Ikasketa birtualak hobeto ezagutzen
Mintegia Donostiako Miramar jauregian izan zen. Gai horretan ba omen dago erreferentzia distiratsu bat unibertsoan: Universitat Oberta de Catalunya-ren erreferentzia (UOC). UOC-en ordezkari nagusietako bat etorri zen Donostiara, jarduera akademikoetarako errektoreordea. Hark esanak interesgarriak izan ziren, baina gauza gehiago ere bai.
Apunte batzuetan hartu nituenak.
- Kakoa, metodo sendo bat da. Proiektu pedagogiko bat, borondatea, eta metodoa (irakaskuntza metodoaren zentzuan, eta antolakuntza sendo edo metodikoaren zentzuan).
- Azpiegituran, behar den oinarri informatikoa nahiko definitua dago.
Bigarren puntua nahiko ondo deskribatu zuen Iñaki Goirizelaiak EHUko Kanpus Birtualeko eredu teknologikoa azaldu zuenean, nere ustez (nere gustorako, bideoari gehiegizko garrantzia emanez). Baina hala ere, lehen puntua, metodoa, da giltza dudarik gabe. Alde horretatik, Josep Coll UOCekoak teknologiaren ñabarduretan sartu barik azaldutako UOC-en eredua oso ona iruditu zitzaidan.
Erakusketa bat ere bazegoen, eta han Euskal Herrian martxan dauden zenbait produktu ikusi genituen.
- HABEren irakaslearen guneak UOC-en teknologia erabiltzen omen du, baina, egiazki, berez, Word dokumentuak trukatzeko mezularitza batetik harantzago ez nion bestelakorik ikusi (hala ere, horren antzeko zerbaiten gainean eraiki badute UOC, lehen nioenagatik izango da, metodo eta borondate argi bategatik).
- Eusko Ikaskuntzak, haren Asmoz fundazioaren bidez, ematen dituen e-ikaskuntzako masterren inguruan, ezer asko esan. Sistemak azpian izan zezakeen funtsa non zegoen ikusterik ez nuen izan, edo ez zidaten azaldu.
- Santurtziko Udal Euskaltegiaren Gela Irekiak gorago esan dudana adierazten du ederto: posta-elektronikoa eta HTML orri arruntak baino apenas gehiagorekin, proiektu interesgarri bat osatu dute, ia teknologiarik gabe, baina borondate metodiko argi batekin dihardute.
- Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko online ikastaroez, berriz, funtsa eta teknologia, benetan uztartuta dituztela esango nuke. Plataforma sendo eta ondo pentsatua daukatela ikusten da, fakultateak berak Ihardun enpresarekin egina.
Eta UEU bera zertan dabil honetan? Ba itxura batean UOC-ekin aliantza estrategikoren bat jorratu nahian, tartean Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa lotzeko eginahalak direlarik... Eta ez dut honekin sekreturik hausten, Josep Coll UOC-ekoak berak halaxe esan zuelako Egunkarian larunbatean argitaratu zioten elkarrizketan.
Erantzunak kargatzen...