Kolore bila zure negoziorako?
Badago kolore egokirik negozio jakin batentzat? Gero eta enpresa gehiagok koloreak erabiltzen dituzte, eta hauei darien zirrarak, bereizteko antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetatik.
Orain zenbait urte Benetton enpresak kanpaina bat abiatu zuen, non azpimarratzen baitzuen abantaila bat bere lehiakideen aurrean: tindatzen zituen bere arropak, prestatu eta gero. Xehetasun tekniko hartatik sortu zen esaldi bat, United Colors of Benetton, laburbiltzen duena enpresaren filosofia kolore askokoa.
Orain ehun urte baino gehiago Finantial Times egunkariko sortzaileek aukeratu zuten sepia kolorea bere paperarentzat, zuria garestiegia ateratzen zitzaielako. Diruak eragindako erabaki hura bihurtu da, denborarekin, FTren eta egunkari ekonomiko gehienen marka irudia, ia guztiak kolore horretan argitaratzen dira eta.
Hona hemen bi adibide, erakusten dutenak koloreak zer garrantzi duen marka lantzeko orduan. Enpresa bateko bezeroek hizkuntza eta ohitura oso desberdinak dituzten honetan, koloreak bihurtu dira esperanto komertzialak. Ez da elementu bakarra, baina kolorea ezinbesteko elementu bihurtu da marka baten nortasunean eta publizitatean. Ez da txiripa: haurtzaindegietan umeek ikasten dute koloreak uztartzen, horrek erraztu egiten baitu oroimena.
Koloreak inguruko enpresetan
Lortzen baduzu jendeak lotzea zure enpresaren izena kolore bakar batekin, aurreratuko duzu diru mordoa publizitatean eta emango duzu azalpen askoz gutxiago, zeren koloreak sentsazioak pizten baititu eta, azken batean, horrek mugitzen baitu jendea.
Begira nola jokatzen duten telefono enpresa hauek: Telefonicak kolore urdina aukeratu du, egonkortasuna eta heldutasuna adierazteko. Vodafonek, aldiz, gorria nahiago, gaztetu nahi du-eta bere irudia. Euskaltelek, berriz, laranja egin du bere, kolore distiratsu, atsegin eta beroa, adituen iritziz. Harrigarria bada ere, orain arte laranja zen produktu merkeen kolorea; gaur, ordea, boladan dago, bereziki Euskal Herrian.
Heineken garagardoak gogor egin du berdearen alde, kristalezko botila askoren kolorea. Eta zein horiagoa Espainiako Correos y Telégrafos enpresa baino? Ez du zerikusirik, hala ere, Freixenet konpainiaren urre korporatiboarekin. Azken honek luxua adierazi nahi du kolore horren bitartez.
Baina bada, ortzadarrak bezala, denetik apur bat duenik ere. Konparazione, Google bilatzailea. Eta ez da itsusia, alajaina!
Kolorearen zirrarak
Poetak aspaldi esan zuen: esadazu kolore bat eta berehala esango dizut triste ala pozik zauden. Izan ere, askotan izendatu ditugu sendimenduak koloreen bitartez. Gaur egungo marketinean ere, halako identifikazio bat egiten da. Hona hemen zenbait adibide.
- GORRIA: grina, gaztetasuna, kikitzapena, arriskua, sexua.
- URDINA: konfiantza, lasaitasuna, formaltasuna, armonia.
- HORIA: alaitasuna, argitasuna, adeitasuna, prezio ona.
- LARANJA: distira, bizitasuna, adimenaren jarduera, bateragarritasuna.
- BERDEA: izadia, oparotasuna, baretasuna, hausnarketa.
- MOREA: duintasuna, espiritualtasuna, erregetasuna.
- LARROSA: leuntasuna, segurtasuna, gozotasuna.
- ZURIA: garbitasuna, bakea.
- BELTZA: sofistikazioa, dotoretasuna, limurtzea, misterioa.
- URREA eta ZILARRA: ospea, luxua, hoztasuna.
Erantzunak kargatzen...