Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
Txakur ahulak arkakuso asko, esan ohi da. Eta hori gertatzen bide zait niri ere. Minbizia hartzea gutxi ez eta, jakinarazi berri didate ez didatela gida baimena berrituko, harik eta tratamendua bukatu eta hiru hilabete igaro arte.
Kimioterapian hasi eta bi aste igaro zirenean, jakinarazpen bat jaso nuen Trafiko Zuzendaritzatik, Madriletik, berritzeko gida baimena, oraingoa azaroaren 8a arte izango bainuen indarrean. Egun berean, beste eskutitz bat jaso nuen Oiz Zentro Psikoteknikotik, Durangotik, han egin nezakeela osasun ziurtagiria.
Argazkiak atera ordurako erabat burusoil nengoen, nortasun txartelaren fotokopiak egin eta joan nintzen bada Durangoko bulegora. Han Susanak hartu ninduen. Dena ondo, harik eta galdetu zidan arte ea botikarik hartzen ari nintzen. Baietz nik, xalo asko, kimioterapia hartzen ari nintzela. Proba guztiak egin eta gero esan zidan ezin izango zuela egin ziurtagiria, kimioaren kontuagatik. Bakarrik emango zidala ekartzen banuen Galdakaoko Ospitaleko medikuaren beste ziurtagiri bat, esaten gai nintzela beribila eramateko kimioa hartu bitartean.
Esan eta egin. Hurrengo astelehenean joan nintzenean Galdakaora, azaldu nion egoera medikuari eta paper bat egin zidan. Biharamonean berriz joan Durangora eta aurpegi luzeak. Bai, esan nizun ziurtagiria ekartzeko, baina harrezkero hitz egin dugu gure artean eta hobe izango da ez ematea. Bakarrik emango nizuke kimioterapia amaitu eta handik hiru hilabetera. Haserretu eta alde egin nuen, besterik esan barik.
Ez da logikoa
Ez, ez da logikoa zer egiten duten. Kimioterapia hartzen ari zarela indarrean baduzu gida baimena, ez dizute kenduko. Zuk erabakiko duzu noiz zauden gidatzeko moduan eta noiz ez. Hori bai, aldi horretan tokatzen bazaizu baimena berritzea, orduan berritu ez. Korehentzia falta zaio erabakiari, nire ustez. Kimioterapia hartzen ari den mundu guztiari kenduko baliote, onartuko nuke erabakia besterik gabe. Baina hau ezin nuen onartu eta beste ahalegin bat egin nuen.
Beste ahalegin bat, Gipuzkoan
Hurrengoan merezi duzue egia ez esatea esana nion Susanari Durangon. Eta horixe egin nuen nik ere. Bizkaian bidea itxita aurkituko nuelakoan, Eibarrera jo nuen beste zentro batera, gero paperak Donostiara bidaltzeko asmoarekin.
Joan eta dena primeran: nikia erantzi, auskultatu, galderei erantzun ari zara botikarik hartzen? Ez, nik, frogak egin eta hamar minuturen bueltan, esku artean nuen ziurtagiria. Egunean bertan kartazal batean sartu eta Donostiara bidali nuen, pozik bai pozik.
Atzo, berriz, jaso nuen erantzuna Donostiatik:
- No se puede proceder a la prórroga de vigencia del permiso de conducir del que es Ud. titular al presentar un certificado médico interrumpido en Vizcaya.
Izorra hadi. Gezurra esan nuen Getarin, ni baino lehenago zen atarin. Informatikari esker, jakina. Hemendik aurrera, eta tratamendua bukatu bitartean, gidari bat beharko dut batetik bestera joateko.
Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
Erantzunak kargatzen...