko euskararen mundura, ez orainarte egin den bezala. Eraikin batean, telefonista eta lehiatilako bi euskaradunak izan, eta beste guztiak jai. Eredu hori ez garamatza inora.

Erantzun

Sartu